Alaia Martin
IRITZIA

Hatxe

Zinemaldiaren olatua pasatu eta astebetera, astebete baino gehiago pasatu dela esaten digu gaur, ordulari biologikoak, denboraren orratzak orrazteko ohi baino lan handiagoa izan baitugu aste honetan, Katalunia eraman baitugu eskumuturretan (beste zenbaitek, eskuin muturretan). Oraindik motots batean dauzkagu minutuak, ezkutuak eta aurpegia estali gabe zeramaten herritarrak.

Euskarak ongi bereizten ditu historia handiak eta istorioak. H-dunak, eta h-gabeak. Atsekabeak eta histeriak. Handia ere ez da kasualitatez h-duna. H-ak eta h-ak ibili ziren Kataluniako kaleetan erabakiak idazten, eta atsedenik gabe hala jarraitzeko itxura hartzen diot honi. Atsegin irribarrez «h» egin ez dadin borrokan dabilenak ez du h-a desagerraraztea lortzen. H-a alda liteke lekuz, edo minuskulaz jarri, baina «h» izaten jarraituko du, hitzaren atari izaten jarraituko du.

Zerbait nola egin, zerbait “hala” egitea agintzen denean, batzuetan ihes egiten du h-k bere burua ezin aurkituta, eta “ahala” bihurtzen da, eraldatzeko gaitasuna. Historian zehar gertatutakoa kontatzen hasi eta zati bat isildu nahi digutenean, h-a are hizki mutuago bihurtzen da, eta historian ze ar egon diren kontatuko digute, eta zenbateraino izan diren ezinbestekoak eta h-dunak.

Kontua da garrantzitsua dela h-ak behar den lekua «n» jartzen jakitea, baina batzuetan behar ez diren letrak jartzen direla hen lekuan, eta «h» mailako garrantzia ematen zaie. Legean jartzen da h-a, legeak h-dun herriak idatziko ez balitu bezala. Erresistentziari jartzen zaio h-a, erresistentzia erasoaren erantzun ez erasotzailea ez balitz bezala. Kentzen zaie ha hautetsontziei eta ematen zaio h doaneko bat indarrari, jartzen zaio ha apurturi eta ukatzen zaio hrako aukera eraikiri.

Baina batzuetan istorioak idatziagatik, historiak bere burua idazten du, eta badira norbere buruari idatzi eta ezabatu ezin diren tatuajeak ere. Laserrarekin ere ez, begietara tirokatzen diguten laserrarekin ere ez. h-a, txikian idazten denean, ez baita hain erraz altxatzen bere esanahitik, zerbaitegatik dauka aulki forma. Eskuz idatzitakoa ez da hain erraz ezabatzen, bihurriagoak eta bihurrituagoak dauzka hizkiak.

Zinemaldiaren olatua pasatu eta astebetera, “The disaster artist”-ek ergel itxura eman nahian jarraitzen du Espainiaren garai beltzenen txuri-beltzeko irudiak gogoraraziz. Gorri eta guzti. Star sistemak izarretan jarraitzen du, izar iheskorren aurkako izar-ehizan, eta aktore onenen saria katalanei emango dietela zabaldu da. Gidoirik onena idatzi gabe dago oraindik, eta happy end-ek, beti daramate «h bat» hasieran.