Andoni Urbistondo
Trekking-a everesten

Gidari eta zamari, Himalaiaren emari

Mendiak daude. Mendi asko. Ikaragarriak. Marrazki bizidunetakoak. Bidea kabitu ezinik egiten duten erreka urtsuak, patata soro eta pinudiak, glaziarrak, asto, mando eta jak-ak… eta nepaldarrak, noski. 10.000 mendi gidari daude, eta milaka zamari gehiago, tartean, azken asteetan irudi sonatu eta krudelak utzi dituen Everesteko gailurrerako bidelagun direnak. Trekking-ak haiek gabe egin daitezke, baina haiekin erosoagoak dira turistarentzat, eta aberasgarriagoak. Gidariak behar beste lagunduko zaitu bide osoan. Zamariak zure motxila eramango du, 30 kilo bizkarrean. 18 euro irabazten ditu gidariak eguneko, 12 zamariak. Zamariek ez dute euren burua esklabo edo morroi gisa ikusten, sosak irabazteko aukera bakarra baitute. Trekking-eko azken egunean bezeroak propina ematen die. Eskuzabal izatea haien lan nekosoa errespetatzeko modua da. Gidari eta zamariak baitira Himalaiako benetako aberastasuna.

Dawa Tama izango da, ziurrenik, nepaldarrik ezagunena Euskal Herrian. Mendi gidaria da, 38 urtekoa. Iruñeko Naturtrek bidaia agentziako bezeroak gidatzen ditu, batez ere Asian (Adventure Treks, Katmandun). Nafarroako SOS Himalaya Fundazioko eta Bilboko Banoa agentziako ale batzuk ere bai. Euskal Herriko mila lagun pasa gidatzen ditu urteko, Himalaian. Sei bat hilabetez Nepalen, udaberrian eta udazkenean, eta udan, Tibet aldean, Nepal erasaten duen montzoitik ihesi. Herri hartara trekkingen bat egitera joaten direnen arima da, zaindaria. Luklako aireportuan itxaroten die bezeroei, eta agurtzen dituen arte, haien mesedean aritzen da. Elkar ezagutu eta lehen unean te bat hartzeko gonbita egingo dizu, burokrazia guztia bete bitartean. Lan hori bukatuta, lehen etapako xehetasunak emango dizkizu, edo dirua non lortu erakutsi, azken orduko erosketak gogorarazi, zamariarekin harremanetan jarri… oinez abiatzeko baimena eman arte.

Gidaria eta zamaria eraman edo ez, Nepalgo abentura zeharo ezberdina da. Inor ez dago behartuta bi langile horiek erabiltzera. Norberak bere kabuz egin dezake trekkinga, zama bizkarrean eraman, mapa bat hartu eta aurrera egin. Galtzeko arriskua oso txikia da. Sos batzuk ere aurrez ditzake, baina ez pentsa aberastuko denik, agentzia bati gidaria, zamaria eta mantenuagatik ordaindu ez dizkion sosak ostatu guztietako ohea eta otorduak ordaintzeko erabili beharko baititu. Edo bidean dauden hainbat ordainsari puntuetan. Erabakia, baina, ez da parametro ekonomikoen baitan hartu behar.

Erosotasunak agintzen du. Gidariak hartuko du ostatua etapa bukaera bakoitzean; otorduak eskatzera hurbilduko zaizu zure gelara; edariak, dutxa bero bat edo gailuak kargatzeko eskatuko dio ostatuko arduradunari. Zure alboan joango da une oro, bidean, zernahi behar izanez gero. Horiek guztiak gidaririk gabe egin daitezke, noski, baina zenbait ostatutako nagusiak ingelesez ez dira ondo moldatzen, eta horrek halako zailtasuna ekar dezake ostatua hautatzerakoan, logela hartzerakoan edo kontuak egiterakoan. Gidariarekin bezeroa ibiltzera mugatzen da, paisaiaz gozatzera, eta 6-8 orduko jardun nekosoa egin eta gero, logelan atsedena hartzen egongo da minutu gutxitan.

