2018/06/24

vivian Gornick
 
«Emakumeok boterea lortzea da gakoa, eta boterea ez da ematen, hartzera joan behar da»
Maider Eizmendi
013_gornick01

Donostiako egonaldiari probetxua atera nahi dio eta elkarrizketaren aurretik Haizeen Orrazia, Igeldoko funikularra, Kontxako pasealekua... leku ugari bisitatu nahi izan ditu. Gelara igo da, baina laster batean prestatu da galderei erantzuteko. Hitz jario ederreko emakumea da Vivian Gornick (New York, 1935), baina ezpainetan adina irakurtzen zaio bere begi urdin eta adierazkorretan. Madril eta Bartzelona bisitatu ditu aurretik, eta Euskal Herrira etorri da Euskadiko Liburu Denden Elkarteak emandako Zilarrezko Euskadi saria jasotzera. 1987an eman zuen argitara “Fierce Attachments” (Apegos feroces) oroitzapen liburua. Bertan bere amarekin egindako paseoen bidez bere bizitza eta Bronx auzoan igaro zuen haurtzaroa kontatu zituen. Iaz gazteleraz argitaratu zuen Sexto Piso argitaletxeak eta lan hori saritu nahi izan dute, hain zuzen ere, Gipuzkoan. Baina besapean liburu berri bat hartuta dator: “La mujer singular y la ciudad” (2018, Sexto piso). Lehenengoan, idazle estatubatuarrak bere amarekin zuen harremana jaso zuen; azken honetan, hirian hain ohiko diren ustekabeko elkartze eta adiskidantza aldakorren inguruan oinarritu du kontakizuna. Aipatu bi lanak bata bestearen jarraipen naturalak dira eta autobiografikoak, Gornicken esanetan, soilik bera tartean dagoenean baino ez baitu idazten asmatzen.

Gornickek idazkera fina darabil eta genero ikuspegiak zeharkatzen du goitik behera bere lana, baina protagonistarik bada, New York bera da hori, bere «izaerarekin erabat bat egiten duen hiri» hori. «Munduko beste herrialde batzuetan eta AEBetako beste estatu batzuetan bizi izan naiz. Nolabait neure burua erbesteratu behar izan dut apropos, ulertzeko New York nire etxea zela eta bizi nahi nuen lekua zela ohartzeko. Zorte handia daukat; izan ere, bada jendea bere izaera hiriarekin elkartu ezin duena, eta ez dute lortzen beren etxea bilaka dadin. Jende asko dago hiritik pasa egiten dena, etorri eta joan egiten da, bertan bizi da, baina joan behar izaten du bere izaerak ez duelako hiriarekin bat egiten», azaldu du. Berak bihotz-bihotzez maitatu eta bere egiten jakin du.

Kaleak inspirazio eta konpainia. New York, izan ere, bere ustetan, hiri handien funtsa da gaur egun: «Historiako beste une batzuetan izan dira beste batzuk: Paris, Londres... baina une honetan New York da munduko hiriburua». Bere kaleetan gora eta behera ibiltzen da eta bertan topatzen du bere lan gehienetarako inspirazioa eta, noski, baita konpainia ere. Izan ere, inork pentsa dezake hiri handiek pertsona bakartu egin dezaketela, jende andanaren artean txikiagotu. «Niretzat justu kontrakoa da. Nire apartamentuan bakarrik bizi naiz, baina kalera atera bezain laster bakarrik sentitzeari uzten diot. New Yorken dauden etxeen ia erdietan pertsona bakarra bizi da; beraz, milioika lagun bizi gara beste inor gabe –1970eko mugimendu askatzaileek asko markatutako belaunaldi batekoa naiz. Nire adineko asko ezkongabeak gara, edota ezkondu ziren askok ez dute jarraitzen bikotekidearekin–. Guretzat kaleak konpainia dira, laguntasuna, elkarrizketa, etxean ez dugun hori guztia irudikatzen dute», kontatu du, azalpenetan eskuak mugitzeari utzi gabe.

Bertan bizi diren herritarren izaera ere nabarmendu nahi izan du: «Hiri irekia da. Jendeak elkarren artean asko hitz egiten du, baita ez ezagututa ere [bere kasuan bistakoa da, ez du-eta inorekin bi hitz egiteko inolako zalantzarik agertzen, ezta Donostian ere]. Kaleko antzerki baten parekoa da New York, jendeak osatutako ikuskizun bat. Izan ere, hiria jendea da eta ez haien bueltan eraikiak dauden azpiegiturak edota instituzioak. Norbaitek pentsatuko du ezetz, baina nire liburuetan agertzen den guztia egia da, kalean ikusten dudan hori jasotzen dut; beti topatzen dut nire idatzietan sar dezakedan elkarrizketa eta gai interesgarriren bat».

