hamaika nobedade

Paperezko lasaigarriak

Beharbada, gaur egungoa ez da orain urte gutxiko ekoizpena, joerak erabat aldatu direlako. Jakin badakigu argitalpenen munduak une zalantzagarriak bizi dituela, baina krisiak krisi, lasaigarri gerta liteke Azokan aurkezten diren nobedadeen zerrendari erreparatzea. Jarraian, papera euskarri duten hainbat nobedaderen gida antzekoa.

Landako guneari so egin eta, gauzak patxadaz hartu ezean, Azokako zoramenaren aho handiak irents gaitzake. Datuek ere zorabioa eragin dezakete; 53. edizioan 274 stand eta 158 ekoizlek –argitaletxeak, diskoetxeak, kultur elkarteak, erakundeak eta banatzaileak– 439 nobedade aurkeztuko dituzte: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta bestelako 23. Gainera, 200 ekitaldi baino gehiago izango dira... eta hitzordu handi honen aurrekontua 659.912 eurokoa izango da. Abenduaren 5etik 9ra egingo den Durangoko Azoka honetako nobedadeen artean gal ez gaitezen, ondorengo arrastoei jarrai diezaiekegu.

Historia kolektiboa osatzen. Lurralde edo toki baten historia ezagutzeko, behar-beharrezkoa izaten da bertako literatura irakurtzea, liburuek balio handia dutelako gertatu denari buruz hausnartzeko. Ildo horretatik interesgarria izan daiteke “Fakirraren ahotsa” (Susa), non Harkaitz Canok Imanol Larzabal kantaria bihurtu baitu eleberriaren protagonista. 60ko hamarkadatik, bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasi zenetik, ia gaur arte luzatu du Canok kontakizuna. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra, kontraesanak... mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da omen lau hamarkada hartzen dituen istorio hau. “Rosa itzuli da” (Erein) nobelan Pako Aristik gertutasun handiko gai bati heldu dio; 2013an, Parot doktrina baliogabetu ondoren, ETAko militante saldo bat aske geratu zen. Gehienek hogei urtetik gora zeramatzaten preso. Zer aurkitu zuten herrira itzultzean? Une historiko horretatik abiatuta, thriller politiko bat ondu du Aristik. “Amaren Etxea” (Astero) liburuan, saiakera generoan, euskal preso politikoen senideen «epika handi baten kronika» osatu du Jokin Urain egileak. Eta “Hariak” (Susa) nobelan Yoseba Peñaren Euskal Herriaren berrogeita hamar urteko historiari –36ko gerratik gaur egunera arte– erreparatzen dio hiru belaunalditako emakumeen bidez. Haritik tiraka, memoriaren transmisioan, justizian, kulpan arakatu du Peñak.

Istorio beltzak, thrillerrak, «polar» estiloa... Agian ezin da thrillertzat jo, baina badu ukitu bat, gertaera makabro batekin abiarazten baitu, esaterako, Katixa Agirrek “Amek ez dute” (Elkar) nobela: Armentian bizi den bikote dirudun batentzat au pair dabilen neskak bere zaintzapean dauden biki txikiak hilda topatu ditu. Kasuak zalaparta handia eragingo du, hiltzailea ama bera delako. Ekintzarekin obsesionatuta, hastapenetik gaiaren mende erortzen da liburuaren protagonista; erditzear dagoen emakume bat da gainera, eta horrek amatasunaren gainean mito eta tabuak apurtzeko balio izan dio Katixa Agirreri, umore beltza erabiliz. Iñaki Irazabal Agirreren “Aramotz” (Elkar) nobela thriller bat da, erabat. Zornotza inguruan dagoen mendialde itxi bat aukeratu du hiru ezezagunen arteko gorabeherak islatzeko; genero beltza landu du Xabier Etxeberriak ere “Berriro itzuliko balitz” (Elkar) lanean, non Karlos Jaso jazz musikari iruindarra alaba jaioberriarekin Danimarka joan den bizitzera, emaztea hil zaionean; han misterio bat aurkituko du. Edorta Jimenezen “Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua” (Txalaparta) nobelako protagonista estoldetan lanean aritua den Camboya ertzain jubilatua da. Arkauten ikasle izan zuen Gaztelurekin urtebetetzea ospatzen ari denean haien buru ohiaren, Nagusiren, txaleta zaintzeko zeuden hiru txakurren desagerpena ikertzeko laguntza eskatuko diete, zenbait urte lehenago Bizkaialdean izan zen zakur-borroka apustuen kasua argitu zuela eta. Eta umore beltzez zipriztinduta dago Jon Arretxeren “Ez erran deus” (Erein), Nafarroako Pirinioetan ezkutatzen den burkinafasoar talde baten abenturen inguruko nobela.