Erosotasun horretan funtsezkoa da zamaria. 30 kilo eraman ditzake, gehienez. Pisu handia da, baina ahalko balute, kilo gehiago eramango lituzkete, sos gehiago irabazteko. Trekker edo trekkingzalearen kasuan, egin kontu, egunez egun, zer alde dagoen bizkarrean 3-4 kilo eraman, edo 15-17 eraman.

Hasteko, 10-12 egunetan nahiko eroso egin daitekeen trekkinga egiteko beste hiruzpalau egun beharko lirateke, gutxienez, zama handi horrek asko mantsotzen baitu martxa. Everesteko trekkingean 2.500 metrotik 5.400 metrora igotzen da. Gehitu bueltako bidea. Tarteka, gainera, malkarrak oso handiak dira, bai igotzeko eta bai jaisteko.

Erosotasun horrek ematen dio bide beste abantailari: jakintza. Gidaria entziklopediaz mozorrotzen da. Egingo dizkiozu 50 galdera eguneko. Denak erantzungo dizkizu, umil-umil. Izan urrunean bat-batean agertu den mendi baten inguruan, izan jak abereen jatorriaz, edo izan nepaldarren ohitura eta tradizioen inguruan. 6-8 orduko eguneroko bidean atseden une asko daude, eta horietan bertako geografia eta jendartearen berri zehatz, bertako norbaiten ahotik jasotzea, interesgarria da. Gidaririk gabe zaila da halakorik lortzea, ostatuetako egun bakarreko tratuan ez baita erraza jabe edo langileekin konfiantza handia lortzea.

Bi hamarkada Himalaian. Dawa Tamak nepaldar askok egiten duten bidea osatu zuen. Zamari izan zen mende hasierako urteetan, sukaldari eta gidari laguntzaile ondoren, gidari bilakatu arte. Egun, eskarmentua bezain garrantzitsua omen ingelesa eta beste hizkuntzaren bat ondo jakitea, eta Himalaiako geografiaren ezagutza betea izatea. «Trekker-ek gauza asko galdetzen dituzte, eta erantzun bat eman behar zaie beti». Euren lana erantzukizun handikoa dela dio Dawak, «sor daitekeen edozein arazori irtenbidea bilatzen saiatu behar baitugu: izan gaixotasunen bat, talde dinamikako arazoren bat…».

Arazoak, egon, badaudelako, noski: «Sortzen dira, bai. Talde handiak eramaten ditugu sarri, eta horietan psikologoa ere izan behar duzu, ze beti dago jende berezia. Saiatu behar duzu norberarena den arazoa taldearena ez bilakatzen, arazo hori sortu duen bezeroa berekoia izan eta bere arazoa taldearena bilakatzen saiatzen bada ere. Ni arazoa konpontzen saiatzen naiz, hasieratik, eta ezin badut, ba irtenbidea garbi dago: Mikeli deitu [Mikel Leizeaga, Asian Adventure Treks agentziako nagusia], eta arazoa sortzen duen laguna taldetik baztertzen dugu, gidari bat bere bila etorriz. Lehentasuna talde osoaren onurak dauka».

Mikel Leizeaga Asian Adventure Treks agentziako jabeetako bat da. Legazpiarra, jaiotzez. 27 urte daramatza dagoeneko Nepalen, azken hamabostak turismoari lotuta. Gidariaren figura goratzen du: «Gidaria dena da. Bere baitan dago taldearen zoriontasuna eta arazo gabezia. Berak zaintzen zaitu, berak ematen dizkizu mendien izenak, zalantzak argitu, logela hartu, afaria eskatu… Bezeroa zenbat eta hobeto, gu orduan eta gusturago. Zamaria karga eramatera mugatzen da, eta normalean tratu gutxiago izaten du bezeroekin, baina mutil onak, langileak dira. Isilagoak, noski, baina elkarbizitzan laguntzen dutenak». Ez omen da erraza gidaria izatea, «familia tradizioko lanbidea baita. Hizkuntzak ikasi behar dituzu, batez ere ingelesa, ikastaroak egin, geografia, fisiko ona eduki…». Xehetasun garrantzitsu bat: «Gidari eta zamariek sei hilabeteko lana izaten dute, eta beste sei hilabetetan irabazitako soldata eta propinekin iraun behar dute». Soldataz harago, ñabardura garrantzitsua eman du Leizeagak: «Gidari lanak sona handia du Nepalen, herritarrek asko errespetatzen dituzte».

