Natsuko Fukue - Anne Beade
Tradizioa eguneratzen

Irauteko berritu egin behar du kimonoak

Tradizioari estu lotutako jantzia izanagatik ere, garai berriei heltzea dagokio orain kimonoari. Jendeari eskuragarri jartzeaz mintzo da sektorea; besteak beste, zetaren ordez oihal merkeagoak erabiliz. Japoniarren soineko hau janzteko aukerak zabaltzea ere beharrezkotzat jotzen dute, oso lotua dagoelako bizitzako une garrantzitsuetara. Turistei alokatzen hasi dira zenbait, uste baino arrakasta handiagoarekin, gainera.

Lanpara txiki baten argipean, eta kontu handiz, oihal fin batean, tinta urdinez marrazten ari da Yuichi Hiroshe esku artean duen kimonoa, bizirik irauteko eraldaketa behar-beharrezkoa duen tunika tradizional japoniarra.

Tokioko auzo lasai batean duen tailer zaharrean, 39 urteko artisauak belaunaldiz belaunaldi igaro diren keinuak errepikatzen ditu behin eta berriz. Jarduera honetan aritzen den familiako laugarren belaunaldikoa da bera, baina gainbeheran dagoen negozioan borroka egitea tokatu zaio. Kimonoen merkatua 2.100 milioi eurora jaitsi zen 2016an, Yano Ikerketa Institutuko ikerketa baten arabera; datuok ez dute zerikusirik 1975. urtean goia jo eta merkatua 14.000 milioi eurora iritsi zenekoekin.

«Kimonoa (hitzak ‘janzteko gauza’ esan nahi du) asko urrundu da gure egungo bizimodutik», dio Hirosek. Beraz, beharrezkoa da berau janzteko aukera berriak pentsatzea, hain formalak ez diren egoeretarako erabiltzea, «kontzertuetan edota antzerkietan, esaterako».

Izan ere, gaur egun, bizitzako une garrantzitsuetan baino ez da erabiltzen kimonoa: ezkontzetan eta tradiziozko errituetan, nerabezarotik helduarorako pausoa ematen duten hogei urteko neska-mutilek urtarrilean egiten duten jaian, adibidez.

Kasu horietan ere gutxi dira jantzi hau erosten duten pertsonak, milaka euro balio izaten baitu. Askok nahiago dute alokatu edota horrelako bat duen familiako kideren bati eskatu. Takatoshi Yajima Kimonoaren Japoniako Elkarteko zuzendariordearen hitzetan, industriak egokitu egin behar du egoera berri honetara salmentak gehiago jaits ez daitezen. Sektoreko profesionalek «ez dituzte euren produktuen prezioak jaisten eta zetazko jantzi sofistikatuak egiten jarraitzen dute», nabarmendu du kezkatuta.

Hala, kimonoa ahalik eta jende gehienak erosi ahal izateko sektoreari aldaketak egin ditzala proposatu dio. Hala egin zuen berak gidatzen duen konpainiak orain dela denbora bat. Kotoizko edota lihozkoak egiten hasi ziren, merkeago saldu daitezkeenak, eta, itxuraz, erabakiak arrakasta izan du; 2016. urtean 770 euro baino gutxiagoko kimonoek salmenten erdia baino gehiago hartu zuten, %60 zehazki.

Kaleari erantzuteko premia. Salneurria merkatzeaz gain, Tokioko Moda Astean bere lanak erakutsi zituen Jotaro Saito diseinatzailearen arabera, kimonoa eraberritzea ere beharrezkoa da. «Ez du zertan zaharkitua izan, ederra eta dibertigarria da jantzi hau erabiltzea», dio kimonoak ezohiko oihalekin (artilearekin, esaterako) egiten dituen diseinatzaile honek. Eboluzionatu beharra duela dio Kyoton jantzi hauek eskuz tindatzen zituen familia batean jaiotako artista honek: «Kaleari erantzun behar diogu, patroi tradizionalak aldatu eta egungo emakumeei egokitzen zaien zerbait sortu, kimonoak bere arima galdu gabe», azaldu du. Hasiera batean, puristek ez zituzten begi onez hartu diseinatzaileek proposatzen zituzten berrikuntzak, «baina orain ohartu dira bertsio berriagoek balio dezaketela bezero gazteagoak erakartzeko», osterantzean kimonora gerturatuko ez liratekeenak.

Japoniako jantzi tradizionalari bizitza berri bat emateko, Kahori Ochik beste irtenbide bat bilatu du: turistei alokairuan eskaintzeko zerbitzu bat sortzea. Gero eta bisitari gehiago dituzte eta horietako askok kimonoa janztea bertako kulturan murgiltzeko era ederra dela uste dute.

42 urteko emakume honek gertutik bizi izan zuen sektorearen aldaketa. Bere gurasoek kimono-denda bat zuten Saitaman (Tokio iparraldean). «Txikia nintzenean beti lanpetuta egon ohi ziren aita eta ama eta dirua genuen; gero higiezinen burbuilak eztanda egin zuen eta egoera askoz ere zailagoa bihurtu zen», aitortu du. «Nire ama –jarraitu du– bigarren eskuko kimonoak saltzen hasi zen. Hasiera batean, ez zegoen gustura, bere buru-estimua mintzen zuen horrek, baina erabaki ona izan zen: bizirautea lortu genuen, une horretan denda askok ateak itxi beharra izan zuten bitartean», azaldu du Ochik.

Hasiera batean berak ez zuen bere burua kimonoen munduan kokatzen eta beste zerbaitetan aritzeko asmoa zuen. «Ez zela modernoa iruditzen zitzaidan, ezta praktikoa ere», azaldu du. Izan ere, oihal guztiak antolatu eta obi izeneko gerriko lodiarekin lotzeko teknika oso konplexua da, jantzia estu ibiltzea ez da erosoa horretara ohitua ez dagoenarentzat eta, are gutxiago, zoriekin (kimonoarekin jantzi ohi diren sandalia tradizionalak) ibiltzea.

Norvegiara egin zuen bidaia batean, ordea, kimonoa jantzi zuen kalera irteteko eta jendeari asko gustatzen zitzaiola konturatu zen. Une horretan bertan erabaki zuen bere amari lagunduko ziola negozioan. «Harritu egin zen eta zera nabarmendu zidan: ‘Ez duzu soldatarik izango!’», gogora ekarri du irribarretsu Kahori Ochik.

Gaur egun, Harajuku distrituan kokatutako dendan 500 bat bezero izaten ditu urtero. 68 euro ordaintzen dute bezeroek hainbat orduz jantzi japoniarra soinean ibiltzeko. «Bizipen aparta da, Japoniako kulturaren parte garrantzitsua delako», dio Ruby Franciscok. 33 urteko Herbehereetako emakumea ezin gusturago dago kimono berdea jantzita loretan dauden gerezien azpian argazkiak ateratzen. «Dotoreziaren esentzia» da jantzi hau, bere esanetan.