Mundua lehen pertsonan. Duela hiru hamarkada, Tafallan argitaletxe bat zabaltzeak ausarta eta pixka bat zoroa zirudien, “esperimentu” hark apustu ekonomiko latza zekarrelako. Baina Txalapartak hor dirau eta hedatu egin da urtetik urtera, eta ibilbide luze, emankor eta neketsu horretan bizitakoak paperera ekarri ditu bere umore garratzarekin Jesus Mari Esparza editoreak. Izenburuak argi dio barruan aurkituko duguna; “Apologia. Memorias de un escritor rojo-separatista” (Txalaparta). Biografia baino elkarrizketa liburutzat har daiteke “Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari” (Elkar). Solasaldi ugarien emaitza, biografia politikoa eta ibilbide pertsonala uztartu ditu Elixabete Garmendia kazetariak. Xamar idazle nafarrari esker, “Etxera bidean” (Pamiela) kontakizun autobiografikoan, gosea, frankismoa eta gerra abiapuntu harturik, bidenabar topikoak hausten dituen Aezkoa ibar liberal eta antiklerikala ezagutuko dugu, Orbaizetako arma-olaren historian murgilduko gara, bertan finkatutako estatu-mugaz gaineko harremanetan barneratuko eta tamalez betiko galdurik den bertako euskara dastatuko dugu.

Nobela historikoen erregina. Urtero salduenen zerrenden top-era igotzen zaigu Toti Martinez de Lezea gasteiztarra. Urtero, ilara luzeak izaten dira sinatzen aritzen den standean. “Malkoak lur antzuan/ Llanto en la tierra baldía” (Erein) eleberrian Gerra Zibilaren garaiko Extremaduran eta 60ko hamarkadako Bizkaia industrialean kokatzen du fokua, immigrazioan eta biktima bihurtzen den jende xumean. Joseba Lozanok, bestalde, nobela historikoa eta thrillerra uztartu ditu “Larrutik ordaindua” (Alberdania) eleberrian. 1871n kokatuta dago, Paris setiatuan, Komunaren aginte hilabeteetan. Testuinguru horretan, hiltzaile bat aurkitu beharko du emakume protagonistak.

Euskal Herriko historia iruditan. Joseba Asiron Iruñeko alkatea izateaz aparte historiagilea da. Martin Alzueta “Martintxo” marrazkilariarekin batera azken urteetan lantzen ari den proiektua geroan geldituko den horietakoa delakoan gaude, gure historiaren ikuspegi gertukoa islatzeaz aparte, irudi ederrez jantzi dutelako. Orain “Euskal Herriko historia ilustratua III. Marinelak, matxinoak, sorginak eta ilustratuak” (Txalaparta) kaleratu dute. Lehenengoan, 2014an argitaratutakoan, historiaurretik erromanizaziora arteko epea osatu zuten; bigarrenean Nafarroako erresuma izan zen protagonista eta hirugarren honekin Aro Modernoa itxiko dute. Kalitatean jauzia nabaritzen omen zaie itsasoko kolore urdinez jantzita Martintxok marraztu dituen ilustrazioei. Prestatzen ari diren laugarren liburu batekin osatuko dute komikia eta historia uztartzen duen proiektu hau. Eta nobela grafikoaren formatuarekin dator “Aztihitza” (Erroak), Asisko Urmeneta marrazkilariak Agusti Xahoren bizitzari eta batez ere Baionatik Lekunberrira egindako bidaiaren kronika. Liburua idatzi eta marrazteko orduan, egungo gazte zuberotarrak izan ditu gogoan, Xaho sortu eta bizi zen Atharratzeko etxean diren Prefosta elkartekoak bereziki.

