Ibon Salaberria
ARKITEKTURA

Txabola primitiboa

Primitibismo berri” izendatu dute autore batzuek datorren arkitekturaren garai berria. Lehen arkitekturak, alegia, gizakiak eraikitako lehen zutabe, euskarri eta babesaren mitoak, hari edo eztabaida luzeak sustatu ditu kritikaren historian. “Txabola primitibo” delakoa –frantsesez, cabane rustique– esandako teoriak jasotzen dituen kontzeptua da. Arkitekturaren beraren praktika problematizatu eta aztertzen duen zaku teorikoa. Errekurrentea da eztabaida toki horretara eramatea, hortik abiatuta sortu omen baitziren gizakiaren kultura- edota estetika-garapenak eraikitako tenpluak. Txabola primitiboa izango litzateke naturatik zuzenean datorkigun arkitektura posiblea eta tenplua, aldiz, kulturaren garapenak emandako emaitza.

Lehen eraikuntzaren mitoa, arkitekturaren praktikaren hasiera, XVIII. mende erdialdean agertutako tratatuetan agertzen hasi zen eta XIX. mende erdialdera arte jarraitu zuen; akaso ezagunena Antoine Laugier abade frantsesak idatzitako “Essai sur L´Architecture” saiakera da. Vitrubiok ezarri zituen ideia askoren hausnarketa kritikoa da Laugierrena. Geroago bere ikuspegia arkitekturaren teorian aztertu zen, arkitekturak diziplina gisa izan dezakeen patuari buruz espekulatzeko.

François Blondel eta Claude Perraultek ere eztabaidaren lekukoa hartu zuten. Blondelek arkitekturaren jatorria arte gisa ulertu nahi zuen, ez eraikuntza soil gisa. Ideia berbera hartuta, Perraultek, “Ordonnance des cinq espèces des colonnes” obran, arkitekturak ez zuela natura imitatzen ondorioztatzen du eta, hortaz, jatorrizko txabola primitiboaren teoria eta mitoak ezeztatzen ditu: «Zutabeek ez dute oinarrizko gustuaren onarpena, zuhaitzen enborren antzekotasuna duten heinean».

Uler dezagun Arrazoiaren eta Zientziaren garaia zela eta ilustrazio edota berpizkunde aroetan zuzenean naturatik zetozen elementuak ez zirela onartzen arkitektura gisa; alegia, ez zutenez kulturaren galbahea pasatu, eraikuntza primitibo gisa izendatzen ziren.

Azken urteetan, antzeko garaietan gertatu den bezala, berriz ere eztabaida mahaigaineratu da. Primitibismo berri edo gordinkeria garaiak datozen zantzuak agertzen ari dira, gordin pentsatu eta gordin eraikitzeko momentuak.

Gordintasunean murgiltzeak baditu hamaika ñabardura edo modu ezberdin. Gordin izan daiteke arkitektura erakusleihoan erakutsia izan dadin edo gordin pentsatu daiteke arkitektura materiaren transformazioaren zikloa kontuan duen sistema bat sortzeko asmoz. Atzera begiratuta, haien arkitekturak gordinki proiektatu zituztenen eraikinak “brutalista” gisa bataiatu zituzten aurreko garaiko arkitekto-kazetariek. Gaurdaino iritsi da “brutalismo” etiketaren erabilera. Egun, hormigoizko eraikin pisutsuekin identifikatzen da. “En bruto” pentsatzeak, aldiz, materialak, aurkitu bezala –as found, ingelesez–, testuinguru arkitektoniko berri batean ensanblatzearekin zuen erlazioa, bederen, nire irakurketan.

Hortaz, material gordin, eraldatu gabeak, kasik material bilakatu baino lehenagoko urrats horretan kaptatu eta proiektuan txertatzeak badu brutalismoaren errotik zer edan. Zuhaitzen enborrek eman ohi dituzte zurezko arkitekturak eraikitzeko despieze ezberdinak. Enborra eraikuntza material bilakatzeak sortzen du osagai hau burokrazia eta ziurtagirien zurrunbilo lasaigarrian onartzea.

Aurretik errepasatu dugun Etxola Primitiboaren mitoak, natura eta kulturaren arteko muga etengabe hauskorra edo ezegonkorra dela azaltzen digu. Gaurko garai hiperproduktibistak, akaso, muturreko bidea hartu du. Material brillanteek ez dute jada materiaren transformazioaren errelatoa erakusten. Ez genuke ulertu behar, aipatu beharra daukat, esentzialismotik edaten duen jarrera bat denik berriz ere materiaren jatorri eta transformazioak duen potentzia estetikoa goraipatzea. Bestela, ikus dezagun hain justu, Finlandian, baso eta zuhaitzen paisaiak hainbeste zeharkatu dituen estetika eta ohiturari jarraituz, garai ezberdinen mugarri izan diren arkitektoek eragin zituzten arkitekturen ñabardurak.

Testua ilustratzen duten irudietan, Pikku-Finlandian, 2019an, Aalto Unibertsitaterako sarrera pabiloia diseinatzeko egin zen lehiaketaren irabazlea ageri da. Ikasleentzat irekitako lehiaketa izatetik, irabazleek, Elli Wendelin eta Jaakko Torvinenek, graduko tesi bilakatu zuten proiektuaren garapena.

Pikku-Finlandia ("Finlandia Txikia") Helsinkiko Töölönlahti badian dago. Ekitaldi eta bilera gune gisa proposatzen da eraikina. Funtzioa bete ondoren, desmuntatu eta berreraikitzeko diseinatuta dago: «Helsinkiko beste leku batzuetan, gutxienez 30 urterako hezkuntza-espazio bat izan daiteke, adibidez», iradokitzen du taldeak.

Bere egiturazko zutabeak, 95 pinu enborrekin eraikiak, eskuz jaso ziren Loviisako basoetatik, Finlandiako hegoaldeko kostaldean. Pinuaren enborrak eman dio zutabeari irudia. Materiak transformazio laburra izan du. Perraultek ez luke onartuko arkitektura gisa.