2020/02/02

Erreportajea
Dakarra Saudi Arabian
Basamortuaren handitasuna

Jatorrizko Paris-Dakar ibilbidetik urrun eta hamar urte Hego Amerikan eman ondoren, Dakar Rallyaren 42. edizioa lehenbiziko aldiz Saudi Arabiako Erresuman egin da, urtarrilaren 5etik 17ra bitartean. Ekialde Hurbileko basamortu ikusgarrienak zeharkatu dituen 7.500 kilometroko lasterketak rallya bera txiki uzten duten irudi ikusgarriak eskaini dizkigu.

Joseba Eizagirre
097_etapa11

Lasterketa Saudi Arabian antolatu izanak eztabaida ugari piztu du, Riadeko gobernuak giza eskubideen aurka egin dituen eraso larriengatik. Ez dugu ahaztu behar Saudi Arabiak munduko krisi humanitario larrienean (Yemen) izan duen erantzukizuna, heriotza zigor gehien gauzatu dituen herrialdea dela edota Jamal Khaxoggi kazetariaren heriotza eragin zuela. Horregatik, Dakar Rallya bere irudia garbitzeko erabili izana leporatu dio batek baino gehiagok Saudi Arabiari.

Modu batera edo bestera, Dakar Rallyak Unescoren munduko bost ondare aipagarri dituen herrialdea hobeto ezagutzeko aukera eman digu. Saudi Arabia Ekialde Hurbileko estaturik handiena da eta Itsaso Gorriaren eta Persiar golkoaren artean dago, Arabia penintsulan. 2,1 milioi kilometro koadro ditu –Aljeriak adina– eta 33 milioi biztanle.

Munduko lasterketarik gogorrenetakotzat jotzen den rally honetan 351 gidarik hartu zuten parte –batzuk pilotu ezagunak eta beste batzuk dirudunak– eta guztira 7.500 kilometro egin behar izan zituzten, hamabi etapatan banatuta. Paisaia nagusia basamortua izan bazen ere (hondarrez betetako ordekak eta etengabeko duna guneak), mendiak eta itsasertzak ere ezagutu zituzten.

Lasterketa Itsaso Gorriaren ertzean dagoen Jidda hirian hasi zen. Garai batean arrantzale kutsuko herrixka zena, VII. mendean Meka-ko portu ofiziala bihurtu zen eta gaur egun herrialde honetako bigarren hiririk handiena da, 3,5 milioi biztanlerekin. Munduko dorrerik garaiena ere bertan dago (Jeddah Tower) eta Unescoren izendapena duen hirietako bat da.

Hiri horretatik abiatuta, gidariek iparralderantz jo zuten, Jordaniako mugaraino, hondarrez betetako basamortua zeharkatuz. Hala ere, hainbat tokitan mendiak eta harkaitzez betetako arroilak ere gurutzatu behar izan zituzten (Neom eta Al-Ula eskualdeetan). Inguru horretan daude, hain zuzen, antzinako nabateoen tenplu ikusgarriak.

Hortik aurrera, ekialderantz eta Riad hiriburura iritsi arte, guztia harea eta duna erraldoiak ziren (250 metroko altuerarekin). Atseden egunaren ondoren, lasterketak hegoalderantz jarraitu zuen, Yemen herrialdeko muga aldera, «Empty Quarter» izenez ezagutzen den munduko hareazko itsasorik handienera (650.000 kilometro koadro) iritsi arte.

Handik berriz ere ipar-mendebaldera abiatu ziren, sortu berria den Qiddiya hiriko helmugara iritsi arte (Riad hiriburutik gertu), berriz ere dunaz jositako ehunka kilometrorekin.

Gidariek Mauritaniako paisaiarekin parekatu zuten Saudi Arabiako ibilbidea. Ikusteko dago datorren urtean rallyak Ekialde Hurbilean jarraituko duen edo munduko beste eskualderen batera jauzi egingo duen.