Manhattan auzoko kaleetan izaten edota entzuten dituen elkarrizketen bitartez gai mordoa jorratzen du Gornickek bere liburuetan: maitasuna, adiskidantza, bidaiak, lana, familia... «Niretzat garrantzitsuak diren gauzez idazten dut, beste idazle guztiek egiten duten moduan», zehaztu du. Azken liburuan, adiskidetasuna bera hartu du ardatz Leonard lagunarekin dituen elkarrizketen bitartez. «Adiskidetasuna baliatu dut metafora gisa eta horixe baliatu dut hiria deskubritzen joateko. Nahiago izan dut adiskidetasuna ardatz hartu, maitasun erromantikoa baino. Azken batean, pertsona guztiok behar dugu intimitatea, beste pertsona batekin harreman intimo bat izan, baina ez du zertan maitasun erromantikoan oinarritu», azaldu du. Zentzu honetan, argitu du ez zela maitasun erromantikoan pentsatzen hasi emakume feminista izan arte: «Ni, noski, emakume batentzat maitasuna gauzarik garrantzitsuena zela pentsatuz hazi nintzen eta beranduago konturatu nintzen maitasun harreman batean emakumeak beti ordaindu behar izaten duela prezio bat emakume izateagatik».

«Ez da behar adina aurrerapen izan eta jendea haserretu egin da». Feminismoaren egoeraz eta bere herrialdean #MeToo mugimenduak hartu duen oihartzunaz galdetuta, aipatu du 70eko hamarkadaren amaieran jada eurak hasi zirela jazarpen sexuala salatzen. «Zer gertatu da? Ba ordutik hona ez dira behar adina aurrerapen egin eta aldaketa gertatu. Urte haietan ahotsa goratu zuen aktibista taldea lasaitzen joan zen denborarekin, nahiz eta emakumeak erabiliak izaten jarraitu duten. Une honetan #MeToo mugimenduaren leherketa gertatu da, baina haziak orain bi belaunaldi jarriak zeuden», azaldu du.

«Orduko emakume belaunaldi haiek –jarraitu du– harrituta daude sortu den leherketa hau ikusita, haserre handia sumatzen dute eta. Gaur emakumeek odola eskatzen dute, gizonen buruak eskatzen dituzte. Orduan ez zen halakorik eskatzen, munduaren arreta bereganatu nahi zuten; emakume eta gizonei eskubide demokratikoak berdintasunez aplikatzea; justizia soziala, politiko eta ekonomikoa; emakumeen eskubideak errespetatuak izan zitezela eta emakumeen erabilera sexualik ez egitea eskatzen zen».

Sexu jazarpenaren aurkako eztanda honek egoera aldaraziko duela uste du, baina ez aldaketa ikaragarriak ekarrita. «Gaur egun emakumeok egiten ditugun gauza asko pixkanaka etorri diren aldaketa horiei esker lortutakoak dira. Denbora behar da, baina emakumeak asaldatzeak eta kalera irteteak garrantzi handia du. Emakumeek boterea lortzea da gakoa, eta boterea ez da ematen, hartzera joan behar da».

Guztiagatik, borroka luzea izango dela aurreikusten du eta horrek atsekabea eragiten dio: «Tamalez, ez gure belaunaldikoek, ez eta gazteagoak direnek ere, ez dugu borroka honen amaiera ikusterik izango eta hori tristea da. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea ez da batere erraza, jende askok beldur dio eta».

Bere idazle ibilbidea abiatu aurretik, kazetari lanetan aritu zen estatubatuarra. 1969an iritsi zen “The Village Voice” astekarira eta bertan jarri zien ahotsa garaiko mugimendu feministaren aldarrikapenei, askorentzat erreferente bilakatzeraino. «Une horretan pertsona homosexualen, afroamerikarren edota emakumeen eskubideen borrokek indarra hartu zuten eta guk astekarian horiei guztiei jarraitu genien», azaldu du, ondoren abiatu zuen idazle ibilbidean lan hura garrantzitsua izan zela nabarmentzearekin batera. Horren ondoren, “The New York Times” eta “The Nation” egunkarietan ere aritu zen. Arduradunek askatasuna eskaintzen ziotela dio, eskatzen zioten gauza bakarra iritziak «ondo arrazoitzea» zela. Ildo horretan, egungo kazetaritzaz eta sare sozialek ekarritako aldaketaz mintzo da. «Zenbaitek hala pentsatzen du, baina sare sozialetan egiten denari ezin zaio kazetaritza deitu. Ongi informatua dagoen kazetaritza, arrazoitutako iritziak ematen dituena lehen bezain indartsu eta osasuntsu dago eta AEBetan behintzat errespetu handia zaio, behin eta berriz krisia aipatzen bada ere. Kontua da sare sozialek ere badituztela onurak, handiena agian bat-batekotasuna bera da. Ni harritu egiten nau arazo bat sortzen denean horrenbeste emakume gaztek salatzeko eta mobilizatzeko erakusten duten gaitasuna eta hori sare sozialei esker da, noski».