Komikigintza eta ilustrazioa indartsu dator: Oso zalea ez den publikoarentzat agian ezustea izan daiteke honetaz jabetzea, baina Euskal Herrian lehen mailako komikigileak ditugu. Horren eraginez, urtetik urtera gure komikigintzaren presentzia handitzen doa gure ekoizpenaren erakusle den Azoka honetan. Dani Fano donostiarrak, esaterako, Astiberri argitaletxearekin kaleratu du “Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak” nobela grafikoa. 1905ean El Salvadorren jaiotako ekintzaile nekaezina izan zen Migel Marmolen bizitza eta heriotza –El Salvadorreko Alderdi Komunistaren antolatzailea, Erdialdeko Amerikako indigena eta langileen matxinadetan parte hartu zuen– marraztu ditu zortzi urtean zehar egindako zuri-beltzeko lan zaindu eta bikaina gauzatzeko. Fano, gainera, “Xabiroi” aldizkariko zuzendaria da eta Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen komikiak ere nobedadeak dakartza Durangora. Unai Iturriagaren eta Alex Sanviren “Haur Besoetakoa. Paristik datorren artista” komikia egile bien “Litxarrerien jauna” (2014) liburuaren jarraipena da eta, aurrekoan bezala, errealitatearen parodia egin dute, irakurle gaztetxoi begira.

Feminismoa, kultura eta profetak. Bilketa-lana egiteko gogoa dago “Txikiaren handitasuna literaturan” (Erein) liburuaren oinarrian, Mariasun Landak berak aitortzen duenez. Artikulu desberdinez osatuta, haur eta gazte literatura, irakurketa-esperientzia edo literatur testuen sorkuntza hartzen ditu hizpide, baita bere idazle-esperientzia ere, alderdi sortzailetik eta autobiografikotik, bere konpromiso feminista albo batera utzi gabe. Feminismoa da, hain zuzen, entsegu askotako gaia. Adibidez, Angela Davisen “Emakumeak, kultura eta politika” (Katakrak), orain euskarara ekarria izan dena. 1984an lehen aldiz argitaratu zenetik feminismoaren klasiko bihurtu zen. Mota honetako gaiak jorratzen dituzte ere “Gure genealogia feministak” (Bilgune Feminista) eta “Sexu-kontratua” (Elkar-Jakin) lanek; azken hau Carole Pateman politika eta feminismoaren teorialari britaniarraren klasikoa, 1988an kaleratu zena. Eta zeri kantatzen diogu euskaldunok? Galdera hau abiapuntuta hartuta “Hitzen ahairea” (Susa) gauzatu du Gotzon Barandiaranek kantagintzaren inguruan moldatu duen hausnarketan. Asier Amezagak Gabriel Aresti gaur egunera ekarri du “Inor ez delako profeta bere mendean” (Erein) lanean eta Kepa Altonagak euskal kulturaren mito batzuk auzitan jartzen ditu “Duvoisin kapitainaren malura. Bonaparte printzearen itzalean” (Pamiela) lanean.

Laburrean sartzen den unibertsoa. “Bizitzea ez al da oso arriskutsua?” (Pamiela). Esaldi horrekin hasi eta bukatzen du Joseba Sarrionandiak bere eguneroko hau. Testu laburrez eraikia, kartzelan idatzitako “Ni ez naiz hemengoa” gogoangarri haren moduan, egilea Kubatik ari zaigu... eta ez da Iurretako idazleak aurtengo Azokan duen lan bakarra, “Gure oroitzapenak” (Elkar) poema musikatuen bilduman (liburu batez eta bi CDz osatuta) Sarrionandiaren unibertso musikalari errepaso handia ematen zaiolako. Bi lan izango ditu, era berean, Harkaitz Canok; dagoeneko aipatu dugun eleberria (“Fakirraren ahotsa”) eta “Mecanografiak” (Txalaparta), non Irati Jimenez idazleak Canok idatzitako hamarka ipuinen artean genero eta formatu ezberdinetako narraziorik onenak bildu dituen. “Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak” (Elkar), Iban Zalduak azken lau urteetan idatzitako 32 ipuinak, istorio aski laburrak oro har, gaien, estiloen eta tekniken ugaritasuna erakusten digutenak. Eta ipuin, eleberri eta liburu ilustratuaren mugan, Alaine Agirrek idatzi eta Sara Morantek ilustratu duen “Kamisoi zuri zetazkoa” (Erein). Irudi ederrez hornitutako hau sexu abusuen inguruko istorio bat da. Uda batean 11 urte dituen neskatxa bati buruz ari da; gurasoek kanpamentu batera bidali zuten eta, nagusia izan nahi zuelako erosi zion amak lehenengo bularretakoa, baina haurra zen oraindik, ez zuen ezagutzen helduen mundua, eta are gutxiago gizon hark jokatzera behartu nahi zuen jokoaren arauak».