Assata Shakur: XX. mendeko zimarroia

“Nire izena Assata Shakur da. XX. mendeko esklabo iheslaria naiz. Ihes egitea beste aukerarik ez nuen izan Ameriketako Estatu Batuetako gobernuaren jazarpenagatik. Ezin nuen gehiago jasan beltzen aurka nagusi den arrazakeria eta errepresio politikoa. Preso politikoa izan nintzen urteetan. Exilioan bizi naiz 1984tik aurrera …”, idatzi zuen Assata Shakurrek aspaldian.
2025eko irailean hil da Assata, Habanan. Mamu beldurgarri moduan aipatzen dute haren kausaren etsaiek, eta mamu heroiko gisa erreibindikatu dute aldeko batzuek. Ez lirateke ahaztu behar haren ezaugarri humanoak.
EMAKUME BELTZA AMERIKA ZURIAN
Joanne Deborah Byron izen ofizialarekin (“esklabo izenarekin”, argitzen zuen berak) jaio zen 1947ko uztailaren 16an, Queens, New Yorken, Estatu Batuetan beltza edota emakumea izateko errealitate larrira. New Yorkeko Jamaika auzoko Bricktown etxe-multzoan bizi zen. Gurasoak dibortziatu zitzaizkion eta berak Ipar Carolinara joan behar izan zuen amaren familiarekin:
“Hondarrezko duna itzelak zeuden, posidoniaz estaliak, eta lehengusu guztiak jolasean aritzen ginen han bueltan: gotorlekuak, etxeak eta, batzuetan, hiriak ere eraikitzen genituen. Horretarako denbora geneukanean, orduak eta orduak ematen genituen ezkutaketan eta elkarri eraso egiten inpentsan. Hondarra fina eta garbia zen, eta, udaren hasieran, irudika daitekeen maskor mota oro topatzen genuen han…”.
Eskolara, Manhattanen hasi zen. Beraz, hiri handia eta Hegoaldea, alde bat eta bestea, ezagutuz hazi zen. Neska ibili eta nahikoa ikasi hori 1964an ja kezkatuta zegoen Vietnamgo gerraz eta bertako beltzen egoeraz. Beste asko ere bai ikaskideen artean, eta gerraren aurkako eta eskubide zibilen aldeko mugimenduetan militatzen hasi ziren.
1967an abizenez aldatu zen: Joanne Chesimard deitu zen, senarraren deituragatik, Louis Chesimard ikasle eta militantzia kidearekin ezkondutakoan. Militantzia kideak ziren biak Black Panther alderdian. Estatu Batuetako komunikabide nagusiek Pantera Beltzena banda kriminal gisa irudikatzen bazuten ere, jende hori komunitate beltzak antolatzen ahalegintzen zen, haur pobreentzako gosariak prestatuz edo gaixoentzako klinika dohainezkoak. Poliziaren basakeriaren kontrako autodefentsa eskubidea erreibindikatzen zuten, hori bai.
Arazoa izan zen komunitate beltzak, ordura arte baztertu eta isilpetuak, kontzientzia politikoz mobilizatzen hasi zirela. Horixe izan zen Pantera Beltzen benetako “delitua”. FBI-k, 1969an, “arerio publiko nagusi” izendatu zituen eta, harrezkero, ez zuen deskantsurik hartu militanteak atxilotzen, akabatzen edo deserriratzen. Komunitate beltzen kontzientziatze politikoa zen benetan arriskutsua Estatuarentzat, batez ere beste kontzientzia-hartze politiko batzuekin kolaboratzen zutelako Estatuaren kontra: indioekin, antimilitaristekin, komunistekin…
Indiar-amerikarrak Alcatraz presondegian protestatzen hasi zirenean, han egon zen Assata ere, beltz moduan (baina Assataren amamaren aita indiar txerokia zen). Pantera Beltzentzat, indiarrentzat bezala, etsaiak ez ziren beste kolorekoak; kontrarioa burgesia inperialistaren egiturak ziren.
Errepresioa gogortu zenean, New Yorkeko “Pantera Beltzek”, autodefentsaren zilegitasuna erakusteko, BLA Black Liberation Army (Beltzen Askapenerako Armada) delakoa antolatu zuten, komunitate beltzaren autodeterminazioaren alde egiteko erakunde marxista-leninista armatua. Imajinatu Estatu Batuetako teleikusleen wasp-aurpegiak Harlemgo beltz baldar zitalak militarki antolaturik armak luzitzen ikustean. Aitzakia borobila izan zen Estatu Batuetako Gobernuarentzat erakunde beltzak, indigenak eta ezkerrekoak ilegalizatzeko eta suntsitzeko.

