JOKIN URAIN
IRITZIA

Eulien alde

Batzuetan etsigarria iruditzen zait mundua, gaizki doala dirudielako guztiak hurbilean bezainbat urrunean, eta ez da erraza halakoetan bihotz altxagarri zaizun zerbait ikustea, gogo pizgarriren bat sumatzea sikiera nonbaiten edo norbaitengan. Baina norbere zahartzaroaren eragina izan daiteke, zahartzaroak albora bultza egiten dizulako, baztertu egiten zaituelako...

Bazter hori zeure lekutzat onartu eta bertatik begiratzea izan daiteke behar duzun gogo pizgarria, eta ikustea nola datozen ondorengoak, anabasa idurian agian, baina gaztetasunak berezkoa duen suharrarekin, hain gogotsu, dena berritzeko antsiaz. Aurrekoon kezka eta buruhauste diren eta izan diren arazotxoetatik harago, endekapen geraezinean amiltzen ari den mundua bere osoan konponbidera eraman nahi duten gazte ekintzaileak badirela ikustea ederra da.

Eta zer egokiago, mundua konpontzeko, geure inguruan ekitea baino, ahulen eta babesgabeenei askatasuna eta duintasuna itzuliz. Jainkoek ere ez baitzituzten gauza guztiak ongi egin, oharkabean pasa zitzaizkien detaile asko, eta gizakiok izan dugu joera detaile horiek are gehiago izorratzeko, jainkokerian aritzeko nolabait, arimadunak eta arimagabeak, gizakiak eta abereak, sentimendua dutenak eta ez dutenak eta gisako hainbat ezberdintasun eta sailkapen txoro arautuz.

Bazen ordua norbait kontura zedin akats horiez eta konponketa prozesuari ekin ziezaion, nahiz eta bide gogorra izan, zailtasunetan etsi gabe... Antiespezismoaren balioak goraipatu nahi nituzke eta haien alde aldarri egin, itxaropenez begiratu nahi diodalako geroari, ondorengoen belaunaldi horiek ekarriko duten geroari. Harridura adinako mirespenez erreparatzen diet unibertso osoko animaliak askatu nahi dituzten mugimenduei, zezenak aske nahi dituztenei, txerriak haztegietatik ateratzen dituztenei, oiloak pilatuta dauden kartzelak hautsi eta hegaztiak libratzearren arrisku demasak hartzeko prestutasuna erakusten dutenei. Espezie-sailkapenen mugak eta hesiak birrintzeko unea da, fauna osoaren duintasunaren alde, denok garelako, azken batean eta berdin-berdin, naturaren sorkari, iletsu edo lumadun, hegalari nahiz hausnarkari.

Batzuetan denok baikara tximino, Alvaro, eta beste batzuetan oilar edo oilo gara; batzuetan denok gara otso eta hurrengoan uso; noizean behin nor ez da asto, txerri, ezkailu edo euli?