Trekkingetako bigarren hanka falta da: zamaria. Kebal Rai-k 20 urte ditu, nekazari gune batean bizi da, eta hamar urte darama zama eramaile jardunean. Ezkondua dago, dagoeneko, eta sosak eraman behar ditu etxera. Bere bizitzako une zail batean dago. Nekatu da, zamari jardunean, baina bere nekazari gunean geratzen bada, badaki pribilegio handirik gabeko bizitza izango duela aurretik. Gidari izatea lortzen badu, aldiz, erosoago bizi ahal izango da, poltsikoa errupiekin betetzen, noizean behin. Isila da, oso, Kebal. Beste nepaldarrekin dagoenean ez du ezer esaten, oso gaztea delako, eta errespetuagatik jokatzen du horrela. Ikasi nahiko balu bezala: «Agian nire azken aldia izan da zamari gisa. Gidari izan nahi nuke, baina ez da erraza. Ingelesa ikasi behar dut ondo, eta beste hizkuntzaren bat, ahal badut, baina horretarako Katmandura joan behar dut denbora dezenterako, eta ez daukat dirurik». Dawak edota Mikel Leizeagak dirua utziko liokete, eskatuz gero, baina bere gaitasunean konfiantza gutxi du Kebalek.

Ez dira morroi sentitzen. Zamarien irudiak polemika iturri izaten dira sarri Euskal Herrian. Haiek halako zamak eramatea krudela dela diote zenbaitzuek, hara joaten diren, garen, turistok ez genukeela halakorik onartu behar. Nepalgo Gobernuak 30 kiloko zama muga jartzen die, eta hori, zama ikaragarria da. Saiakera bakar bat egitea nahiko, horretaz jabetzeko. Trekker-ak, ordea, ezer gutxi egin dezake, zamari bat kontratatzea erabakitzen duen unetik. Arau jakin batzuk dituzte, eta horiek aldatzea ezinezkoa da. Kebalek ez du bere burua esklabo edo morroitzat: «Bakarren batek esklabo bat naizela pentsatuko balu, soluzio erraza du. 30 kiloko karga bi zamariren artean banatu, 15 kilo bakoitzak, bi soldata ordaintzeko». Puntua bota du, azkar: «Noski, horrek turistaren gastua bikoiztuko luke. Prest al leudeke haiek, bikoitza ordaintzeko?». Kebalek garbi dio, arauek baimenduko balute, kilo gehiago eramango lituzkeela, sos gehiago irabazteko.

Mikel Leizeagak ere iritzia eman nahi izan du: «Ez ditugu esplotatzen. Bezeroek erreklamazioak egin ditzakete, baina zamariek ere bai. 30 kiloko muga arautua dago, horraino eraman dezakete, ez gehiago. Zamaria lan horretaz bizi bada, inoiz ez da esplotazioa. Oporretan joaten garenean denok kontratatzen ditugu langileak gu laguntzeko. Ia denek ez dute beste biderik sosik ateratzeko, landa eremuetakoak direlako, eta zamari lanean lor ditzaketen milaka errupiek bizitza duinago bat eramaten laguntzen diete, abere bat, olioa, jantziak eta beste erosten. Horregatik propinak funtsezkoak dira beraientzat. 20.000 errupia ematen bazaizkio, 150 euro dira, hilabeteko soldata beraientzat». Dawa gidariak beti aholkatzen du berari eta zamariari propina bera ematea, berarentzat zamariaren lana oso inportantea delako, trekkingean arazoak egon ez daitezen.

