Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrena

Aberria bizi, beti-beti eta beteki

Euskal Herriak eman duen inpaktu handieneko figuretako baten heriotzaren 40. urteurrenean, Telesforo Monzonek aberriaren askatasunaren alde obratu zituen ideiak errepasatu ditugu. Pelikuletako bizitza betea izan zuen, beti aberriaren askatasuna lehenbizi eta, gero, intendentzia kontuak. Intelektuala baino ekintzailea, lehengo eta oraingo gudarien aldekoa beti, abertzaleen arteko batasunaren zubigile nekagaitz, memoria kolektiboan utzi duen aztarna sakona eta oparoa da oso, eta gaurkotasun handikoa.

Erbestean berrogei urte pasatu eta gero, 1977ko abuztuaren 6an itzuli zen Bergarara, bere sorterrira, Telesforo Monzon. Irudian, Askatasun Ibilaldiarekin batera. Argazkiak: Olaso Dorrea Fundazioa
Erbestean berrogei urte pasatu eta gero, 1977ko abuztuaren 6an itzuli zen Bergarara, bere sorterrira, Telesforo Monzon. Irudian, Askatasun Ibilaldiarekin batera. Argazkiak: Olaso Dorrea Fundazioa

Telesforo Monzon eta Ortiz de Urruela Bergarako Olaso Dorrean, Euskal Herriko historiaren pasarte asko ezagutu dituen eraikin sendo eta dotorean, jaio zen 1904an. Zaldunen eta langileen herrian, jatorriz aristokrata zen zaldunen familia bateko maiorazkoa zen. Azkainera ihesi joandako aitajaun santakruztar bat bazuen, eta, txiki-txikitatik, bere etxea era guztietako jendearen biltoki gisa ezagutu zuen: abertzaleak, karlistak, foruzaleak… nolabaiteko konspirazio toki.

Monzonek umetatik izan zuen lotura berezia Donibane Lohizunerekin: bertan denboraldi luzeak pasatzen zituen. Hangoa eta hemengoa zen, Iparraldekoa eta Hegoaldekoa, itsasbazterrekoa eta lehorrekoa. Donibane Lohizunen zegoela Bergara gogoan beti eta, Bergarara etorrita, Donibane Lohizunerako tirantza naturala zuen. Bergararra izaki, ez zen erabat gipuzkoar, ezta guztiz bizkaitar ere. Botoa eta zergak Gipuzkoan, hizkeraz bizkaitar eta Gasteiz gertuen den hiriburua. Haur zela Bergarako euskara jaso zuen, baina, Olasoko saloian serioski hitz egiten zenean, erdara zen nagusi. Gaztetan, euskara hura ez zuela aski eta jantziago bat behar zuela erabakita, Tolosa ondoko Urkizura joan zen baserri batean euskara ikastera. Han ezagutu zituen euskal pizkundeak eman zituen figura handienetakoak: Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Aitzol...

Aristokratikotasun hori ez zaie agian batzuei sinpatikoa suertatuko. Eta pentsatuko dute zaldunen familiako handikia izateak ezinezkoa egiten duela ezkerrarentzat eredu bilakatzea, mugimendu sozial berriak inspiratzea. Bere estetika dotorea, bere nortasun partikularra, ez zaizkie popularrak irudituko, litekeena da. Are, bihotzez kristau izan, antropologikoki kontserbadore eta azken hatsa bota arte jeltzaletasunaren genetika odolean eraman zuen.

Jose Miguel Beñaran «Argala»-rekin batera. Lerro hauen gainean, Itsasun, Enbatak 1963an antolatutako Aberri Egunean. Ondoan, Ximun Haran ikurrinarekin.

 

Ibilbidea, mende bateko historiaren laburpen. Monzonen ibilbide pertsonal eta politikoa, baina, mende bateko Euskal Herriaren historiaren haragizko laburpena da. Lagun min izan zuen Agirre lehendakaria, eta Manuel Irujo edo Manu Sota jagi-jagia lagun handi. Piarres Lartzabal edo bere umore partikularrarekin «gure Ben Gurion» deitzen zuen Mark Legasse bezala. Gerraostean milaka errefuxiatu jaso eta haietaz arduratu zen Bidasoaren bestaldean, ateak eta bihotza zabaldu zizkien ETAko lehen errefuxiatuei, Txillardegiri, Benito del Valleri… Hurrengoekin ere, Txikia, Txapela, Argala eta abarrekin ezagutza eta elkarkidetza landu zituen. Gure herriko historian izen handiak guztiak, eta denekin, hor, gogo-bihotz, eragiten beti, Telesforo Monzon. Gerraurrean eta Errepublika garaian EAJko buruzagi izan zen, Madrilen diputatu, euskal gobernuko Barne sailburu, Ertzaintzaren sortzailea, erbestean Kultura ministro, Anai-Artearen bultzatzailea, Herri Batasunaren sortzailea… Horiek guztiak gutxi ez, eta aberriaren propagandista aparta ere izan zen, hizlari paregabea, idazlea, antzerkigilea, Euskal Herria sakon aztarnatu duten kantu eta alegia askoren sortzailea.