ERREPRESIOA
Artean korrontearen kontrako erresistentzian zebilen Joanne. 1971n, dibortziatu eta berriz aldatu zuen abizena, eta izena ere bai. Izen hau aukeratu zuen: Assata Olugbala Shakur. Assata izenak “borrokaria” esan nahi zuen, Olugbalak “herria maite duena”, eta Shakurrek “esker onekoa”.
Askapen mugimenduen aurkako Estatu Batuetako Gobernuaren errepresioa ez zen atxiloketa eta epaiketa publikoetara mugatu. Programa zabalagoa eta maltzurragoa izan zen; John Edgar Hoover-en agindupean, FBIk disidentziaren eta militante politikoen aurkako jazarpen itzela antolatu zuen luzaroan (48 urtez izan zen Hoover FBIko buru), macartismoarekin, baina batez ere Vietnamgo gerraren aurkako protesten eta eskubide zibilen aldeko mugimenduen kontra. Indarkeria zuzenaz aparte, infiltrazioak eta gerra psikologikoa ere erabiltzen zuen. Adibidez, agenteek gutun anonimoak bidaltzen zituzten, buruzagi edo erakunde beltzen arteko mesfidantzak eta lehiak sustatzeko.
1973ko maiatzaren 2an Assata BLA-ko beste bi kiderekin (Zayd Malik Shakur eta Sundiata Acoli-rekin) zihoan autoz New Jerseyko autobidean. Poliziak gelditzeko agindu zien, eta gelditu, baina tiroketa bat izan zen; Werner Foerster agente federala hilko zen. Zortzi milia aurrerago utzi zuten autoa basora sartzeko. Zayd ere hilda zegoen ordurako; Assata, oso zaurituta. Biharamunean harrapatu zituzten. Bularrean bala bat zeukala interrogatu zuten Assata ospitalean.
ASSATA TERRORISTA
Polizia hari buruan Assatak bi tiro jo zizkiola esaten zen prentsan. Ondoren, epaiketa izan zen. Inork ez zuen epaiketa justurik espero, AEBko sistema legala berez zelako arrazista eta are krudela beltzekin.
Kartzelan, jasaten ari zen eraso mediatikoari aurre egiteko, Assatak zinta bat grabatu zuen: To my people; gure jendeari. Jende beltzari gogorarazteko American way of life guztiaren azpiko esplotazioa eta segregazioa, eta askatasunaren alde borroka egiteko eskubidea eta obligazioa:
«Neba Beltzak, ahizpa Beltzak: jakin ezazue maite zaituztedala, eta espero dut zuen bihotzetan ere izango dela maitasun apur bat niretzat. Assata Shakur deitzen naiz (Joanne Chesimard da nire esklabo-izena), eta iraultzailea naiz. Iraultzaile Beltza. Hau da, gerra deklaratu diot gure emakumeak bortxatu, gure gizonak zikiratu eta gure haurrak goseturik utzi dituen indar orori.
Gerra deklaratu diet gure pobreziaren abaroan aberasten diren burgesei, irribarrea aurpegian daukatela gezurra esaten diguten politikariei, eta haien jabetzak eta botereak zaintzen dituzten robot burugabe eta bihozgabe guztiei.
Iraultzaile Beltza naiz, eta horregatik, Amerikak eragin ditzakeen sumin, gorroto eta irain guztien biktima naiz. Antzinako zimarroiekin eta geroko intsurrektoekin egin duen bezala, Amerikak lintxatu egin nahi nau…».
Isolamenduan eduki zuten urtebete baino gehiago. 1974. urtean alaba izan zuen, Kakuya. 1977an, epaiketa egin zenean, tiroketa aproposekoa izatearen edo Assatak tiro egin izanaren froga sinesgarririk ez zegoen arren, gogor kondenatu zuten, betirako kartzelara.
Barruan sei urte eta piko zeramatzala, bizi zen artean atxiloturik egon beharko zuelakoan, Hunterdon Countyko kartzelatik ihes egitea lortu zuen 1979ko azaroan 2an. Militantzia kide batzuk sartu ziren bisitari moduan eta lagundu zioten eskapatzen.
Horrela, Assata Shakur “terroristarik bilatuena” bihurtu zen berehala.

