IÑIGO OCAMICA
ARKITEKTURA

Atalaseen bertutea

Aire de Bardenas Hotela. José Hevia
Aire de Bardenas Hotela. José Hevia

Azkenaldian atalaseek lotuta naukate. Gai honek luzerako eman dezake, eta azken boladan arkitekturaren (eta hirigintzaren) irakurketa bat egiteko oso baliagarria suertatu zait. Irakurlearentzat ere begirada hau interesgarria izan daitekeelakoan, gaia ekarri dut gaur orri hauetara.

Atalaseen garrantzia jada Alison & Peter Smithson arkitektoek azaldu zuten aurreko mendeko 50eko hamarkadan, eta Aldo Van Eyck arkitektoa (Smithsonekin batera Team 10 taldeko kidea zena) in-between kontzeptuaz aritzen zen, hau da, tarteei buruz, trantsizioei buruz aritzen zen, atalaseen kontzeptuarekin estuki lotuta dagoena.

Arkitekturan irekidurek influentzia handia dute espazioak bizitzeko dugun eran. Irekidura batek, ate edo leiho batek, elementu eraiki batek egiten ditu posible: ateburua edo leihoburua... Horien azpian, tarte horretan sorten den espazio horri deitzen diogu atalasea, gaztelaniaz “umbral” esaten dena.

Pentsa dezagun arkitektura egitea funtsean zer den: munduko zatitxo bat bereiziz barnealde bat sortzea. Barruan egon, kanpoan egon, hori da arkitekturak ahalbidetzen duena. Eta barne espazio bat mugatu izanak ere badu beste ondorio bat: limite horren materializazioak baldintzatzen duela euren arteko erlazioa. Atalaseak, tarteak... barnealde eta kanpoalde horien artean sortzen diren ñabardurez beteriko trantsizio guneak dira, edo hala izan beharko lukete behintzat.

Gazteentzako etxebizitzak Sant Andreu-n, ​Emiliano López - Mónica Rivera Arquitectos taldeak diseinatua. Román Yñán

Bizitzeaz hitz egiten dugunean, etxeari buruz pentsatzerakoan, barnealde hori babesten gaituen tokia da gehienon iruditerian, intimitatea eta segurtasuna ematen diguna. Etxebizitza bizileku bihurtzen dugun espazio eraikia da, kanpoko mundutik gordetzen gaituen babeslekua. Apartamentu hitzak badu horren kutsua, apartatzeko balio digun tokia.

Kanpoaldea, ordea, etxetik kanpo dagoen mundua, espazio mugagabe eta neurtezina da, anonimotasunera eramaten gaituena, gizartearekin erlazionatzera gonbidatzen gaituena. Kanpoaldean edozer gauza gerta daiteke, potentzialitatez beteriko lekua da. Barnealdeak egonkortasuna eta segurtasuna ematen dizkigun bezala, kanpoaldeak aldatzeko, transformatzeko aukera ematen digu.

Tarte esparru horiek, atalase horiek, bi polaritate bateratzeko guneak dira. Barnealdea-kanpoaldea, publikoa-pribatua, indibiduala-kolektiboa, mugatua-mugagabea... atalaseetan dago gakoa, kontrakoak diruditen fenomenoak uztartzeko.

Gure inguru eraikiek, eta gure etxe eta hirien arteko trantsizio esparru horiek, uste duguna baina gehiago moldatzen gaituzte gizarte bezala. Tarte horiek estutu eta desagertzean, esfera pribatu eta publikoaren arteko topalekuak ere ezabatzen dira, eta, hala izanda, trantsizioa garratza bihurtzen da. Honek kolektibotasun batetik aldendu eta indibidualismo itxiago batera bultza gaitzake. Esparru hauek hedatzean, zabaltzean, ñabardura hori leundu eta tarte anbiguo horretan polaritate horiek bateratzeko aukerak sortzen dira.

Portoko kale argazkia. Iñigo Ocamica

Hori da atalaseen bertutea: dualitate horien topaleku izatea. Ez dira guztiz ez kanpoa, ez barnealdea; ez publikoak, ez pribatuak.

Artikulua irudiztatzen duten lehenengo bi argazkiak Emiliano Lopez eta Monica Riveraren obra dira. Euren “Umbrales domésticos - Domestic Thresholds” (Etxeko atalaseak) argitalpena laburpen bikaina da, tarteko espazio hauen eskala domestikoa irudikatu ahal izateko. Lopez-Riveraren adibideak atalase kontzeptuaren materializazio landu eta finak dira, oso kontzienteki diseinatuak. Paisaiaren parte sentitu gaitezke barnealdean gaudelarik, adibidez, Aire de Bardenas Hotelerako diseinatu zituzten leiho sakonen atalaseetan. Sant Andreu-ko gazteentzako etxebizitzen galeria ikusterakoan, bizilagunak kanpoaldeko espazioaz jabetu eta kolektibitate baten parte sentitzera laguntzeko borondatea zutela argi geratzen da.

Badaude hauez gain, noski, ehunka adibide, baita arkitektura anonimo eta herrikoian ere, orain dela pare bat urteko Porton bidaian nintzela ateratako argazki honetan (3. argazkia) ikusi daitekeen moduan. Horrelako tarte difusoak dira hiri bat aberats egiten dutenak, eta kolektiboa eraikitzen laguntzen dutenak.

Ikuspegi honekin, eskala txikienetik handienera irakurri ditzakegu arkitektura eta hirigintza. Etxeko intimitatetik, gure leiho edo ateko atalasetik, hiri egituraraino. Arkitektura eta hirigintzaren dikotomia hori baita; bateratuz, fenomeno berdinaren aldeak baitira. Limite horietan, tarte anbiguo horietan, gertatu ohi direlako gauza bitxienak.