Kazetaria / Periodista
MAIATZAREN LEHENAREN SORBURUA

Chicagon duela 140 urte piztutako sua

Langileen nazioarteko egunak Chicagon du jatorria. Zehazki, 1886ko maiatz hasieran zortzi orduko laneguna eskatzeko protesten aurka egon zen errepresioan. Lau izan ziren, lezioa eman nahian, urkamendian exekutatu zituztenak. Baina maiatzaren lehenaren aldarria mundu guztira zabaldu zen handik gutxira.

Getty Images
Getty Images

Maiatzaren lehena ez da jaieguna Estatu Batuetako lan egutegian. Are gehiago, Labor Day edo lanaren eguna ez da ospatzen irailaren lehen astelehenera arte. Baina herrialde honetan dauka jatorria munduko langile gehienek beren aldarrikapenerako daukaten udaberriko datak. Chicagon, zehazki, Haymarket plazan.

Estatu Batuetako hirugarren hiri populatuena da Chicago; urte oso gutxian sekulako hazkundea izan zuen. Bere sortze data 1833an ezarri arren, lau hamarkada beranduago ia erabat kiskali zen: 1871ko sute handiak 300 lagun hil zituen eta erabat birrindu zuen hiriko zatirik handiena, ehun mila lagun baino gehiago etxerik gabe utzita. Hala ere, ia errautsetatik berpiztu zen XIX. mendearen azken zati horretan. Europatik etengabe iristen ziren migratzaile behartsuen eskutik iritsi zen biztanleriaren hazkundea: 1880an milioi erdi biztanlera iritsi ziren, eta hamar urte geroago bikoiztu egin zen kopurua. Milioi bat biztanlerekin, Filadelfiari aurrea hartu eta, New Yorken ostean, AEBko bigarren hiririk handiena bihurtu zen. Eta hala jarraitu zuen XX. mendearen erdialdera arte, 1910erako bi milioi baitziren (1990ean aurre hartu zion Los Angelesek).

Munduko altzairuzko lehen etxe-orratza, Home Insurance Building eraikina, 1885ean altxatu zuten. Munduan hazkunde handienetakoa zeukan hiri hartara milaka irlandar iritsi ziren, baita Mediterraneoko eta Europa ekialdeko etorkinak ere. AEBko hegoaldean segregazioaren sistema ezartzeak lehen afroamerikarrak bultzatu zituen Chicagora, lintxamenduei ihesi zetozenen “migrazio handia” XX. mende hasieran izan bazen ere.

Chicagoko fabriketan dozenaka mila langile aleman eta bohemiar (txekiar) ere bazeuden, eguneko dolar eta erdiko jornala irabazten. Hamar orduko lanegunak ziren, astean sei egunez luzatzen zirenak. Lehendik ere eskaerak izan ziren arren, 1865eko gerra zibilaren amaieraren eta esklabotzaren abolizioaren ostean, langileen baldintzetan jarri zen arreta, eta zortzi orduko lanegunaren eskariak gero eta indar handiagoa hartu zuen hurrengo bi hamarkadetan. Chicagon eta Illinoisen 1867rako onartu zuen Estatuko Legebiltzarrak lanegun hori arautzen zuen legea, baina salbuespen eta iruzurrerako aukera ugari ematen zituen testua zen.

AFL (AEBko lan federazioa) da herrialdeko sindikatuen bilgune nagusia. 1886an hartu zuen izen hori; aurreko bost urteetan, FOTLU lan elkarteen federazioa izan zen. Tarte horretan, 1884an zehazki, behargin eskari garrantzitsuenetakoari epea jarri zioten: «Legez zortzi ordukoa izango da egun bateko lana 1886ko maiatzaren lehenetik aurrera, eta gure arteko langileen elkarteei aholkatzen diegu ebazpen honen araberako legeak izatea epe horretarako».

Oscar Neebe anarkista; Haymarketen atxilo hartu eta 15 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Chicago History Museum, Getty Images

“ZORTZI ORDU”

Estatu Batuetako hiri garrantzitsuenetan izan ziren grebak eta manifestazioak 1886ko maiatzaren batean: New Yorken, Milwaukeen, Detroiten... denak ere “zortzi ordu” lelopean. Baina larunbat hartako gune garrantzitsuena Chicagon zegoen, besteak beste, Carter Harrison hiriko alkateak langileen mugimenduarekin zeukan hurbiltasunarengatik.

Knights of Labor edo Langileen Zaldunak beharginen aldeko elkarte moderatua (sozialismoa eta “erradikalismoa” baztertzen zituen) 700 mila bazkidetara iritsi zen 1886an, hamarkada horren hasieran baino hamar aldiz gehiago. Era berean, Europatik iritsitako langile askok August Spies-ek (hau ere Alemanian jaioa) argitaratutako “Arbeiter-Zeitung” alemanezko egunkari anarkista irakurtzen zuten, eta baziren ekintza armatuen beharra ikusten zuten taldeak ere.