36ko Gerraren ondoren, aberria odoletan utzita, Euskal Herritik Euskal Herrira muga igaro zuen. Beste 6.000 aberkide bezala Goursko kontzentrazio-eremua ezagutu zuen; itsasoan “Alsina” ontzian 11 hilabeteko odisea pasa ondoren, aberriaren gogoa biziagotu eta bere beharra sutu zion Ameriketako erbestea. Iparragirrerekin batera kantatu zuen Monzonek ere: «Estranjeri aldian toki onak ba-dira, bañan biotzak dio... zuaz Euskalerri'ra...!». Eta Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, Donibane Lohizuneko Mende Berri etxean kokatu zen. Iparraldea erbeste ez zuen nazionalista zaharretan bakanetakoa zen Monzon, Francoren baimenaren zain egoteke, beti lanean, beti aberria bultzatzen. Mende Berrik hartu zuen Jose Antonio Agirreren gorpua 1960an hil zenean, bertan izan zuen egoitza errefuxiatuen aldeko Anai Arteak. Monzonen etxea euskal etxe bat izan zen.

Jeltzaletasuna, ohoratu beharreko tradizioa. Hil arte sentitu zen jelkide, eta Monzonek jeltzaletasunetik aldentzeko baino gogo gehiago izan zuen EAJk Monzon alderditik botatzeko. Jelkidetasuna sentimendu sakona zen berarentzat, ohoratu beharreko tradizioa. Hala, Herri Batasuna sortuberrian buru-belarri zebilenean ere, inoiz baino jelkideago ikusten zuen bere burua.

Harro zegoen Eusko Alderdi Jeltzaleko kide izan izanagatik. Monzonentzat EAJ handia, gauza oso handia izan zen. Ez zen politika bakarrik, martxan zegoen herria baizik, zibilizazio bat. Sabino Aranaren txinpartak sute ikaragarria piztu zuen gure herrian: poetak ekarri zituen, ikastolak, euskal langileen sindikatua, emakumeen antolaketa, Azkueren hiztegia, Euskaltzaindia. Aitortzen zion alderdi jeltzaleari Euskal Herria altxatu eta martxan jarri izana.

Monzonentzat jelkide izatea ez zen ur geldotan ibiltzea, oasi batean bizitzea. Ur-lasterretan aritu behar zen, garaiari egokituz. Gerra etorri zenean, alderdiko milaka gaztek borondatez eman zuten izena aberriaren alde bizia emateko. Heroikoa izan zen hura Telesfororentzat eta oso bereziki Europa harritu eta eskandalizatu zuen gertakizuna gogoratzen zuen beti: alderdi kristau batek, konfesionala eta katolikoa, lubakien une erabakigarrian, elizaren hierarkiaren kontra, eskuinaren eta oligarken kontra, nola egin zuen bat anarkistekin, komunistekin eta sozialistekin. Gainera, ez zen izan buruzagi baten erabakia, pertsona bat edo birena, ez, herri baten jokabidea izan zen. Harro, oso harro zegoen horrekin.

Ximun Haran ikurrinarekin.

 

Agirre lehendakaria, Jose Antonio laguna. Monzonek Agirre lehendakaria ezagutu baino lehen, Jose Antonio ezagutu zuen. Umetako lagunak ziren. Agirre osaba-izeben etxera joaten zen Bergarako jaiak ospatzera, eta beti mantendu zuten prakamotzetan zebiltzala egin zuten laguntasun hura, egoera zailetan elkarren konfesore izatera eraman zituena. Errepublika heldu zenean, hasiera-hasieratik, nabarmendu zen Jose Antonio Agirre. Bere lagun Telesforok oso argi zuen eta horrela aitortzen zuen beti: Euskal Herriak behar eta merezi zuen lider handia izan zen.

