JOKIN URAIN
IRITZIA

Torturatzaileak

Urtea hastearekin aditzera eman zuten Nafarroan ere atxilotuak erruz torturatu dituztela aurreko urteetan eta hamarkadetan. Gerotik gerora jakin ohi dira gehienetan horrelakoak, eta oraingoan ez da araurik eten. Ahal duten edo komeni zaien bitartean ezkutatu eta isilean gorde dituzte komisaria eta kuarteletako barrunbeetan egindakoak. Horretaz arduratu dira ziega horietako zaindariak eta aldian aldiko gobernuetako agintariak, epaileak eta gainerakoak.

Dena den, Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroako Gobernuari helarazitako azken txostenaren berri eman digute. 1979tik 2015era bitarteko gertaerez ari da txostena, eta ehunka dira herrialdean torturatuak. Erkidegoan ofizialki zenbatuta daudenei gehituta, bost milatik gora torturatu dira Hegoaldean. Eta batere ez balira bezala kontatzen dute epaitegietan, gobernu bozeramaleen ahoetan...

Atxilotuek leku jakinetan jasandako torturak eta oinazeak dira, eta epaitegietan badakite non eta nola torturatu duten, gobernuek badakite komisaria eta kuarteletan zeintzuk diren torturatzaileen arduradunak, eta zer egin duten urteetan torturatzaileek eta torturatzaileen arduradunek... Eta gertaera abstraktu eta zehaztu ezinezko batzuez ari garela ematen du.

2021ean eskaera luzatu eta iaz Madrilen atxilotu zuten Carlos Americo Suzacq Fiser, 72 urteko mediku uruguaitarra. 1972tik 1975era bitartean, estatu kolpearen aurretik eta ondoren atxilotutakoek jasandako torturen harira, eta torturatuen testigantzetan oinarrituta, Carlos Americoren estradizioa eskatu zuen Uruguaik. Erregimentu militar bateko mediku militarra, galdeketetan torturatzaileen aholkulari aritzen zen Carlos Americo Suzacq; «torturetan bihotzekoak ematen zion atxilotua berpizten zuen», testigu baten esanetan.

Espainiar Auzitegi Nazionalak lehenago ere izan ditu bere eskuetan antzeko kasuak; 2021ean, adibidez, Eduardo Ferro koronel ohia Uruguaira estraditatzea ontzat eman zuen, eta giza eskubideen aurkako praktika horiek salatu izan ditu, urrutiko kasuei dagokienez bederen. Baina, urrutietara begira egon gabe, torturaren inguruko ikerketak egin eta torturatzaileak epaileen aurrera eramateko borondaterik balu espainiar Auzitegi Nazionalak, testigantza franko eta aski xehetasun baliotsurekin topo egingo luke Kriminologiaren Euskal Institutuak jaso dituen milaka torturatuen hitzetan.