Zernahi dela, 1886ko maiatzaren batean zortzi orduko lanegunaren aldeko Estatu Batuetako protesta jendetsuen lekuko izan zen Chicago. Dozenaka mila lagunek greba egin zuten eta manifestazioan irten ziren Michigan abenidan. August Spies eta Albert Parsons bezalako buruzagiek manifestazioa arrakastatsua izateko modura antolatu zuten: dozenaka mila lagun protestan, ehunka segurtasun pribatuko agente eta miliziano, eta azkenean istilurik ez. Spies, beste milaka etorkinen gisa, Europatik iritsi zen bitartean, Parsonsen figura berezia da: konfederazioaren alde egin zuen borroka gerra zibilean, baina hura amaitutakoan esklabotzan egondako jendeen alde lanean hasi zen, ordurako atentatuan hila zen Abraham Lincolnen alderdi errepublikanoan. Texasen traidoretzat hartu zuten askok (Ku Klux Klanek tiroz zauritu zuen), eta Lucy Parsons emazte eta iraultzailearekin batera Chicagora jo zuen.

HAYMARKET-EKO PROTESTA

Maiatzaren lehena arrakastatsua izan bazen ere, greba ez zen hor geratu. Handik bi egunera, McCormick nekazaritzarako tresnerien fabrikan grebalarien eta eskirolen arteko borrokaldian tiroka hasi zen Polizia, eta bi langile hil zituen. Spies-ek, zur eta lur, Haymarket-en elkarretaratzera deitu zuen biharamunerako. 2.500 lagun joan ziren, eta hitzaldi ugari izan ziren. Baina istilurik ez. Chicagoko alkatea ere bertan izan zen, bezperako istiluen ondotik («jendeak jakitea nahi dut alkatea hemen dagoela», eta giro «bezatua» aurkitu zuela esan zuen, otzan eta iskanbilarik gabe). Gaueko hamarrak eta erdietan eta eguraldia ere okertzen ari zela, elkarretaratzea amaitzear zen. 200 lagun inguru baino geratzen ez zirela, alkateak erretiratzeko agindu zien handik gertu zeuden poliziei. 175 ziren, ia plazan geratzen ziren manifestariak beste.

Alkatearen hitzei jaramon egin gabe, poliziak manifestari haiengana joan ziren, handik aldentzeko agintzera. Ordurako eguneko azken hizlaria, Ingalaterran jaiotako Samuel Fielden artzain metodista, bere hitzaldia amaitzen ari zen. John Bonfield “Black Jack” poliziaburuak (bezperan McCormick fabrikan eraso zuen polizia bera) ez jarraitzeko agindu zion Fieldeni, eta entzuleei sakabanatu zitezela esan zien.

Polizia lerroak aurrerantz zihoazela, lehergailu bat jaurti zuten haien kontra. Eztandak agente bat hil zuen. Jeff Schuhrke langile mugimenduaren historialariaren arabera, leherketaren ostean agenteak kontrolik gabe tiroka hasi ziren; manifestari batzuek ere tiroei erantzun omen zieten. Handik bost minutura, baina, plazan hilak eta zaurituak baino ez ziren geratzen; gainerakoak korrika irten ziren. Azkenean, zazpi polizia eta gutxienez hiru langile hil ziren. Mathias Degan agentea leherketan hil zen, baina historialariek oro har uste dute gainerako poliziak haien kideen tiroek jota hil zirela.

Paul Avrich historiagile ezkertiarrak ere horrelaxe azaldu zuen gertatutakoa: Fielden diskurtsoa amaitzen eta Bonfield poliziaburua elkarretaratuak sakabanatzeko agintzen. Taula gainetik protesta baketsua zela esan zion apaiz sozialistak poliziari. «Ia iturri guztiak bat datoz Polizia izan zela tiroei ekin ziena, berriz eta kargatu eta atzera ere su egin zuten, eta lau lagun hil eta 70 inguru zauritu zituzten».

Langileen eta Poliziaren artean sortu ziren liskarren ilustrazio bat. Chicago History Museum Getty Images

ETORKINEN AURKA

“New York Times”-ek oso bestela jaso zituen gertaerak. «Istiluak eta odol isurketa Chicagoko kaleetan, 12 polizia hilik edo hilzorian» titularraren ostean, Fieldeni leporatu zion jarraitzaileak indarkeriara bultzatzea. Era berean, tiro egin zuten lehenak manifestariak izan zirela esan zuen, eta Poliziak erantzun egin zuela. Are gehiago, honela zioen: «Bonfield inspektoreak sua eteteko agindu zuen, gure gizonetako batzuek, iluntasunean, elkarri tiro egingo zioten beldurrez». Azken datu hori berretsi zuen “Chicago Tribune”-k, agente anonimo baten testigantza aipatuz: «Polizien kopuru oso handi bat bata bestearen errebolberrek zauritu zituzten... Nork bere burua salbatu behar zuen, eta batzuk urrundu baziren ere, gainerakoek errebolberrak hustu zituzten, elkarren aurka batez ere».

