Zu ere kirolzale
Durangoko Azokaren beroaldian kultura sukarrak harrapatuta, irakurketari ekin diogu, jaiegunak ere purra-purraka ditugula baliatuta. Egunotan jakin dugu, gainera, PISA txostenaren 2015eko emaitzek esaten dutela irakurmenean kaskar gabiltzala. Eredua bada ere erein behar, beraz. Ez dezala inork esan irakurtzen ez dugunik, eta, esaten badute, ariketarekin gezurtatu esanak eta esamesak. Zer demontre gero!
Aukera handia dagoenez formatuetan, elkarrizketak hartu ditut, eta gustua hartu diot, gainera, egundo oso gogoko izan ez dudan literatura mota honi. Egunkarietako elkarrizketak dira zehazki; kirol munduko jendeak batean eta bestean emandakoak zehazkiago...
Hara, Donostiako Anoeta futbol zelaiaren berritzearen inguruan aurreko udan eman zituzten elkarrizketak dira irakurri ditudanak. Ez-dakit-nortzuk kristoren dirutzak irabaziz kudeatzeko, edo futbolean jokatzeko, lekua denon sakelatik ordaindu behar genuela jakiteak ez baitzidan ilusio handirik egiten, eta horretxek eraman nau atzeratutako elkarrizketok irakurtzera. Eta ez naiz damu; hain alferrikako gauza ematen du literaturak, baina kezkentzat soluzioak ematen dizkizu askotan. Eta kasu honetan ere bai.
Gai horren inguruan, Gipuzkoako diputatu handiak zioen Anoetaren berritze proiektua oso garrantzitsua dela herrialdearentzat, psikologikoki batez ere, Realak denok ordezkatzen gaituelako. Jokin Aperribay lehendakariak ez zioen gutxiago: «Gipuzkoarren zerbitzura dagoen elkarte bat izan behar denaren eredu izatea nahi dugu Reala... kultura, pazientzia... Harrobiko askorekin Primeran jokatzeko kultura dauka Realak. Gipuzkoar harrobia hezkuntza sistema bat da...». Gazteak hezi nahi ei ditu Realak, eguneroko bizitzan eredu izan behar ei du... «Kauen, hoixe bixuau ba!», esango luke Foruk berak, nahiz eta bizkaitarra izan.
Egia da detaile itsusi batzuez galderak egiten dizkietela elkarrizketa hauetan kazetariek, diru kontuak-eta, inori gustatzen ez zaizkigun zera horiek, kulturaz, gazteen heziketaz eta gisakoez ari garenean, batez ere. «Ez dakit zer min egiten dugun», dio Aperribayk proiektuaren aurka jarritako helegiteengatik.
Ai, Sara, ikusiko duzu, parkeak eta kristoak denak ezabatu eta futbol estadio handiak egingo ditugu, bihar-etziko haurrak hezteko!

El mercado de Santo Domingo, a debate

Bebidas sin apenas alcohol pero con cuerpo

El legado vivo de Manu de la Sota

«Sotak euskal diasporaren potentzial politiko eta kulturala oso goiz ikusi zuen»
