Amaia Uribe
IRITZIA

Uda

Gogoan dut txikitan ikastola noiz amaituko egoten ginela udaz gozatu ahal izateko. Gogoan ditut azken asteko nerbioak eta bi hilabetez liburuak ixteak eragiten zigun poza. Udak amaigabea zirudien eta milaka plan izaten genituen: hondartza, herrietako jaietako barrakak, gaueraino luzatzen ziren arratsaldeak, izozkiak, gurasoekin egiten genituen bidaiak... Urtero pentsatzen genuen zetorrena gure bizitzako udarik onena izango zela. Institutu eta unibertsitate garaian ere uda gogotik gozatzen genuen. Kasu hartan, baina, txosnengatik aldatzen genituen jaietako barrakak, parranda arratsaldeak goizeraino luzatzen ziren eta, familiarekin barik, lagunekin joaten ginen oporretan.

Gerora, lanean hasi eta uda aldatu egin zen. Bi hilabeteko oporrak amaitu ziren, ordezkapen kontratuak bata bestearen atzetik sinatuz uda lan egiteko aprobetxatzen genuen eta bidaiak egiteari utzi genion hipoteka ordaintzeko. Haurtzaroan udak zeukan magia ahaztuta geneukan, aurtengo urtera arte.

Txikitan izaten genuen sentsazioa nabaritzen hasi naiz inguruan. Pandemiak iazko uda lapurtu zigula-eta, honakoa bizitzako udarik onena izango dela uste dute askok. Txertoaren lehen dosia hartzearekin batera, bidaian joateko planak egin dituzte eta ikastolako liburuak ixterakoan izaten genuen emozio berarekin kendu dituzte musukoak. Hondartzak eta tabernak jendez bete dira, aireportuetan joan-etorriak ugaritu egin dira eta, elkarrengandik urruntzetik, elkar besarkatzera igaro gara. Baina ez dezagun ahaztu koronabirusak bueltaka jarraitzen duela eta aldaera berriek arazoak sor ditzaketela.

Inguruan izan ditudan kasuak datozkit burura. Gertuko hiru pertsona hil dira eta familian kutsatzeak izan ditugu. Ospitale atarian egon naiz mediku eta erizainak elkarrizketatzen eta, gorputegiak gainezka zeudela-eta, gorpuak hobi komunetan lurperatzen zituztela kontatu dut. Negar egin dut kameraren aurrean ematen nituen heriotza zifren atzean lur jota geratu diren familiak daudela pentsatzean eta beldurra sentitu dut laneko bidaien ostean PCR probak egitera joan naizenean. Uda bat ez ezik, askatasuna, gertutasuna, elkarrekiko konfiantza eta bizipoza kendu dizkigu 4 milioi hildako inguru utzi dituen pandemia honek. Normaltasunera itzultzeko desiratzen gaude denok. Baina gure bizitzako udarik onena gozatzetik harago, gure bizitzan udak izaten jarraitu nahi badugu, goza ditzagun bi hilabeteok zentzuz jokatuta. Pandemia ez da amaitu oraindik.