2019/04/21

Alaia Martin
Heze usaina
Eskuina berritzea ez al da eskuinagotzea? Eskuina berritzeko erarik ez dago, eskuina beti da zaharra eta ainguratzailea. Nola berritzen da bestela eskuina?

Etxe ateo samar batean jaio izanagatik, beti entzun izan dut “errutina bedeinkatua”. Sinestuna ez baina sinetsizalea izan naizenez denborarekin aurkitu diot zentzua aitaren esanari. Errutina erruz bete beharrean, erruz gustatzen zaizkizun gauzez eta zeuk egituratutako harlauzez eraikitzen baduzu, gauza ederra izan daitekeelako, segur aski. Errutina hori aukeratua denean aukeratu gabeko gertaerek eta aldaketek iraul dezakete mimoz eraikitako bizi tenplutxoa.

Aldaketak eta gertaerak bere horretan etortzen dira, baina, eta errutina ez da ohitura multzo tarteka errepikatu bat besterik; oporretatik bueltan zertan genbiltzan gogorarazten digun denbora antolatzeko ataka edo mugarri-sail bat besterik ez da, funtsean.

Geure bizitzan aldaketak egiten ditugunean ere errutinan egiten ditugu askotan, ez ohituren DNAn eta, beraz, aldaketak ez dira egonkortzen eta errutinan geratu bai baina ez dira gure errotinan eta erretinan finkatzen. Berritzea ez baita distira emateko gurina ematea edo geruza bat igurztea azpiko geruza itxuraz berriagoa agerian utzi arte. Berritzea zerbait gehiago da, edo zehatzago esanda, berritzea beste zerbait da. Inork zalantzarik balu, begira dezala Espainiako eskuin aldera. Eskuina berritzea ez al da eskuinagotzea? Eskuina berritzeko erarik ez dago, eskuina beti da zaharra eta ainguratzailea. Nola berritzen da bestela eskuina? Tradizioa tradizioago bihurtuz, matxismoa matxismoagotuz, aurpegi gazteago eta zuri/zurituagoak jarriz? Garai berrietan zangotrabak jartzea garai batean jarri izana baino larriagoa da, kolorgeagoa da, horri ezin zaio berrikuntza deitu.

Sormenaren eta Berrikuntzaren Mundu Eguna da gaur. Boladan dago berrikuntza kontzeptu gisa eta sormenaren garrantzia behin eta berriz azpimarratzen da (sortzaileei azpimarra ez, gainmarra egiten zaien bitartean, etengabe, bizi baldintza eta adierazpen askatasun penagarriz). Boladan dago baina boladaka baino ez dugu erabiltzen; urtarril eta iraila hasieratan, asko jota. Agian gaur, bere horretan, bere igandetasun guztian, ez da egun txarra bide berriak aldarrikatzeko, txibierroen partez tabernan txanpiñoiak eskatzeko, etxerako bidea ezohiko bidetik egiteko edo sexu jolas berri bat sortzeko. Ez da egun txarra geure buruari begiratzeko era berri bat probatzeko, parekoa zaintzeko sormen lan txiki bat egiteko edo musuak aurpegian eman beharrean eskuetan emateko edo eman nahi ez ditugunak emateari uzteko, haurtxoek, batez ere. Ez da egun txarra zeure poema-liburuko lehen anafora idazteko, LED bonbillak ipintzeko edo ilea larru-arras mozteko.

Ez da egun txarra ezertarako eta egun txarrik ez dago izatez. Eguntzarrak bihur litezke egun txarrak ziruditenak. Egun txarrik ez badago ere, egun onak badira izan. Gaurkoa ez dago gaizki, baina on-on bat iruditzen zait, datorren igandea. Astebete dugu entrenatzeko, berritzeko eta sortzeko. Ilusioa berritzeko eta eskola eta taberna atarietan eztabaidak sortzeko. Heze usaineko hilabete eta piko bat dugu aurretik, bi igandeko hilabete luze bat. Asma ditzagun leihoak zabaltzeko eta lurra berritzeko egitura berriak.