“New York Times”-ekoa bezalako artikuluekin berehala errudun bila hasi ziren “Haymarket-eko istilua” deitu zioten gertaeraren erantzule gisa. Lege martziala inposatu zuten Chicagon, eta Polizia sindikatuen egoitzetara, ezkerreko egunkarietara eta sindikalisten etxeetara joan zen. Ehunka militante sozialista, anarkista eta sindikalista atzeman zituzten. Haymarketen hildako eta zauritutako polizien kopurua jakin daitekeen arren, manifestarien datu zehatzak izatea askoz zailagoa zen: biktimetako askok ez zuten ezer esan, errepresioaren beldurrez.

Horietako zazpi berehala auzipetu zituzten, eta zortzigarren bat batu zitzaien: Albert Parsonsek hiritik ihes egitea lortu bazuen ere, zazpi kamaradekin epaitzeko itzuli eta bere burua entregatu zuen. Schuhrkek dioenez, «ez zegoen lehergailua nork jaurti zuen argitzeko frogarik, baina hala ere epaiketara eraman zituzten zortzi polizien hilketa leporatuta. Bonbarekin lotu zitzaketen inolako ebidentzia fisikorik gabe, beraien pentsamendu iraultzaileagatik epaitu zituzten, eta errudun jo zituzten».

Garaiko prentsak jaso zuenez, “denek ere doinu arrotzeko izenak” zituzten: Parsons eta Spies-ekin batera, Adolph Fischer, George Engel, Louis Lingg, Samuel Fielden, Michael Schwab eta Oscar Neebe hiriko mugimendu ezkertiarreko aurpegi ezagunenetakoak ziren. William Perkins Black abokatuak auzipetu guztientzat alibiak aurkeztu zituen. Leherketaren unean haietako bi baino ez zeuden plazan, eta taula gainean zeuden, denek ikusteko moduan. Inola ere ez zuten lehergailurik jaurtitzerik izan. Alkateak ere berretsi zuen protesta baketsua izan zela, eta familiak haurrekin parte hartu zutela esan zuen.

Baina Julius S. Grinnell fiskalak «legea auzipetuta dago. Anarkia auzipetuta dago», esan zuen, eta epaimahaiko kideei eskatu zien akusatuak urkatzeko, «gure erakundeak, gure gizartea salbatzeko». Hiriko enpresarioek eta haien menpeko prentsak bultzatuta, eta etorkinen aurkako sentimenduek hauspotuta, hiru orduren buruan eman zen epaia: denak errudun jo zituzten. Hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zioten Neeberi. Gainerakoek heriotza zigorra jaso zuten.

Paul Moranden margolana, grebalarien eta Poliziaren arteko konfrontazio basatiaren erakusle. Chicago History Museum, Getty Images

EXEKUZIOAK

Lucy Parsonsek, Texastik batera Albert Parsonsekin etorritako emaztea eta bera ere mugimendu iraultzaileko figura garrantzitsua izanik, exekuzioak kommutatzeko nazioarteko kanpaina bati ekin zion “Haymarket-eko martirien alde”. Gainerako kondenatuen emazteek bat egin zuten. Mundu osoko ezkertiarrek bat egin zuten, eta langile mugimendua zapaltzeko ahalegin bortitz gisa ikusi zuten. Chicagoko aberats batzuek ere barka-eskearen alde egin zuten, Lyman J. Gage bankariak esaterako, neurriz jokatzeak kapitalaren eta langileen arteko harremanak hobetzeko balioko zuelakoan. Baina Marshall Field, Chicagoko negozio gizon boteretsu eta aberatsena, ez zegoen ados.

Illinoisko gobernadoreak Samuel Fielden artzainaren eta Michael Schwaben heriotza zigorrak barkatu eta biziarteko espetxe zigorrera aldatu zizkien, epaileak berak hala eskatuta. Epaiketari buruzko zalantza ugari bazituen ere, ez zuen gauza bera egin beste bost kondenatuekin.

1887ko azaroaren 11n jarri zuten exekuzioaren data. Bezperan zigortuetako batek, Louis Linggek, dinamitaz betetako puru bat ziegan sartu eta bere buruaz beste egin zuen leherketa batean. Biharamunean, Cook konderriko auzitegiaren atzeko kalexkan Albert Parsons, August Spies, George Engel eta Adolph Fischer eraman zituzten urkamendira, aurpegiak estalita zituztela. Spies mintzatu zen: «Iritsiko da eguna, eta gure isiltasuna gaur itoarazten dituzuen ahotsak baino boteretsuagoa izango da».

