Urratsa
Hain beharrezkoa den deskonexio ariketa egin duzuenok agian ez dakizue oraindik, edo ez zehaztasun guztiz, urrats berri bat ematen hasi naizela. Irailaren 25ean EAEn izango diren Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko naiz, EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan bigarren tokian. Sakon hausnartu dudan erabakia da, kazetaritza pasioz, ilusioz eta gogoz bizi izan dudan lanbidea izan delako. Donostiako Herri Irratian hasi eta ETBn ondoren, neukan hoberena ematen saiatu naiz. Asko eman dit, era berean, ofizioak. Hasi lankide eta lagunetatik eta baita bizitzaren aurrean aldarte jakin batean aritzeko gaitasuna eta bidea ere.
ETB Euskal Herriko telebista nazionala izateko ametsean lan egin dut egunero, geure eredu propioa osatu nahian, gure herriko gizon emakumeak egiten dutena kontatuz eta, batez ere, gure herriko politikagintzari begira, inguruko herrialdeak betiere begi bistatik galdu gabe. Orain beste etapa bat hasteko prest naukazue, herritarren babesa jasotzen badut. Kazetaritzan bezala, azala uzteko prest nago herri honen alde; herria, herritarrak, une bakar batez ahaztu gabe.
Euskal Herriak une historikoa bizi du eta denbora galdu gabe (azken urteetan sarri errepikatu dut) prozesu soberanista bat jarri behar da martxan. Prozesu bat denok hobeto bizitzeko, zoriontsuagoak izateko, geure erabakien jabe izateko. Espainiak ezin du herri hau frenatu: hemengo legebiltzarrek onartutako legeak errekurrituz, murrizketak areagotuz, zorra handituz, langileen egoera gero eta gehiago prekarizatuz, pentsioak arriskuan jarriz, hilero-hilero kutxa hustuz. Langile publikoen ordutegia ere Espainiak erabakitzen du eta! Eta Espainiaz diodana Frantziako Estatuaz ere badiot. Berdin-berdin.
Eraiki behar dugu herri bat zientzialariak, matematikariak, ikertzaileak, filosofoak, musikariak, idazleak… Europako eta munduko maila gorenean egongo direnak. Gure unibertsitateek horretarako bide eman behar dute, inoren menpe egon gabe. Euskal Herriak sortu behar ditu Nobel saridunak.
Horretarako prestatuak egongo diren haurrak behar ditugu beraz; irakasleek behar dituzte medioak eta moduak hori egiteko. Behar ditugu mediku eta erizainak, modu hoberenean artatuko gaituztenak. Behar ditugu ondo ordaindutako langileak eta aberastasuna sortzeko bitartekoak ipiniko dituzten enpresariak, eta aberastasun hori era justuagoan banatu behar dugu. Eta hau guztia herria, lurra, ibaiak, ingurua zainduz. Aitzindariak izan behar dugu klimaren babesean.
Urrats berriak eman behar ditugu herri honen baketzean, guztiontzat egia, justizia eta erreparaziorako bidean.
Eta azala utziko dut herri hau aurre-aurrean jar dadin gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasun errealean. Esana dudan bezala ezin baitio herrialde batek bere buruari demokratiko izena jarri, emakumeok egunero pairatzen dugun desberdintasuna gainditzen ez badugu. Muturreko bortxazko jarrera guztiak salatuko ditugu, egunerokoak, ia oharkabean pasatzen diren horiek bezala.
Beste leku bat merezi du herri honek; denok gara beharrezko eta ni prest nago dudan hoberena emateko.