Gidari batek 18 euro jasotzen du eguneko, eta zamariak 12, 200 eta 150 bat euro trekking bakoitzeko, hurrenez hurren: «Soldatak ez ditugu guk jartzen, politikariek agintzen dute», dio Leizeagak. Neurgailu bat izateko, maisu batek 200 bat euro irabazten du hileko, Nepalen. Bai gidariak, bai zamariak, bere mantenua ordaindu behar du trekkingean: logela eta jana. Zenbat ordaintzen duten, alde bakoitzak bertsio bat ematen du: gidari eta zamariek, eguneko soldataren zati handi bat mantenua ordaintzeko erabiltzen dutela esaten dute. Bestelako bertsioa ematen du Leizeagak: «Bezero asko eramaten dituzte ostatuetara, eta hori dirutza handia da bertako jabearentzat. Negoziatu egiten dute, eta ziur nago lo egitea ez dutela ordaintzen, eta jana ere, balio duena baino gutxiago».

MILIOI BAT BISITARI URTEKO

Nepalen gauzak azkar doaz. Katmanduko kaosa atzean utzita, mendialdean gero eta bizitza baldintza hobeak dituzte. Argindarra Pakhding-era iritsi da, trekkingean gaua pasatzen den lehen herria, eta urte batzuetan Namche Bazaar Solokhumbu eskualdeko hiriburura ere iritsiko da. Ostatuak, dauden mendi gunean egoteko, txukunak dira, eta langileen bizi baldintzak ere hobetzen ari dira. Dawak gogoratzen du, hamarkada bat atzera, 600 errupiako soldata kaskarra ematen ziotela eguneko (gaur 2.200 pasa jasotzen du). Gidariak pixkanaka antolatzen ari dira, eta sindikatu bat ere sortu dute, euren interesak defendatzeko. 10.000 pasa dira, eta Dawak dioenez, «hasiera korapilatsua izaten ari da, batzuk euren interes propioak interes orokorren gainetik jartzen ari direlako, baina bidea hasi dugu, eta ez da gutxi».

Oso destino polita da mendia maite duenarentzat, poltsiko askoren esku dagoena, eta Gobernua ikaragarri ari da sustatzen mendi turismo hori, batez ere Txina, India eta Asia hego-ekialdeko herritarren artean. Ez alferrik, han milioika lagun bizi baitira. Leizeagak dioenez, 2020an “Visit Nepal” leloa hautatuko da mundu mailan, eta horrek herri hartara milaka lagun erakartzea espero da. Milioi bat lagunen langa gainditzear daude, urteko: «Nik uste dagoeneko pasa dugula. 900.000 lagun zenbatu zituzten iaz, baina bakarrik hegazkin bitartez sartu zirenak, alegia, bisa ordaindu zutenak aireportuan. Indiatik, baina, lur mugatik eta bisa ordaindu gabe, jendetza handia sartzen da Nepalera».

Nepalek bi urtarotan hartzen ditu turista oldeak: udaberrian, maiatza bukatu bitarte, eta udazkenean, urrian hasi eta Gabonak arte. Bi urtaro horien artean ere alderik bada, udaberrian heren bat iristen baita, eta udazkenean beste bi herenak, gutxi gorabehera. Udan, eta betiere teorian, ezin dira Himalaiako bi trekking ezagunenak egin: Everest eta Annapurna, montzoiak eurite handiak eragiten baititu Nepalen. Hilabete egokia hautatzea funtsezkoa da, eta bi aukera lehenestekotan, maiatza eta urria izango lirateke. Urrian masifikazioak sor daitezke. Bidean gora jende multzo handiekin gurutzatu, ostatuak bilatzeko arazoren bat eduki… Udaberrian, masifikazioa, zorionez, Everesteko oinarrizko kanpamentura eta Everest mendiko igoerara mugatzen da. Mendi hori maite duen oro beldurtzeraino, zoritxarrez. Everesteko trekkingean Gorakshep herrian jotzen da goia, 5.160 metrora. Herria diogu, Kala Pattar eta Gokyo Ri begiralekuak eta Cho La Pass lepoa gorago daudelako (Kala Pattar da garaiena, 5.540 metrora). Gorakshepen hiru aukera ematen dizkizute gidariek: Kala Pattar begiralekua eta Everesteko oinarrizko kanpamentua bisitatzea, edo bietako bat. Gidariari oinarrizko kanpamentuan zer dagoen galdetu, eta azkar botatzen du, gaztelaniaz: «Nada, tiendas y gente» (Ezer ez, kanpin dendak eta jendea). Galdera gehiago egin gabe, agerikoa da trekkingetako gidariek ez dutela oinarrizko kanpamentua sobera maite.

