Javi Rivero
Cocinero
gastroteka

Sukaldean ere, euskaraz

Igande on, familia eta lagunak, “ahobizi” eta “belarriprest”-en garai honetan, sukaldeak ere badu-eta zeresanik! Hobeto esan, badu sukaldeak zertan hausnartu euskararen erabileraren eta honen gastronomiatasunaren inguruan, azken urteetan jatetxeetan neurtu daitekeen euskararen presentzia urriak kezkatzen bainau. Bai, gaurkoa gutun irekia izango da, norberak nahi duen moduan ulertu eta landu dezan.

Ez da kontu berria Euskal Herriko jatetxeetan “think global, eat local” delakoaren joera. Ohikoa eta erraza da gurea goraipatzen duten leloak topatzea kartetan, ikurrinak nonahi eta janzkera folklorikoak sagardo txotx bat egiteko garaian. Gertatzen dena da “think global” hori “eat global” bilakatzen dela, ikurrinak kebab-etan izaten direla gehienbat eta janzkera folklorikoa daraman horrek, euskaraz ez jakiteaz gain, ikasteko interes minimorik ere ez duela adierazten. Zilegi da, noski, baina urteetako lanak merkatzen ditu jarrera honek. Mila aldiz esan ohi dut gaur egun Euskal Herrian errazagoa dela hegaluze tataki bat topatzea, baratxuri zopa baino. Carrot cakeak (azenario pastela) lekua kendu diola betiko arroz esneari, edo euskal pastelari edo pantxinetari berari ere. Hemen da globalizazioa, eta Euskal Herri global eta euskaldun bat nahi badugu izan, badugu lan pixka bat aurretik. Badakizue, «hizkuntza bat ez da galtzen…». Beraz, etxetik hasiko gara.

Globalizazioari lotuta, kanpoko elikagaiak mirestearen arrazoia exotismoarekin zuzenki lotuta dagoela esango nuke. Horiek guri atentzioa ematea jarrera naturala da. «Etxekoa beti izango da etxekoa eta sekula ez dugu galduko etxeko horretaz gozatzeko aukera», esaten diogu geure buruari, aukera galtzen dugun arte. Begira non geratu diren “sukalkiak”, “eskailuak”, “morokilak” edo “asto janak”. Hitz eta izenekin batera galdu dira platerak. Momentu honetan, gureak kanpokoari tartetxo bat egiten dion unean, exotikoa bilakatuko da “etxeko”. Eta, ojokuidau! Izan daiteke bertakoa eta euskalduna, baina hitza galtzearekin batera aberastasuna ere galtzen da, aniztasuna, etab. Zergatik ez biak elkarrekin bizi?

Garaiak aldatzen doaz eta jakin badakigu ezer ez dela betiko, baina benetan beldurtzen nauena da historian zehar horrelako trantsizioak askoz ere mantsoago eta modu naturalago batean gertatu direla. Begira Ameriketatik iritsi ziren produktuek nola aldatu zuten historia, gastronomikoa barne. Kezkagarria iruditzen zait azken urteetan daramagun abiadura eta zeinen azkar egiten diogun lekutxo bat munduko beste puntatik datorren plater bati, jatetxe “tradizional” batean, nahiz eta gure produktuak erabili (hau izango litzateke “think global, eat local” delakoa). Kanpokoa hobea izango delakoan, urteetan landutako nortasuna alde batera utziz edo ikur sinplista eta topikoekin orekatu nahian egiten da maiz. Familia, lagunak, ez naiz ari plater eta produktuen erabileraren inguruan soilik, gure hiztegi eta hizkuntza gastronomikoaz baizik. Hitza eta hizkuntza direlako horrelako “arazo” eta errealitate baten aurrean geratzen zaigun arma bakarra nortasun galerari aurre egiteko. Erabil dezagun.

Kartak, euskaraz. Pentsa zeinen ederra den euskaraz jatetxe batera joatea. Lehenik eta behin, agurra eta ongi etorria, norbaiten etxera sartzeko ekintza hutsean gertatzen den magiari lotua. Tarteka, eguzki loreen botereaz babesturik sartzen gara beste baten aitaren edo amaren etxean. Eta errespetu handiz ematen du lehen pausoa gonbidatua izan den pertsona horrek. Euskaran, “etxea” hitzak baduelako jatETXEtan gotorleku eta babeslekutik. Plater soil bat jateko aukeraz gain, zaindua sentitzeko abagune edo leku bilakatzen duelako euskarak restaurante bat.