Monzon bezala, Agirrek ere euskara ikasi zuen eta euskaraz mintzatzen zitzaion herriari. Orduan ere abertzaletasuna erdibituta zegoen, “komunioa eta partidua”; eta Agirrek batu zituen, eta horrek itzal handia eman zion. Txokolate fabrika bat zuen Getxon eta, inork behartu gabe, bere borondate hutsez, langileen aldeko legeak ezarri zituen. Monzonentzat, duda barik, Agirre izan zen EAJn denetan sozialki aurreratuena.

Ez zen intelektual handia izango agian, baina Monzonentzat gizon osoa zen, pieza bakarrekoa. Berarentzat, herriak eta Jose Antoniok bat egin zuten, denbora latz haien sinboloa izan zen, eta horrela aitortu zion ordezkatzen zuen herriak. Jakina izan zituztela desadostasunak, baina beti mantendu zuten konexioa eta konplizitatea.

«Espainolak ez bazarete, zer egiten duzue hemen?». Monzon 1933tik 1936ra EAJko diputatu izan zen Madrilen, Errepublikako parlamentuan. Euskal Herrian herriz herri mitinak ematen nabarmendu zen hizlari aparta, Calvo Sotelo bezalako zezenekin trebatu zen buruz buru. Euskal diputatu gazte hura ez zen mutu geldituko argudio dialektiko ezagatik. Madrileko Kongresuan, baina, esperientzia txarrak bizi izan zituen eta, barru-barruan, oso gogoan zuen bertan esan ziotena: «Zuek espainolak bazarete, gure joko arauak errespetatu, eta, espainolak ez bazarete, zer egiten duzue hemen?».

Ez hori bakarrik. Esperientzia horretatik atera zuen beste irakaspen bat honakoa izan zen: euskaldunon alde ateratzen zirela beti espainolak oposizioan zeudenean, baina, agintea eskuratzean, asko moteltzen zela adiskidetasuna. Monzonen arabera, ezkerrekoek agintzen zutenean «trogloditas, capitalistas, reducto del Vaticano» ziren abertzaleak. Eta eskuinekoek agintzen zutenean, berriz, «masones, rojos, separatistas, vendidos a Moscú».

Memoria horrek asko markatu zuten Telesforo eta, Franco hil ostean, erreformaren eta hausturaren arteko eztabaidan, bigarrenaren alde egin zuen argiro. Nafarroa alboan uztea, gaztelania derrigorrezkoa eta euskara aukerakoa izatea, Irunetik Algecirasera subjektu bakar bat egotea eta euskal herritarrak mendeko izatea ez zuen ontzat ematen. Helburua Aturritik Ebrora euskal estatu euskalduna eraikitzea izan behar zela zioen. Beti esaten zuen berdina: «Bakea, euskal estatuaren ordainetan». Alegia, bakea nahi eta merezi dugu, baina autodeterminazioa behar dugu eta herriak erabakitzea. Euskal demokrata zen, baina demokrata hemen, ez espainol.

Ezker-eskuin, lerroz lerro, erbesteko Eusko Jaurlaritza, Mexikon, 1945ean; Monzonen irudia saiheska; Santiago de Compostelan, Dia da Patria Galega egunean; Monzon, ilobekin hartutako familia irudian; Julian Alustiza «Aztiri»-rekin Arantzazun; Eskoriatzan, 1935. urtean, Maria Josefa Ganuzarekin ezkontza egunean; Walter Luyten eta Willy Kuijpers abertzale Frandiarrekin, Diksmuiden hirian; Aralarko San Migelen Manuel Irujorekin; 1978an, Donostian egindako Kili-kili egunean; 1978ko urrian, Bilbon antolatutako manifestazio batean, Monzon eta guardia zibilak aurrez aurre; Baionako katedralean gau-belan gose-grebalariekin; Algortan 1980ko azaroan, EAE-ANVren 50. urteurrena ospatzen; eta Baionako katedralean  Carlos Hugo de Borbón eta Mariano Zufiarekin.

 

Kristau izatea, herria maitatzea. Monzon kristaua zen osoki, mezetara joan eta komunioa hartzen zuen, baina ez zen apaiz zalea. Kristautasunak borondate bat islatzen zuen berarentzat: pertsona ona izateko nahia. Mistika bat ere bazuen, eta Monzonek ahalik eta klerikaltasun gutxienekoa izatea nahi zuen. Ondo ezagutzen zituen Eliza katolikoaren bekatuak, baina bere bekatu propioetan pentsatuz praktikatzen zuen fedea.