Everesteko oinarrizko kanpamentua 5.350 metrora dago, eta hiru bat kilometro luze da. 1.500 kanpin denda pasa daude, Khumbu glaziarraren ertzean hirietako etorbide zabalak bailiran kokatuak. Eta bertan, 3.000 lagun baino gehiago, munduko mendi garaienera igotzeko txanda zain. 3.000 lagun! Nepalgo Gobernuko langileek zaintzen dute nor sar daitekeen oinarrizko kanpamentura eta nor ez, bertan daudenek halako akreditazio bat baitute (turistek sartzeko baimena dute). Sonatu egin dira azken asteetan Everesteko gailurrera daraman bideko azken zatiko argazkiak, 200 lagun pasa aurrera egiteko txandaren zain, orduak eta orduak. Heriotzak etorri dira gero. Gehiago etorriko dira, aurten, eta hurrengo urteetan, estatistiken arabera urte guztietako maiatza bukaera baita une egokiena munduko mendi garaienera igotzen saiatzeko.

Muturreko indibidualismoaren seinale. Everest mendia, eta Everesteko trekkinga, ordea, hori baino askoz gehiago da. Edo zuzenago, ez dauka zerikusirik argazki krudel horiek erakusten duten muturreko indibidualismoarekin. Everestek bereganatzen zaitu, Tengbocheko monasteriotik ikusten duzunean, lehen aldiz aurrez aurre. Aho bete hortz geratuko zara Kala Pattarren, eta ez 5.500 metro pasara zaudelako, Everest, Loh La, Nuptse eta beste tontorren siluetek arnasarik gabe utziko zaituztelako. Eta Gokyo Rin Everest erregea Cho Oyu, Lhotse eta Makalu haur txikiak zaintzen sumatuko duzu, naturak halako argazki ederra sortzeko gaitasuna nolatan duen zeure buruari galdetuz, behin eta berriz, erantzunik bilatu ez eta etsi arte.

Bailaran behera, Machrmo, Dole eta Porsche Tanga herrietatik igaroko zara. Eta Ama Dablam azalduko zaizu harro, bideko bihurgune batean. Eta hurrengoan Thamserku edo Khangtega, edota Kusum Kanguru edo batek daki zein… 6.500 metrotik gorako mendi dotoreak, denak. Euskaldunak topatuko dituzu bidean, nola ez, eta hau eta beste azaldu, gorantz badoaz. Eta Dawa gidariari galdetuko diozu zergatik joaten garen hainbeste euskaldun Nepalera urtero (1.000 baino gehiago). Eta natural botako dizu: «Paradisu naturala delako. Begira zer-nolako altxorra dugun hemen. Turista askok diote nepaldarrak jende irekia garela, giza aberastasun handia erakutsi ohi dugula, eta hori ere garrantzitsua da. Ematen dugun zerbitzua ona dela uste dut, zintzoak gara, konpromisoa erakusten dugu, eta hori jendeak asko baloratzen du».

Trekking asko osatuko ditu oraindik Dawa Tamak euskaldunekin. Berarekin behin ibili denak bera eskatzen du gidari bezala, eta bera gustura ibiltzen da euskaldunekin: «Irekiak dira, elkarrizketa zaleak, gauza asko galdetzen dituzte, umoretsuak, jende interesgarria. Gainera propina onak ematen dituzue, nire eta zamarien lanarekin gustura geratzen zareten seinale». Ez du gezurrik esaten!