Euskarak duen aniztasuna ere indartu daiteke kartetatik. Esaterako, eskaintzak %100 euskaratuz. Izan daiteke batzuetan gure begi eta belarriek modu arrotzean jasotzea informazio jakin bat: azpizuna, leka, arrautzopila, muxarra, ziazerba, luzokerra, kuia, punisagarra… zer iruditzen? Aldiz, esango banizue: solomillo, vaina, tortilla, sargo, espinaca, pepino, calabaza edo granada? Gure esku dago euskara modu ahalik eta aberatsenean erabiltzea. Ez dakienari modu zuzen eta dibertigarri batean erakutsi ahal zaio orain arte ikasi gabeko “azpizuna” solomilloa dela.

Jatetxe batean, bestela ere, gertatzen dira egoera xelebre eta atseginak. Orain dela gutxi, bezero batekin hizketan ari nintzela, honek kontatu zidanak gehiago maitemindu ninduen euskararekin. Beraiek etxean azenarioari “zain horia” deitzen ziotela kontatu zidan. Garai batean euskarak erdarari utzitako “zain horia” = “zan (a) horia” berreskuratuz. Alegia, zain horitik, zanahoria eta zanahoriatik, azenario. Hauek nahiago zain horia. Zentzu guzti-guztiarekin gainera. Ordutik, ni ere saiatzen naiz, orain arteko azenarioa “zain hori” izan dadin.

Ohartu gara orduan, bai, euskarak behar dituela arnasguneak, behar ditu “zain horiak eta azpizunak” defendatzen dituen jendea. Euskarak behar du, zuen sabelak jaki goxoez elikatzen diren bezala, hitzez eta hiztegiz nork elikatu. Honek babestuko baitu gure ama eta aiten etxea. Egun batean gastronomiaz gozatzeko aukera eman zigunari bueltatu diezaiogun gastronomia aberastua, datorrenak goza dezan eta honek ere eman diezaion bultzada bat euskara gastronomikoari.

Gure eskuetan, ahotan eta belarrietan dago, daukagun proiektu zoragarri honekin batera (Euskaraldia) gastronomia ere indartzea. Gastronomiak ere indartu dezakeelako euskara. Eguneko otordu bakoitza delako aukera bat. Izan hamaiketako ala bazkari, ogitarteko ala dastatze menu, edozein momentu bilakatu daiteke ikasketa sakon eta aberasgarri bat. Sabela eta garuna betetzeaz gain, gu guztiona den euskarari ere jaten ematen ari gatzaizkiolako. Gogoratu kozinatzeak berak duen garrantziaz: gisatu, irakin, birrindu, iragazi, gorritu, laberatu, frijitu, zuritu...

Euskaraz jan eta kozinatu daiteke. Izan gaitezke ahobizi jaten eta belarriprest sukaldean aritzen garenean, oso ohikoa dela esango nuke. Honek gero eta gutxiago kozinatzearen joerarekin harreman zuzena dauka. Jan, egunero jaten baitugu, baina sukaldean aritzearena, beste egun baterako bada, hobe. Gure jokabideek eta horien tendentzia aldakorrek euskarari modu zuzenean eragiten diote eta gero eta gutxiago kozinatzearen joera horren adibide garbi bat da. Horrekin batera galtzen ari baikara sukaldean euskaraz aritzeko trebezia.

Ez dugu galduko ordea, gosea. Ikasi eta jatekoa. Gure kulturak jaki eta hitz ederrez betetzeko eman digun aukera eta egunero ohetik lehenengo oina lurreratzera bultzatzen gaituena. Gosea sentitzea bizirik egotea delako eta bizirik egoten, sukaldean euskaraz aritzeak eraman gaitzakeelako belarriprest izatetik, ahobizi izatera. Euskararen gose bizi bagara, jan dezagun euskaraz, aritu gaitezen sukaldean ere euskaraz.