Begi bakarra irekita
Ordurako banuen Olentzeroren sekretu handienaren berri. Garaia ere bai. Nire adineko lagunek urteak zeramatzaten niri sekretua kontatzen. Belarri izkinara hasieran eta kasik builaka gero, nirekin haserretzeraino. Eta nik beste aldera begiratzen nuen, horrela entzun nahi ez nuena entzungo ez nuelakoan. Ez nuen jakin nahi, baina banekien.
Amak esan zuen gau hartan anaiaren gelan lo egingo nuela nik. «Zergatik?». «Haatik». Anai-arreba txikiagoak beste gelara eraman zituzten lotara. Halako batean, erdi lo erdi esna nengoela, amaren mantal urdina ikusi nuen balkoiko atea irekitzen. Manta azpitik begira egon nintzen. Bizikleta urdin eder bat atera zuen balkoitik eta egongelara eraman zuen. Haserretu egin nintzen. Ez nuen ikusi nahi. Ja ezingo nuen beste aldera begiratu. Nekiena banekiela onartu beharko nuen. Ez nuen beste erremediorik.
Ordura arte, Olentzero nik nahi nuen bezalakoa zen. Kontatzen zidatenetik aparte, nik erabakitzen nuen nolakoa zen Olentzero eta urtero nola sartzen zen gure etxera. Burua maindire azpian sartu eta bere pausoak entzuten nituen, nire arnasa larrituak entzuten uzten zidan neurrian. Biharamunean, turroiari egin zion koskari begira-begira egoten nintzen, handik bere hortzen moldea eta DNA ateratzeko asmoa duenaren zorroztasun zientifikoarekin. Baina nire jokaerak gutxi zuen zientifikotik. Arrazoizko galderak bata bestearen gainean pilatzen bazitzaizkidan ere, ez nuen jakin nahi sekreturik handiena. Ageriko sekretua.
Antzeko sentitu naiz, Joseba Sarrionandiaren argazki berrituari begira. Batetik jakin-mina tiraka-tiraka. Beste aldetik, magia bizirik mantendu nahia tiraka-tiraka. Maindire azpian ezkutatuta bi begien partez bakarra agertzen duen umea bezala. Erdi ikusten dena ikusten ez dela sinetsita edo.
Sarriren lan bat nire eskuetara iritsi zen lehen unetik harrapatuta sentitu nintzen, mundua ikusteko eta deskribatzeko era berezi batek harrapatuta. Patxada, korapilo handiena hitz xumeenarekin agertzeko gaitasuna, jakinduria umila. Sarriren testu bat irakurri eta askotan sentitu dut hori esateko beste modurik ez zegoela. Hogeita hamaika urte ondoren agertu zait begien aurrera eta konturatu naiz sekula ez nuela pentsatu nolakoa izango ote zen. Ez nuen pentsatu ezta ilea urdindu ote zitzaion ere. Begiak ixten ditudanean ikusten dudalako Sarri, berak deskribatutako tokietan, berak kontatutako istorioetan, berak jositako hausnarketetan... Igual ez nuen ikusi nahi. Irudiaren sasoia den honetan ikusezin izaten asmatu duenaren askatasuna miresgarria iruditzen zait, erbesteratutako askatasuna hala ere. Espero dut ez diotela askatasun hori lapurtuko.

«Saltsa Nostra», falta pan para tanta salsa

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

Mirando a los ojos del pueblo saharaui