Pertsona ona izan nahi horrek, mistika horrek guztiak, Euskal Herriko instituzioak eta euskal herritarren arteko harremanak blaitzearen aldekoa zen. Harentzat, humanismoaren gailurra ondo interpretaturiko kristautasuna zen eta Jose Antonio Agirre lagunak esan bezala, oso argi zuen: kristaua izatea herria maitatzea baldin bada, ni kristaua naiz; kristaua izatea ezpataz kristautasuna sartzea baldin bada, ni ez naiz kristaua.

Kristautasunak eraman zuen herrira, xehea eta umila zena maitatzera. Bigarren Mundu Gerran naziek Polonia eta garaiko Txekoslovakian preso sartu zuten Ziburuko Zokoa auzoko apaizarekin, Piarres Lartzabalekin, harreman estua zuen. Biak ziren antzerkizaleak, eta 30 urtez ia egunero ikusi zuten elkar. Lartzabalek kontatua da Monzonek erabaki politikoak hartu behar zituenean, berarekin batera espiritu santuari eskatzen ziola argitasuna, ea ondo jokatzen ari zen, batez ere, kristau bezala. Are, berak uxatzen zizkiola Monzoni ETAren ekintzek sortu ahal zizkioten kontzientzia zalantzak, kezkak eta beldurrak.

Ideiak ez dira ezer haragirik gabe. Francoren aulkiak. Pitxer hautsia. Arrano beltza. Kardantxiloa eta kanarioa… Fabulen, parabolen, alegien bidez mintzatzea maite zuen Monzonek. Baliabide metaforikoak ematen zizkion herriari, adibide sinple eta zorrotzak, kantuak eta pertsonaiak. Programa politiko baten puntuak buruz ikastea baino eraginkorragoa zen ipuintxo bat kontatzea, kontsignen fedeari itsu jarraitzea baino askoz hobea zen abesti bat kantatzea.

Ez zion bortxaz herriari teoria bat ezarri nahi, ez zegoen teoria baten zerbitzura. Bere herriaren zerbitzura bizi zen. Ez zuen teoria baten neurrira egindako herria nahi; herri batentzat bide bat bilatzen zuen, ez gehiago ezta gutxiago ere. Abiapuntua ez zen teoria, Euskal Herria zuen abiapuntu beti. Eta ez zion axola pertsona bat marxista zen ala ez; abertzalea zen ala ez, horrek kontatzen zuen benetan. Marxista gazte askorekin konspiratu zuen, eta zenbat eta gertuago haiekin, orduan eta kristauago sentitzen zen.

Telesforok helburu bat zuen haragi bizitan, denetan garrantzitsuena, ia bakarra: gure herriaren burujabetza. Ez zen intelektuala, ez zen aditua ekonomia gaietan, ezta bulegoko politologoa ere. Baina jakinduria eta sen politiko handikoa zen benetan. Herri xehea miresten duten aristokraten artekoa genuen, baserritarrekin, arrantzaleekin, kontrabandistekin eta morroiekin liluratzen zena. Bazekien entzuten, bazekien gazteekin liluratzen diplomatiko baten jendetasunaz eta bizitza beteak ematen duen zuhurtziarekin.

Nafarroa ardatz. Monzonek Nafarroa alde batera utzi nahi zutenekin ez zuen biderik egin nahi, «ez Eibarreraino ezta Maltzagaraino ere». Geroari buruz, Iruñea ikusten zuen gure Jerusalem, gure Hiri Nagusia, eta «Gora Euskadi!» esan ala «Gora Nafarroa!» esan, gauza berdina zen berarentzat. Beldurgarri sufritzen zuen Nafarroa «etorriko da», «sartuko da gero» eta horrelakoak entzutean. Berarentzat, Nafarroa ez zen inora joan behar, egotea eta izatea, besterik ez zitzaion egokitzen.

Monzonentzat 1931ko Lizarrako Estatutuarekin gertatu zena traumatikoa izan zen oso. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako udalek gehiengo handiz onartu zuten, baita hiru aldiz ere. Baina Monzonek eta historialari askok esan bezala, eskuineko jauntxoen (Rodeznoko kondea buru) eta ezkerreko jauntxoen traizioz eta trikimailuz, 1932ko ekainaren 19an baztertu zuten nafarrek. Lizarra bilakatu zen lurralde batasuna eta legea egiteko ahalmena barnebiltzen zituen Monzonen Maltzaga.

