JURGI FERNANDEZ - SALTO TRAINING

Lunbalgiak, XXI. mendeko epidemia

Azken urteetan, bizkarreko minen artean, lunbar zonako patologia, ondoezak, lesio kronikoak... asko handitu dira gure gizartean. EPISERek 2022an egindako ikerketan ondorioztatu da Estatu espainolean helduen %50ek lunbarretako mina izaten duela gutxienez sei hilabetez behin, eta bereziki emakumeak izaten dira patologia hau gehien pairatzen dutenak. Kasuistika anitza da, lunbalgiak arrazoi ezberdinak izan ditzakeelako: posturak, sistema hormonala (oso ohikoa emakumeengan), nutrizioa, indar maila, sistema muskulu-eskeletikoaren fisiologia..., beste askoren artean.

Lunbalgien aurrean irtenbide bat topatu nahi badugu, ahalik lasterren minaren jatorria ezagutu behar dugu, hau da, diagnosi bat izan behar dugu, honek lagunduko baitio profesionalari (entrenatzailea, fisioterapeuta, osteopata...) tratamendu aproposa baliatzea. Diagnostikoa daukanean, jarduera fisikoaren ikuspuntutik, jarduera eta programa egokia ezarriko da, minaren arrazoiaren arabera.

Lehenik eta behin, eta arazo ohikoena, indar falta izaten da: lunbarren inguruko giharrek ez dute tentsio maila egokia eguneroko jarduerak burutzeko (makurtu, kargak altxatu, galtzerdiak jantzi...) eta edozein jestu egiterakoan mina sortzen da. Kasu hauetan ez da nahitaezkoa patologiarik egotea, ahuleziak bakarrik sortzen du min sentipena, lunbarretako fasziak jasaten duen gainkarga dela eta.

Bestetik, patologia bat dagoenean (hernia diskala, protusioa, kanaleko estenosia, eskoliosia...) mina nerbioaren narritadurak, presioak edo inflamazioak sortu dezake. Kasu hauetan lehenengo helburua da inguruko egituren mugikortasuna berreskuratzea, giharrak liberatuz eta inguruko egituren tentsioak bere onera bueltatuz. Mugikortasuna berreskuratu ondoren, indarra lantzen hasi gaitezke, bereziki COREko lanari garrantzia emanez, bai barne bai kanpo presioak erregulatuz.

Laburbilduz: lunbalgia bat dugunean, abiapuntua diagnosi mediku batek ematen du, berregokitze programa egoki bat martxan jarri ahal izateko.