Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Polizia

Lasai asko gindoazen. Ni gidari, zu kopilotu. Poliziaren kontrola. Gerturatu gara eta bi ertzain elkarrekin hizketan, batek seinale argitsua dauka eskuan. Mantso-mantso pasatu naiz albotik eta builaka zuzendu zait ertzainetako bat, oso haserre. Ea tuntuna ote naizen, ea ez ote dudan ikusi geratzeko agindu didala. Barkatzeko, ez nuela uste nirekin ari zenik –lankidearekin hizketan ari zen eta ez dit begiratu ere egin–. Baietz, nirekin ari zela, ea itsua ote naizen. Halako batean baimena eman digu jarraitzeko, bere haserrea behin eta berriz modu oso zapaltzailean eta bortitzean adierazi eta gero.

«Ama, zergatik hitz egin dizu horrela?». Nire kopilotu gazteari beste zerbait erantzun nahiko nioke, baina egia esan diot, «polizia delako eta une oro erakutsi behar duelako gure gainetik dagoela». Bizitzaren parte honetan, bidean gurutzatu ditudan polizia guztiek horixe adierazi didate hitzekin, gorputz jarrerarekin, begiradarekin, aginduekin: «Ni polizia naiz eta zu zapaltzeko eskubide osoa daukat. Beti nik irabaziko dut». Eta horregatik urduritzen eta larritzen nau Poliziak, kolore batekoa edo bestekoa izan. Ez dut polizia kolore onik ezagutzen. Gure herriaren historian pasarte tristeenetakoak poliziek odolez idatzitakoak dira. Horrek ere badu bere partea.

Horregatik, akaso, ez nau batere harritu albisteak. Londresko Poliziako kide batek azken hogei urtean emakumeen kontrako 80 eraso egin izana aitortu du, tartean 50 bortxaketa. Serieko bortxatzaile bat Poliziaren barruan. Poliziak herritarrak zapaltzeko askatasuna eta inpunitatea dauzkala sentitzen badu, nahi erakoa izan daiteke zapalkuntza hori.

Tristea da, baina ez oso urruti ezagutu ditugu jokabide usteleko poliziak; bortxatzaileak, lapurrak, droga trafikatzaileak, lanbidea aberasteko baliatu dutenak, torturatzaileak... Eta baita egunero kafea taberna berean hartzeko autoa legez kanpo aparkatuta uzten dutenak ere, gero besteei isun kolpez betearazten dieten legea. Polizia jokabide horretara ohituta gaude.

Tokitan daude herria eta herritarrak zaintzen dituzten poliziak, filmetan agertzen diren agente langile eta setatsu horiek, egiaren eta justiziaren bilaketan larrua jokatzen dutenak. Beti herritarren alde.

Giza eskubideen alde lan egiten dutenek fokua jarria dute polizia ereduaren gainean, eta ondorioa garbia da: korporatibismoa, gardentasunik eza eta kontrolerako tresnen falta nabarmenak dira. Europako beste polizia batzuekin konparatuta, Estatu espainolean polizien prestaketa oso laburra da eta herritarren kontrakotasunean oinarritzen da, ez herritarren zaintzan. Gainera, ez dago aniztasunik polizien artean eta hori ere kaltetan da. Kopilotuari garbi esan diot: «Nahi duzuna izango zara bizitza honetan, polizia izan ezik».