Chicagoko hilerriek ez zuten onartu kanposantu haietan ehorzterik, eta Chicagoko aldirietako Forest Parkera eraman zituzten gorpuak. Waldheim hilerrian ehortzi zituzten.

Haymarket plazako irudia, istiluak sortu aurretik. Chicago History Museum, Getty Images

KONTAKIZUNAREN BORROKA

Exekuzioak baino aste batzuk lehenago, hiriko enpresarioek diru bilketa hasi zuten, “Chicago Tribune” egunkariak hauspotuta, Haymarketen hildako eta zauritutako polizien aldeko oroitarri baterako. Hiru metroko brontzezko estatua gertaeren lekuan bertan ezarri zuten 1889an. Polizia bat ageri zen, besoa luzatuta, eta honako hitzekin: «Illinoisko herriaren izenean, bakea agintzen dut».

Lucy Parsonsek eta bere burkideek ere diru bilketa egin zuten. 1893an Albert Weinert-en Haymarketeko martirien monumentua inauguratu zuten Waldheimeko hilerrian. Justiziaren sinboloa zen emakume bat ageri da, kaputxa buruan, eroritako langile bat babesten eta ereinotz koroa paratzen haren buruan. Azpian, August Spiesen azken hitzak jaso zituzten.

Biharamunean, John Peter Altgeld Illinoisko gobernadore berriak espetxean ziren beste hiru zigortuei barkamena eman zien. Aitortu zuenez, «Haymarketeko gizonak zigortzea gaizki egon zen, justiziaren okerra izan zen». Segidan, abokatu ezagun bati aitortu zion, «politikoki hilda» zegoela. Berehala hasi zen eskandalu mediatikoa. «Zer espero liteke Altgeld bezalako batengandik, bera ere arrotza izanik?», galdetu zuen “Washington Post”-ek, gobernadorea Alemanian jaioa zelako. “Chicago Tribune”-n hitzetan, gobernadoreak «ez du estatubatuar batek bezala arrazoitzen, ez da estatubatuar sentitzen, eta ondorioz ez du estatubatuar jokatzen».

Ordurako, maiatzaren lehena mundu osoko langileen data zen. 1889an hala erabaki zuen Bigarren Internazionalak, eta hurrengo urtean ekin zieten Chicagoko martirien omenezko manifestazioei Estatu Batuetan, Europan, baita Latinoamerikan ere. Altgeldek ez zuen berriz hauteskunderik irabazi.

XX. mende hasieran maiatzaren leheneko bilgune garrantzitsua izan zen Haymarket. Poliziaren monumentua lekualdatu zuten, zenbait “istripu” eta lekualdaketa izan zituen, are eta Gerra Hotzean maccarthysmoak Haymarketara itzuli zuen arte. Gero, 1968tik aurrerako matxinada giroan, birritan leherrarazi zuten, eta Poliziaren komisaldegi batera eraman zuten monumentua.

Baina maiatzaren lehenaren abiapuntu izan ziren martirien oroitarriak Chicagotik kanpo jarraitu zuen, Waldheimeko hilerrian. Gertaeretatik 101 urtera, Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak, Chicagon zela («fabrikak daude hiri erdi-erdian ere, munduko eraikin handienaren inguruan, Chicago langilez beteta dago»), Haymarketera joateko eskatu zien lagunei, «maiatzaren batean urtero mundu guztiak agurtzen dituzten langile haiek 1886an urkatu zituzten lekura». Baina erabat etsigarria izan zen bilaketa, inork ez zekien zehazki non zen: «Inongo estatuarik ez da jaso Chicagoko martirien oroimenez Chicago hirian. Ez estatua, ez monolito, ez brontzezko plaka, ez ezer». Gero, liburu denda batean, afrikar atsotitz baten afixa aurkitu omen zuen: «Lehoiek beren historialariak ez dituzten arte, ehizari buruzko istorioek ehiztaria goraipatuko dute».

106 urte igaro ziren Chicagoko hiriak Haymarketeko martiriei ofizialki lekua egiteko bere memorian. Haymarket bera hiriko gune nabarmen izendatu zuen 1992an. Lehen oroitarria, berriz, ez zen XXI. mendera arte iritsi. 2004ko irailean Richard M. Daley alkateak eta hiriko sindikatuetako buruek Mary Brogger artistaren bost metroko monumentuaren inaugurazioa egin zuten. 1886ko maiatzean Haymarket plazan hitzaldietarako ezarritako gurdia eta bertan bildutakoak irudikatzen ditu.