2018/07/29

Alaia Martin
Politzia
Ez zait hainbeste interesatzen zenbateraino egin edo ez egin halakoak, zergatik eta zenbat pentsatzea interesatzen zait, norberak jakitea nola, zergatik eta zenbat, eta norbera izatea epaile, hautatzaile eta oniritzi emaile.

Hondartzak, piszinak eta taberna atariak betetzen diren garaiotan armairuak kolore argiagoz husten dira, motelago egiten dute hegan txoriek eta azalak sekula baino gehiago erabiltzen du bere arropa izaera.

Pozoiz betetako iragarkiek bikinien (gutxitan bainujantzien) barruan nola sartu argitaratzen dute, bikinia izaki kosmiko bat balitz bezala, urruneko planeta batetik datorrena eta geure etxeko teilatuetan aparkatu ondoren geure armairuetan sartzen dena, geure eguneroko misio nagusia bertan izterrak nola errenditu pentsatzea balitz bezala.

Arriskurik gabeko bihurguneak, zimurrik gabeko zimur eremuak, eguzkiak haragitu gabeko azal zatiak, ilerik gabeko azal zelaiak, arrakalarik gabeko gorputz moldakaitzak eta tolesten ez diren sabelak behar ditugula sinestera iritsi gara, edo sinestera iritsi da gugan bizi den zati hauskor infantilizatua.

Konponduko gaituzten ukenduak, ezkutatuko gaituzten margoak… zenbateraino barneratu ditugun “konpondu”, “ezkutatu”, “gorde”, “estali”, “zuzendu”, “desagerrarazi” adierazpenak, geure burua konpontzeaz, ezkutatzeaz, gordetzeaz, estaltzeaz, zuzentzeaz eta desagerrarazteaz ari garela ahaztuta. Saltzea eta salmentaz aberastea baino askoz garrantzitsuagoa da geure begirada geuganantz bideratzea. Geugana bideratzen dugula uste baitugu. Baina ez da geugana, “geugana” etiketapean, sartzen dizkigute geugandik urruntzen gaituzten gauza gehienak. Zure burua zaintzeko eta deskonektatzeko masajea, zure antzik ez izateko tratamendua eta depilatzen denborarik galdu beharrik izan ez dezazun, laser depilazioa. Ez zait hainbeste interesatzen zenbateraino egin edo ez egin halakoak, zergatik eta zenbat pentsatzea interesatzen zait, norberak jakitea nola, zergatik eta zenbat, eta norbera izatea epaile, hautatzaile eta oniritzi emaile.

Izugarri aspertzen (eta egunaren baitan haserretzen) naute besteen gorputzei buruz egiten diren balorazio ariketek. Gorputz bakoitzak du bere konstituzioa eta geu konstituzioez hizketan ibiltzen gara, konstituzio orokorra eredu gisa hartuta bezala, arau, lege eta neurri guztiak jakiteaz gain, askotan salatzen ditugu besteak, geure burua defendatzeko abokatu lanetan. Geuregan polizia lanak egiteak erreta besteen gorputzak aukeratzen ditugu joko-zelai, simetriarik gabeko joko-zelai, eta uniformatuta jartzen ditugu isunak batzuetan, eta besteetan, kontroletik pasatzen utzi. Askotan politziak garela esango nuke. Eta desobedientzia aldarrikatzen dut, geuregandik, geurekiko eta geurekin ezin badugu, besteekiko behintzat.