Molak eta Francok gerra sutu zutenean nafar gehienak euskal erresistentziaren aurka aritu ziren, eta Monzonentzat euskal anaien arteko gerra mingarria bezain eramanezina izan zen, nahiz ez zuen zalantzarik izan faxismo espainolaren aurka ekiteko. Nafarroatik helduta nafar euskaldunek eusko gudariak nola hil zituzten ikusi zuen, baina, hala ere, argi zuen euskaldunen arteko gorrotoak beratu eta adiskidetzeko beharra.

Euskara giltzarri. 1931n lau herrialdeetako euskaldunak batuta zeuden, hobea ala txarragoa zen autonomia estatu baten bidez, baina batuta. 1932an, hamabost ahaldunek Lizarrako Estatutuari egindako traizioagatik banatu ziren eta, 1936an, elkarren kontra gerran ziren. Euskalduna anai-arreba zen Monzonentzat, nahiz eta Gipuzkoako Defentsa Batzordeko buru zela, Oiartzundik behera etorri eta gudariak hiltzeagatik bere aurrera preso ekarritako errekete baztandar euskalduna izan.

60ko hamarkadatik, oso argi zuen: euskal estatua kohesionatzeko erlijioak ez zuen balio. Gerraurrean bera izan zen jelkideen artean euskarari balio politiko benetakoa eman zioten gutxietakoa. Orduan izan zitekeen Jainkoa, baina eraberritu egin behar zen hori eta euskara ikusten zuen kohesiorako giltzarria, «ametsa aurrera ateratzeko bide bakarra». Bere metaforekin argi esaten zuen: «Guk kantatu behar dugu kardantxiloak bezala, ez kanarioak bezala».

Monzonentzat euskararekiko eta lurrarenganako maitasunik gabe ez da egiazko abertzaletasunik. Bere kantu, antzerki, olerki eta diskurtso gogoangarri guztiez gain, euskara batuaren oinarriak ezartzeko jardunean ere aritu zen Baionako Idazkaritzan elkartzen ziren Lafitte, Davant, Lartzabal eta Txillardegirekin, eta jakina da bertan hartutako erabakietan oinarritu zela 1968an Arantzazun egin eta euskara batuaren jaiotza ofiziala ekarri zuen batzarra. Monzonek beti errepikatzen zuen euskal errepublika askatuaren aldeko borroka eta euskararen aldekoa biak bat zirela, elkarri estuki atxikirik bururatu beharrekoak.

Lehen eta orain, gudariekin beti. ETAko militanteak, jelkideak 36ko Gerran bezala, gudariak ziren. Lau haizeetara, ozen, aldarrikatzen zuen hori. ETAko gudarien alde ez balego, ezingo zela jelkide izan pentsatzen zuen. Lehengo eta oraingo gudariak gerra berdinean borrokatzen zirela zioen, aberriaren askatasunaren alde, berak euskal gudarosterako lortu zituen armak eta ETArenak berdinak zirela, helburu berdinaren aldekoak. Kandido Saseta eusko gudarosteko komandantea intimitatean ezagutu zuen, Mikel Alberdi gerran hil zen lehen gudaria eta beste asko ere bai. Ezagutu zituen Txikia, Txapela, Argala, Korta eta beste, eta denetan gauza bera ikusten zuen: aberriaren alde emateko odola gerturik zeukaten gudariak.

Monzonentzat ETA aberriaren pizkunde bedeinkatua izan zen, abertzaletasun leherketa berria, bigarren olatu handi bat altxatu zuen indarra. Bazekien akatsak egin zituela, eta hori atsegin zuen oso ETAtik, bere akatsak aitortzeko ahalmena. Orokorrean ikusten zituen gauzak, ikusmira luzean, eta, osotasun horretan. ETAk euskarari salbatzeko arnasa emateaz gain, Euskal Herriaren kausari, edo nahi bada euskal arazoari, beste dimentsio bat eman ziola aldarrikatzen zuen, beste sinesgarritasun bat. Eta odola gerturik aritu diren beste indar batzuk ere gogoan, iragan mendea ETAk eta EAJk markatutakoa izan zela zioen, Gernikak eta Burgoseko Prozesuak.

Gazte haiek abertzaletasuna nola sutu zuten ikustea Monzonentzat heroikoa izan zen. Buru-belarri egin zuen bere ekarpena gazte haien alde. Jeltzale sentitzen zen horrela, Errepublika garaiko EAJren ildoari segida ematen ziola uste zuen. Atzokoena bezala, gaurko gudarien kategoria morala miresten zuen, txapela kentzen zuen. Ongi zekien ETAk ez zuela gerra sortu, gerraren kreatura bat zela baizik. Eta beti defendatu zituen gudari denak, lehengokoak bezala ondorengoak ere, zubi-lana eginez behin eta berriz.