«Gizartea esnarazi du Trumpek». Donald Trump aipatu eta jarritako aurpegierak erakusten du nahi baino gehiagotan galdetu izan diotela azken boladan politikari estatubatuarraren inguruan. Mantso abiatzen da azalpenetan, baina haserrea areagotuko balitzaio bezala hasi da berehala hitz jarioa azkartzen: «Zer esango dut berria edota zuek ez dakizuena? Ikaragarria da gizon hau; maila kulturalean, sozialean eta politikoan irits daitekeen punturik baxuena irudikatzen du. Argi dago presidente aukeratu zutenetik guztiok beldurrez bizi garela, baina...», aipatu du dagoeneko txar guztia ezaguna dela nabarmenduta. Badu, baina, Gornicken esanetan, alde onik ere presidenteak: «Amerikarren artean esnatze olatu bat sortzea lortu du bederen eta #MeToo mugimenduak hain denbora gutxian horrelako arrakasta lortzeak horrekin zerikusia du, nire ustez. Are gehiago, oraintxe bertan 22.000 emakume ari dira politikan sartzeko ikasketak egiten Trumpen eraginari aurre egiteko; erresistentzia mugimendu ugari sortzen ari dira herrialde osoan... Geldirik zegoen jende asko mugiaraztea lortu du».

Hasiera batean aurreikusi zuten hondamendirik ez dela gertatu azaldu du, gainera. «Gurea legerik gabeko herrialdea bilakatuko zela uste genuen, herrialde faxista, baina legeek funtzionatzen jarraitzen dute, ez da gai izan horiek etzateko. Abusu asko daude, bai, baina herrialdea ez da hankaz gora jarri guk uste genuen moduan», aipatu du, «penagarriak» diren egoerak beste estatu batzuetan ere agerikoak direla gaineratuta: «Mendebaldeko herrialde gehienetan diruaren debozio garaian bizi gara, arazoa dirua eta aberatsak maite dituen kapitalismoa areagotu izana da, gauzak sortu baino eraiki eta dirua egin nahi duten eta gangsterren gisa jarduten duten enpresariak dira... baina horiek ez daude AEBetan bakarrik. Gure herrian 14 milioi pertsonak galdu dute etxebizitza, baina hemen [Europan] ere etxe kanporatze asko izan dira. Ikusten dugu, adibidez, zer gertatzen ari den Londresen Brexitarekin».

«Gizartea haserre dago han eta hemen. AEBetako gizartearen erdiak, antza, ia egun osoa ematen du ordenagailuaren parean Trumpek zer egiten duen jarraitu nahian, bere pausoei begira eta behin eta berriz haserretzen. Nik ez dut hori egin nahi, tristea litzateke horretan horrenbeste denbora galtzen aritzea. Nahiago dut jendeak egiten dituen gauza onetan pentsatu», ohartarazi du irribarretsu. Donostiako egonaldiaren ostean, Parisera doa; bidaiari probetxua atera eta lagun bat bisitatu nahi du. Gero abiatuko da inspirazio iturri dituen New Yorkeko kaleetara. Esku artean beste proiektu bat hartuta dabil dagoeneko, baina oraingoan ikuspegi feminista baliatu eta hainbat testuren berrirakurketa egin nahi du. Antza, gaztetan irakurri eta gustuko izan zituen lanak aztertu nahi ditu, liburuetan kontatzen denak eta berak urte hauetan guztietan izandako aldaketak islatze aldera.

«Kaleko antzerki baten parekoa da New York, jendeak osatutako ikuskizun bat. Izan ere, hiria jendea da eta ez haien bueltan eraikiak dauden azpiegiturak edota instituzioak»

«Amerikarren artean esnatze olatu bat sortzea lortu du Trumpek. Geldirik zegoen jende asko mugiaraztea lortu du»