Gotzon Uribe
Crítico musical
MUSIKA

Free Range

Free Range Chicago hiriko Sofia Jensen abeslari gazteak gidatutako proiektua da. Bere bigarren diskoa, “Lost & Found”, Mick Music zigiluaren eskutik argitaratu berri dute. Hamahiru abestiz osatutako lan honek Jensenen bilakaera artistikoan pauso sendo bat markatzen du. 21 urte ditu eta nerabezarotik nagusi izatera eman beharreko urratsa ausardiaz lantzen du bere kantuetan. Folkaren eta indie-rockaren gordintasuna uztartzen dituen sonoritatea dira horren erakusle. Tommy eta Hannah Read anai-arrebek (Lomelda) ekoitzia eta Bailey Minzenberger (Friko) eta Jack Henry -bateria jotzailea- bezalako musikarien kolaborazioak izan ditu. Barrura begiratzen duen diskoa da, heldua.

“Lost & Found” diskoak barnean gordetzen duena ezagutzeko hainbat entzunaldi eskatzen ditu, baina entzulearekin konektatzen duenean sortzen duen eragina nabarmena da. Jensenek 15 urterekin Free Range proiektua sortu zuen. eta lan honetan gurasoen etxetik alde egiteko beharra eta Chicagoko musika eszenan bere lekua aurkitzeko esperientziak kontatzen ditu. Letrek bakardadea, norbere barruko sentimenduen bilaketa eta eguneroko bizitzan sortzen diren gertakarietan emozionalki irekia izateko zailtasuna bezalako gai unibertsalak jorratzen ditu. Jensenek, kantu hauei esker, bere barruko sentimenduak adierazteko duen erraztasunak bere benetako izaerarekin kontrastea egiten du. «Letretan eta musikan zintzoa izatea nahiko erraza zait, baina benetako bizitzan zaila egiten zait nire sentimenduak zuzenki adieraztea», aitortu du Jensenek.

Diskoa “Tilt” abestiarekin hasten da, bere letraren samurtasunak entzulea biltzen du eta diskoan aurrerago entzungo dugun tonua ezartzen du. Jarraian, izen bereko abestia dator, “Lost & Found”, lehen pertsonan egindako narrazio bat; Jensenek bere pentsamendu eta sentimenduetan hausnartzen duen bitartean, giro berezi bat sortzen doa. “Chase” abestiak Tommy Read ekoizleak jotzen duen piano melodia bat dakar, eta “Big Star” harmonikarekin egiten duen erabilerarengatik nabarmentzen da,, maitasun uneak adieraziz, «mesedez, hartu nire eskua, zerbaiti heldu behar diot» bezalako esaldiez. Bestalde, “Service Light” kantuan ikuspegi minimalista bat aukeratzen du, Jensenen konposizioaren sinpletasuna azpimarratuz, segurtasun eza eta laguntza beharra sinbolizatzen duten letrarekin.

“Hardly” da diskoko singlea, gailentzen den abestia. Elkarren arteko harremanen menpekotasunaren ondorioak jorratzen ditu, inflexio- untu emozional bat markatuz. “Concept”, abestian, bestalde, intentsitatea igotzen doa, frustrazioa eta zaurgarritasuna transmititzen ditu. Jensenen ahotsa inoiz Elliott Smith zenarenarekin alderatua izan da, baina Free Range proiektuak bere nortasun propioa mantentzen du erabiltzen dituzten lap steel, gitarra elektriko edota soka moldaketak bezalako ezaugarriei esker. Diskoaren ekoizpena bere indarguneetako bat da, Read anai-arreben soinu leunaz.


( S. Infuso | Corbis | Getty )

Jeff Goldblum & The Mildred Snitzer Orchestra

Jeff Goldblum pianoa jotzera bueltatu da bere lan berrian. “Still Blooming” izenburuarekin aurkeztu duen diskoan zenbait jazz pieza klasiko berrirudikatu ditu, eta The Mildred Snitzer Orchestrarekin batera sortutako konposizio berriak ere plazaratu dira. Diskoan Ariana Grande, Cynthia Erivo, Scarlett Johansson eta Maiya Sykes kantariak parte hartzen dute, ahots berezi bezain esanguratsuak eta bakoitzak bere tonu bereizgarria ekarriz diskoaren nahasketara. Granderen interpretazio dotoretik “I Don’t Know Why (I Just Do)” abestian, Johanssonen “The Best Is Yet to Come” sentsualera, diskoak dotorezia klasikoa eta berezkoa duen energia orekatzen ditu.