2018/07/29

JOKIN URAIN
Desegokiak
Bere historia zaindu ezinean, egokia zer den eta desegokia zer den arautzen, arau horiek betearazteko ebazleak eta zaindariak jartzen eta ebazle eta zaindaritxo bakoitzak egoki irizten dionaren arabera inguruan mugitzen eta lerro zuzenetik ateratzen diren guztiak zigortzen dihardu gizakiak, edo gizarteak, edo jende anabasa honek.

Jaio ginenetik aritu zaizkigu handik eta hemendik egokia zer den eta zer ez den esaten eta erakusten. Zer esan eta zer ez esan agintzen. Eta agintariak egoteak agindupekoak edukitzea edo eduki nahia dakar, eta horretarako arauak, legeak eta lege modukoak. Jendea isilik edukitzeko, arauz onartu gabeko ezer inork inon esan ez dezan egindako legea da “Mozal legea” deitua. 2015ean egin zuten lege modu hau; bazterrak edo bazterrekoak aztoratu zituen hasieratik eta, nonbait zentzuzkoa iritzita, 2016ko ekainean hartu zuen Eusko Legebiltzarrak lege hori ez ezartzeko konpromisoa, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren botoekin.

Baina batzuen hitzak ez ezik akordioak ere haizeak eramaten ditu, orbela baino arinago askotan, argi dago: “Mozal legean” oinarrituz milaka dezente isun ezarri baitituzte Euskal Heren honetan. Ez da denbora asko, hemengo egunkari batek zekarren, hain zuzen lege horrengatik protestan deitutako mobilizazio batean poliziaren aurkako “lelo desegokiak” oihukatu zituenen bati 100 euroko isuna ezarri diotela. Bitxia da “lelo desegokien” kontu hori. Bere historia zaindu ezinean, egokia zer den eta desegokia zer den arautzen, arau horiek betearazteko ebazleak eta zaindariak jartzen eta ebazle eta zaindaritxo bakoitzak egoki irizten dionaren arabera inguruan mugitzen eta lerro zuzenetik ateratzen diren guztiak zigortzen dihardu gizakiak, edo gizarteak, edo jende anabasa honek. Zerbaiten edo norbaiten protestan oihukatzen diren leloen “egokitasuna” eurotan neurtzen da, ez zentzuaren edo arrazoiaren sakoneraren arabera. Eta neurtzeak egokitzea esan nahiko du kasu honetan ere. Azkar ordaintzen baduzu, erdi prezioan egokitzen dute zure desegokitasuna; dirutan beti, jakina, baina ogitan kenduko lizukete. Isuna ordainduz gero egokitua geratzen da, beraz, zure desegokitasuna?

Barruti pribatua da egokitasuna ere, zigorrez gero eta gotortuagoa; baina okerrena da egokitasun pribatu hori inguru guztian eta inguruko guztiengan ezarri nahia gauza naturala balitz bezala sentitzea batzuek.

Horrelaxe gabiltza hemen, Alberto, eta bagabiltza hala ere, geure pentsaera desegokiarekin; leloarena baita agintearen eta bere zaindarien aurkakoak diren leloak aginte horrek egokitzat izan ditzakeela pentsatzea.