BENETAKO TERRORISTAK
Urte batzuetan ezkutuan ibili ondoren, 1984an Habanara heldu zen. Kubako Gobernuak errefuxiatu politiko estatusa eman zion. Estatu Batuetako Gobernuarentzat burla eta irain zuzena izan zen hori, eta estradizio eskaerak eta mehatxuak hasi ziren.
Assata Shakurren ihesa eta exilioa, sistema bortitz eta injusto batetik ihes fisikoa izateaz gainera, ekintza politiko eta ideologikoa zen. AEBko Gobernuak delinkuente, kriminal eta auskalo zer gehiagotzat aurkeztu arren, Assata militante politikoa zen batez ere, kausa justo baten aldekoa gainera.
Assata “terrorista” zela esaten ziotenean, Assata “preso politikoa” izan zela argitzen zuen Fidel Castrok: “Mugimendu beltzaren aurkako errepresio gogorraren biktima”. Eta Assatari asiloa ematea ez zela “ausardia politikoa”, baizik “printzipio kontua”: inperialismoaren eta arrazakeriaren aurkako “obligazioa”.
Estatu Batuetan, Assata wanted karteletan famatu zen, western edo thriller zaharretako estiloan. FBIk “terrorista bilatuenen zerrendetan” mantendu zuen: 2005ekoan, George W. Bush-ekin, milioi bat dolar balio zuen Assatak; 2013koan, Barack Obamaren administraziopean, bi milioi eurora igo zen ordainsaria. Kartela, Assataren aurkakoa baino, iritzi publikoa Kubaren aurka zuzentzeko diseinatua zen.
Apur bat informatzen denak badaki Estatu Batuak izan direla benetako terroristak. Ez bakarrik pantera errebeldeen kontra, baizik eta bertako populazio beltz gehienaren kontra. Eta, bide batez esanda, mundu gehienaren kontra.
ZIMARROIA
Assata Shakur heroi moduan ikusi dute afrikar-amerikar komunitatean. Ama pontekoa lakoa izan zen Tupac Shakur hip-hop artistarentzat (hura ere goiz akabatuko zuten). Abesti-gaia izan da Public Enemy, Common edota 2Pac taldeentzat. Pelikulak ere hainbat eskaini zaizkio.
Assatak berak autobiografia bat idatzi zuen (euskaraz irakur daitekeena Danele Sarriugarteren itzulpen ederrari esker), eta han kontatzen du ze arraroa egiten zitzaion mitozaleren bat inguratzen zitzaionean:
“-Telebistan hire argazkia ikusita, askoz handiagoa hintzela uste ninan. Eta askoz beltzagoa”.
Beltzagoa, azkarragoa, protagonista epikoagoa ikusi nahi zuten gezurtiek eta mitozaleek.
“-Egunkariaren arabera, oso-oso gaiztoa haiz; beraz, gaizto itxura izango hunala ondorioztatu ninan. Baina hara non neska txiki bat baino ez haizen.”
Halakoxea zen Assata, neska txiki umil bat, ez epikoa, ez protagonista, Habanako kaleetan ibiltzen zena natural, lasai, irribarre-erraz (begiratuak gurutzatzen zitzaizkigunean behintzat), exiliatuen apur bat lekuz kanpo egotearen aire horrekin.
XIX. mendeko zimarroiak ere (horrela deitzen zitzaien esklabo iheslariei Antilletan) ez ziren bestela ibiliko ihes egin eta gero mendian, palenkean (basoko behin-behineko gordelekuan). Esklabo-ehiztariak inguratzen susmatuz gero, ezkutatu egin behar, lasai. Esklabotza aguantatzen den bezala, zimarroitza ere aguantatu behar. Hori ere ez delako erraza, baina aguantatu. Historia zahar baten ondorioa zelako. Esklabo-ontzietan hasi zelako haren borroka, bera jaio aurretik:
“Ostu egiten dugula diote. Baina ez genituen guk lapurtu milioika pertsona beltz Afrika kontinentetik. Ostu zizkiguten hizkuntzak, jainkoak, kultura, giza duintasuna, eskulana eta bizitza…”
Esklabo-jabeen agintearen ondoren, orain enpresario liberalena. Merkatuaren Esku Ikusezinaren ondoren, Inteligentzia Artifiziala, eta Bortitzenaren betiko Legea. Hauxe da-eta tokatu zaigun mundua. Eta, hala ere, pertsona arrunten indar apala, jende umilaren erresistentzia luze nekaezina, zapalduen noizbait libre izateko esperantza pospolo lakoa (baina itzalezina). Oligarkia eta militarrak ez direlako beti munduaren jabe izango, hala ematen duen arren batzuetan.

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos

Izaskun Ellakuriaga, Azoka hauspotu zuen emakume ekintzailea

Fat phantom, síndrome de «grasa fantasma»

