2018/08/19

amagoia mujika
Barre egitea

Jaio eta hilabete gutxira hasten gara barrez. Gizaki egiten gaituen ezaugarri garrantzitsuen- etakoa da gainera. Kasu onenean, hil bitartean egiteko modua dugu, batzuk besteak baino errazago. Miresten ditut bizitzaren bukaera arte barre egiten duten pertsonak.

Tontakeria bat da, baina askotan funtzionatzen du. «Ja, je, ji, jo, ju». Hasi barrezka batekin eta segi hurrengoarekin, eta segidakoarekin gero. Gogorik gabe barrez hasi eta lor daiteke egiatako barrea piztea. Eta ondokoa eta ondokoaren ondokoa kutsatzea. Izan ere, zer gutxi behar dugun barre egiteko, ezta? Eta ez ote dugu oso gutxitan egiten... Haur batek egunean batez beste 300 aldiz egiten du barre. Heldu batek, hogei bat aldiz.

Jaio eta hilabete gutxira hasten gara barrez. Gizaki egiten gaituen ezaugarri garrantzitsuenetakoa da gainera. Kasu onenean, hil bitartean egiteko modua dugu, batzuk besteak baino errazago. Miresten ditut bizitzaren bukaera arte barre egiten duten pertsonak.

Zenbat gustatzen zaidan barre lasai egiten duen jendea, barre erabat kutsakorra duena, sabelari eutsi behar izaten diona, hankak estutu behar dituena, kanporaka barre egiten duena, barruraka eta eutsi nahian bezala... Zeri edo zertaz barre egin ere garrantzitsua izaten da eta horrek parte handia izaten du ikasitakotik. Denei ez digute grazia egiten egoera berdinek. Eta bizitzako une batean egindako algarek lotsa ederra sor dezakete bizitzaren beste sasoi batean.

Baina, bai, barre egitea gauza ederra da, plazer handi bat. Barreak, zoriontsuago ez ezik, osasuntsuago ere egiten gaitu. Hala frogatu du zientziak.

Egunean hamabost minutuz barre egiteak pisua galtzen lagun dezake. Barre egitean, bihotza azkartu egiten da eta hainbat gihar martxan jartzen dira, energia gehiago gastatuz.

Barre egiteak zoriontasuna sortzen du. Algara egiten dugunean gure gorputzean pilatutako energia negatiboa kanpora botatzen dugu. Freuden arabera, harrokeriaren, zapalkuntzaren eta intolerantziaren kontrako txerto onena da barrea.

Barre egitean, aurpegian ditugun 400 gihar inguru martxan jartzen dira. Irriak lasaitu egiten gaitu, kezkak arintzen ditu, beldurrak uxatu eta loaren kalitatea hobetzen du.

Barre asko egiten duenak azal osasuntsuagoa dauka eta belarriak eta sudurra garbitzeko ere balio du irriak. Immunologia sistema ere indartzen du barreak eta begiak garbitzen laguntzen du. Barrez hasi eta malkotan amaitzea, plazer hutsa izateaz gain, osasuntsua da begientzat. Barre egiteak irudimena pizten du eta memoria hobetzen du.

Eta? Noiz egin duzu barre gustura azkenekoz?

Barre egiteagatik ez dira arazoak konpontzen. Algara itzaltzen denean, hor segitzen dute korapiloek. Baina, segur aski, korapiloak askatzeko tenple hobea eta begirada garbiagoa izango dugu. Eta hala ez bada, sikiera barre egin dugu pixka batean. Aurten oporretan zer plan? Ahalik eta gehien barre egitea.