Gurutze ANDUAGA
IRUDITAN

Maskara, salbu

Behin entzun nion ezagun bati, maskara aho-sudurrean jartzea beharrezko zeregin bihurtu zenean, zer pentsatu behar zuen norberak etxetik atera aurretik. «Kuleroak goizero jartzen dituzun bezala, maskarak ere lehentasun berbera izan beharko du aurrerantzean». Izan ere, zailtasun erauntsi batean sartzen da norbera maskararik gabeko garaiak noiz amaitu ziren eztabaidatzen jartzen denean. Kasik duela urtebete hasi zen pandemia-itxialdi garaian izan zela esaten dute batzuek, besteek beranduago eta, azkenean, memoriaren jolasak egiten dituen tranpetan erortzea ekidinezina suertatzen da. Tira. Baina kulero-galtzontzillo-maskara eredu triangeluarra ez da beti eredurik efizienteena izan. Eta bere logikaren eraginkortasuna ezbaian geratu da momentu askotan, lausotutako oroimen bihurtu diren hasierako une haietan batik bat, etxetik kulero-galtzontzillo edo dena-delakoak jantzita atera, baina maskara etxean ahaztuta uzten genuenean. Egoera xelebreak ere bizi izan dira. Ikusi izan dut noiz edo noiz ogia erostera maskararik gabe joan eta, etxerako bidean falta horretaz ohartuta, ezkaratzeko atea zabaldu arterainoko bidea ogia biltzen zuen papera ahoan jarrita egin duenik ere. Triangulazioa edo bestelako logikak erabilita “ikasi” genuen azkenean maskararekin elkarbizitzen eta, orain, betaurrekoen pareko kategoria hartuta, soinean doa halabeharrez gurekin, kuleroak edo galtzontzilloak jarrita ditugu pentsatu ere egin gabe.