Josu Juaristi

Izorrai!

Irailaren 11 hark gauza asko aldatu zituen eta ondorioak ikusten ari gara oraindik

Gaia: irailak 11. Testuingurua: 7Kren milagarren alea. Denbora: 2018. Zer kontatu, ordea? Zertarako? Ez al dago ba dena kontatuta, kontsideratuta, aztertuta, ondorioztatuta? Zer aldatu da urteotan? Zenbat aldatu gara? Irailaren 11 hartan, Euskal Herriko eguerdi parte hartan GARAko erredakzioan ginen kazetari eta administrazioko langileak telebista pantailei pegatuta egon ginen denbora luzez, gertatzen ari zena, benetan gertatzen ari zena, eta handik aurrera gerta zitekeena, ulertu genuen arte, eta erreakzionatzen hasi ginen arte, hurrengo eguneko egunkaria buruan genuela.

Egunak, asteak eta hilabeteak hartu zituen albisteak, bere ondorioak eta erpinak munduan barrena sakabanatu ziren arte, dena nahaspila batean korapilatu zen arte, zurruburru, kaka-nahaste. Ameriketako Estatu Batuak, Europar Batasuna eta, halabeharrez, Ekialde Hurbila eta Asiako ertz galdu asko betiko aldatuko ziren, aldarazi zituzten. Pertsona eta agintari bakoitzak bere begien galbahetik pasa zuen errealitatea, heriotzak eta arrazoiak harri koskor eta zakar bilakatuz azkenean, ez gari eta ez ale, desitxuratutako errealitatea besterik ez. Mundua galbidean sartu zen, kilometro pila ederra egina bazuen ere ordurako bide horretan barrena. Ezer ez baita ezerezetik sortzen, hazten.

Gezurrak (fake news-ak), manipulazioak, lege berriak, amaigabeko hilketak. Hamasei urte eta erdi luze joan zaizkigu geroztik. Eta ezer gutxi aldatu da munduan. Tira, gurean bai, majo aldatu ere. Burua eta herria. Mundu zabalean, ordea, zapaburu ugari baina buru gutxi; ez Washingtonen ez Bruselan ez ekialderago. Guretik urrundu gabe, «garaipena!» oihuztatu dute Europar Batasuneko agintariek Turkiatik edota Libia edo Marokotik pertsona migratzaile eta errefuxiatu bakan batzuk bakarrik iristen direlako kontinentera (2015eko zenbakiekin alderatuz), giltza eta milioi pila bat Erdogani eta Libiako edo Sudango paramilitarrei eman dizkietela ezkutatuz, atea itxi dezaten, komeni ahala. Ohorea eta lotsa galduta, gizarteari zuzendutako gezur-jario amaigabearen zulo ilunetik «izorrai!» esanez bezala ezker eraldatzaileari, galernarik eroenaren aurka ere zentzudun mantentzen den edonori. Ahalegintzen, behinik behin.

7K urteurrenean izan zen New Yorken, 2012an: Zero Gunean, suhiltzaileen etxean, aktibisten bihotzean. Azken hauek asko ziren eta aunitz dira, baina edonork daki beldurraren mezua irribarrearen mezua baino indartsuagoa dela hasieran. Eta, jaun-andreok, oraindik hasieran gaude.

Seduzitzeko makina engrasatu eta dirdirika jartzen dugun bitartean, zaindu zaitezte; baina ez aterpean, kideekin batera baizik, Ruperren kattagorri kajafuerte-zaleen antzera: «Palazioak lurrera doaz, gartzeletako ormak pitzatu egin dira», badakizue. Gogoratu Europako Parlamentuak 2014ko hauteskundeei begira zabaldu zuen lelo surrealista (nork atera zuen ikusita, alegia): Act/React/Impact. Horrela zioen: «Together we can act, react and make a real impact. These are turbulent times...». Ez dela giro, alegia, garai latzak bizi ditugula eta etorkizuna geure eskutan hartu behar dugula. Itzulpen librean, jakina, gurera ekarriz ;-)

Irailaren 11 hark gauza asko aldatu zituen, eta ondorioak ikusten ari gara oraindik, han eta hemen, edonon. Baina ez zituen erasoak berak aldatu, erasoari emandako erantzunak baizik. Eta hor dago ordutik hona gertatu denaren eta gertatzen ari denaren gakoa, koska. Krisiei, erasoei zein finantza krisiei, era askotan erantzun dakieke. Washington edota Brusela dira eredu bat, eta Norvegiak edota Islandiak osa dezakete beste bat. Baina agintariei begiratze hutsa ez da nahikoa. Norberak bere buruari ere begiratu beharko dio, ondokoari nola begiratzen dion aztertuz, hausnartuz, batez ere ondokoa hemengoa ez denean, “gurea” ez denean.

Horrek guztiak, besteak beste, aldaketa errotik izateak, behar izateak, dakar bere baitan, funtzionatuko badu. Txikitatik, eskolatik, sistemaren tripetatik, enpatia bihotzetik begietara esportatuz, eta alderantziz, mundua ikusteko/entzuteko/ulertzeko erak berrituz, aberastuz. Anaiz Funosasi entzun izan diot ez zela erraza izan, eta, neurri handi batean, konfiantzan oinarritu zela, oinarritzen ari dela, elkarren eta ezberdinen arteko konfiantza eraikitzeko borondatean eta pazientzian. Enpatia superahalmena denik ere ezingo dugu esan, baina, dios, ez izatea supergabezia bezala kontsideratu behar genuke. Eta penalizatu. Edo ez saritu, behinik behin.

Baina tira, galdu naiz, Irailaren 11n hasi eta enpatian bukatu arte. Ez dakit eraldaketa garaiak ote diren ala ez, iraultzarako, baina beharra inoiz baino handiagoa dela begi bistakoa da: «It sounds like a whisper, while they're standing in the welfare lines...».