GALDER PEREZ
IRITZIA

Nork bere modura

Aurreko astean ezohiko bi ikuskizun performatiboen lekuko eta parte izan ginen. Bilbon bata, Oreretan bestea. Sortzaileak, zirikatzaileak eta askeak bezain biziak biak ala biak. Askatasuna, maitasuna, bihurrikeria eta gogoetak nahastu ziren, batean zein bestean. Batek egiarekin jolastu nahi zuen. Besteak, berriz, gezur jolasen bidez, hainbat egia taularatu zituen herriko kaleetan, plazan eta antzokiko eszenatokian.

Bilbon egindakoak 50 urteotako istorioak eta historia bildu zituen, hiru tabernaren bueltan, garaian garaikoak. Era performatiboan sortutako solasaldia izan zen Txabi Etxebarrieta Memoria Elkarteak, GITE-IPESek eta Iratzar fundazioak antolatutakoa. Garai ezberdinetako kulturgileen memoria ariketa egin zen, eta herriaren historia, gure kulturaren (edo kulturen) gorabeherak eta borroka feministaren aurrerapausoak taula gainean geratu ziren, garagardo eta ardoaren usainetan. Hausnarketaz gain, izan zen bihotzondokorik ere, isiltasunez betetako hunkipen segundoak, benetako tabernetan bihotzak zabaltzen direnean bezala.

Hamar urteko ibilbide bat ospatzen zuen Oreretan aurreko asteburuan egindako performance erraldoiak. Eztena antzerki jaialdiak hamar urte bete ditu aurten. Eta zer eta parte hartzaile guztiak saritzea bururatu zitzaien Mikelazulo Elkarteko kide irudimentsu, pasional, langile eta maitagarriei. Nola eta alfonbra gorri, limusina, photo-call, fan zoro eta gala paregabe batekin. Dena parodia jolasean, baina aldi berean ezin eder eta benetakoagoa izan zen bizipenean, bizi alaian. Lortu zuten, gainera, gure herri eta inguruetako antzerkilari talde erraldoia biltzea. Teatroa ospatzen bildu ginen han denak. Inor ez dagoela bakarrik sentitu genuen konfeti eta trofeo artean. Kontrakoa, dantza berean ari garela esan ziguten gure oin eta aldakek. Bihotza ezin beteago atera ginen handik. Beldurrez, ordea, agur tankera hartu baikenion ekitaldiari. Nork babestuko gaitu orain orkestrarik gabe hondoratuko den itsasontzi honetan, bada? Denok egin beharko dugu arraun, nork bere modura, berriz ere kaian elkartu eta dantzan eta ospakizunean jarraitzeko.

Aurreko astean gertatuko ekitaldi biak ez dira egunero gertatzen, ez. Aitzitik, sekula ahaztuko ez ditugun hauek gutxitan bizi izan ohi ditugun esperientzia kolektiboak dira, lerro-buru handietatik urrun. Nork bere modura sortutako performanceak ohiko errezeta eta arauetatik aldendu eta barreneraino sartzen dira, infinituraino iristeko gaitasuna izan badutelako.

Eta hau dena eguzkipean idazten ari naiz. Espero ez genuen eguzkia agertu baita. Bere argitasunarekin, bere epeltasun goxoarekin, oparitu ohi digun bizipozarekin. Gorputza piztu dit eguzki honek eta, aldi berean, kezka sortu, ea orain gogorregi joko ez duen eta orriaren gainean jarritako tintazko hizki hauek disolbatuko diren. Eskerrak oholtzako fokuak ditugun beti eta, batez ere, azpian argiztatzen dituzten arimen itzalak ondoan, dantzan.