Herri borroka, ez talde borroka. 1936an gudarien ondoan izan zen, gero ETAko militanteen ondoan. 36an presoen ondoan egon zen, gero ere presoen ondoan. Gerra bakarra zen, bukatu egin behar zena, bere hitzetan «bihar bertan» buka zitekeena. Presoak kaleratu eta Euskal Herriaren burujabetza aitortu, bakeak ez zuen besterik behar Monzonentzat. Baina beste zerbait ere behar zen: abertzaleen artean jokaera banderizoak eta ezin ikusiak, batasun eza eta elkarkidetza falta bukatu beharra zegoen, «etsaitzen gaituen Mari-gaiztoa» garaitu. Herri abertzalea batu behar zen oinarri partekatu batzuetan: aberriaren askatasuna, euskara eta lurraldetasuna. Monzon 1971n saiatu zen Euskal Frontea sortzen, gero 1977an Xibertan. Abertzaleen arteko elkarkidetza eta ahaidetza bere bizitzako ahalegin nekagaitza izan zen.

Monzonek ohorerik jaso baldin bazuen bere bizitzan, handiena Euskal Gobernuko ministro izatea izan zen. Euskal Gobernuak 1936an, herri osoaren izenean hitz egin zezakeen; faxistak kanpo utzita. Herriaren borroka baterako Herri Buruzagitza zen. Indar abertzale berriak sortuta, Monzon gobernuko ateak parez pare zabaltzearen aldekoa zen, buruzagitza eta mintzakidetza nazionala finkatzearen aldekoa. Denak deitu zituen denen artean programa bat egiteko.

Ez zuen dudarik ezker abertzalea Eibarreraino zihoala, Euskal Herri burujabea, batua eta euskalduna lortzera. Baina Maltzagaraino bidelagunak behar ziren, inor ez zen baztertu behar. Abertzaleen programa minimoak eta alderdi sukurtsalisten maximoak aztertuta, ikusten zuen programa partekatu bat egiteko oinarria, Maltzagaraino iristeko Lizarrako Estatutuaren antzeko zerbait onartzeko gai zirela uste zuen, baita horrek izan behar zuela bide orria ere; autodeterminazioaren marko demokratikoa Maltzagan, eta, bertatik ezkerrerantz jo gero, Eibarrerantz, askatasunerantz.

Herritar Batasuna, besoak zabalik. Monzon 1977ko azaroan egotzi zuten EAJtik bere borondatearen aurka. Baina beti aitortu zituen EAJren bertuteak, bere historia handia, «heroikoa» ere izan zena. Pertsonalista, mesianikoa izatea egotzi zioten arren, Agirre lehendakariaren lekua ez hartzeagatik erremindua zegoela esan zioten arren, are, agurra ukatzera iritsi ziren arren, isiltasuna izan zen bere erantzuna, ika-mika pertsonaletatik urrun, alderdiko lagunak mantendu zituen. Herri Batasunaren sorreran inplikatu zen gero, buru-belarri.

Ideologiaz kristau-demokratatzat jo zitekeen arren, beso zabalik hartu zuten Herri Batasunan. Berea izaten zen beti “Eusko Gudariak” abesterakoan estutzen ez zen ukabil bakarra. Aktibo handia, ikonoa, gloria bat izan zen Herri Batasunarentzat bere figura. Mitinlari aparta, apasionatua, ateak zabaltzeko kontaktu asko zituen Bergarako aristokrata desklasatuak. Zinezko herritar batasun bat zer den ulertzeko, nazio askapenerako aliantza interklasista baten zentzua eztabaidatzean, Monzon gogoratzea besterik ez dago erantzuna aurkitzeko.

Adinean aurrera eta bihotza pattal, lasai asko bizi beharrean, borroka politikoan buru-belarri eman zituen azken urteak: desobedientzia zibilean, manifestazioetan, Langraizeko kartzelan, gose grebatan. 1981eko martxoan hil zen, etzi berrogei urte, bihotzak «aski da» esanda. Hilda ere, bere gorpua bahitu egin zuten, tanketekin hartu Bergararako bidean. Bere eredua bizirik geratzen da, obratu zituen ideiak, herri abertzalearen memoria kolektiboaren ondare. Gugan bego.