GALDER PEREZ
IRITZIA

Mozkortzeko plazak

Mozkorraldia momentu potoloa da: gertatzen ari den istant hori da unibertsoaren funts bakarra, fisika eta kimikaren indar guztiak bilduta beste ezer ez balego lez. Istantaren eferbeszentziak balio du soilik. Jakina, gero, askotan, ahaztu egiten da eztanda horretan gertatutako ospakizun intentsu hori, mozkorraren mozkorrez. Baina gogoratzen al du inork Big Bang-a?

Uda aurretik, Bilboko Zazpikaleetako taberna mitikoa berriz ere ireki zenean, nostalgiaz elikatzen den jendeak esaten zuen hura ez zela betiko lekua. Faltan botatzen dela barran bestaldeko protagonista, eta baita musika eta zikinkeria ere. Baina ondo erreparatuz gero, musika berbera da, berriztu gabekoa eta garai zahar horietakoa. Eta egia esan, nahiago lekua garbi badago. Gerturatzen den edonork, hortaz, ikusiko du betikoa izan, badela. Edo izan nahi duela, ados.

Baina zer da betiko hori? Laurogeiko hamarkadako taberna tradizionala? Lehengo espazio berbera da eta, gutxitan gertatzen denez, bertan edaten ari den jendea aspaldiko hori da: duela berrogei urte hantxe zegoen jende berbera, hain justu. Baina orain askatasunez eta axolagabe (muga lausoa batzuetan) mozkortzeari ekin beharrean, gehienak guraso direlarik, seme-alabei han bizitako aitzurren berri ematen diete, ipuin gozagarri gisa kontatuta, jakina, lirika asko eta kimika gutxirekin. Hortaz, badirudi bertan mozkortzen ziren pertsonak aldatu direla, eta ez lekua, ordea.

Kalera irten eta okerrago dute Bilboko plaza batean goiz zein egunez ardo brik bat edanez mozkortzen ziren gizon horiek. Gizonak, bai, emakumerik ez baitzebilen talde horretan. Kondairak dio aspaldi plaza horretan emakume bat egon zela eta maiteminak jota hil omen zela. Disneyren Bilboko konkistaren lehen urratsa, akaso. Hala balitz, iturriak ardoa eman behar luke. Iturri inguruan mozkortzen zirenek auskalo non edango duten orain, diseinuzko plazan ez baitago ardoa brik batean edaten duen mozkortientzako tokirik. Bai, aldiz, pasarela batetik bezala, txakolin kopa eskuan ateratzen diren japoniar ezkonberri eta gonbidatuentzako plaza.

Eta guk, bitartean, halako ezkontzetara gonbidatuta ez gauden hauek, Aste Nagusiko eta, orokorrean, udako ajeak pasatzeko plaza berrien bila abiatu behar dugu. Beharbada badugulako berriz ere mozkortzeko beharra. Izan ere, ez dugu gure betiko plaza zein den gogoratzen, gaur bertan dauden pertsonak ez baitira betikoak. Umetan hantxe arkupeetan jolasten ginen eta kromoak aldatzen genituen leku hura Florentzia edo Venezia izan daiteke gaur. Mozkortuta egongo ote gara umetako leku hura ez gogoratzeko? Edo gaur mozkortzeko beharra dugu, plaza hura, plaza horiek, ezagutzen ez ditugulako? Topa, lagunok!