IRITZIA

Ordenaz

S. apurgarria,

Armairuak husten eta ordenatzen ari zaren bitartean, tiranoak bakearen nobel saria nahi duela dio irratiak. Bederatzi urte beteko dira asteon aitatu zintuztenetik, hutsunea ageri da leihoa muntatuko duten lekuan, ordua aldatuko dute laster eta, oldarralditik indarraldirako bidean jarriko zaituen arren, barrura biltzeko goizegi irudituko zaizu.

Esadazu nolatan den hain konplikatua iturgin bat etxera ekartzea, zer diren gaztainak eta onddoak zuretzat, baldintzarik gabeko adiskidetasuna existitzen ote den oraindik, zintzotasunak isiltasunean datzan edo, halabeharrez, zergatik diren herri izenak baino gehiago Artozki, Luhuso zein Bernedo. Kontatu egidazu, bidenabar, noiz sentitzen zaren biluzik, non entregatzen dituzun armak, zerk urperatzen zaituen arnasa eteteraino, zer harreman duzun zure gorputzarekin, eroso bizi ote zaren bertan.

Azaldu egidazu nola deklinatzen dituzun zaindu eta zaildu aditzak, zerekin konektatu zenuen Itziar Aizpuruak Anaitasuna zutik jarri zuenean, zer igarotzen zaizun burutik Ane Santestebanek txirrindularitza utziko duela irakurtzean, zer itzali nahi duzun sakelakoa piztean ala, besterik gabe, telebista bat ote zaren zu ere sekula baino kate gehiago baina inoiz baino aukera gutxiagorekin.

Armairuak husten eta ordenatzen dituzun bitartean, objektuak bizipenekin lotzen ahalegintzen zara. Oso erraz botatzen dituzu besteenak, nekez gordetzen zureak, kosta egiten zaizu botatakoa ala gordetakoa zaren deliberatzen, arima zintzilikatzeko moduko pertxak topatzen baina, ezinbestean, zenbat armairutan bizi izan zaren errebisatu behar zenuke eta, batez ere, atea zenbati itxi diezun ohartzen eta onartzen. Lotu ote dezakezu inor zeu libre izateko? Zeu hasten zarenean amaitzen dira besteak? Izan al daiteke askatasuna zurea? Ulergaitzetik libratu baina esangaitzera eramaten zaituzte hitzek. Horregatik, armairua nola, hustu eta ordenatu behar zenuke hiztegia. Berbak bizipenekin lotu, arimari eusten diotenak atzeman, hutsuneetan leihoak muntatzeko gai direnak, zure mapetan mugitzeko balio dutenak. Ez duzu zertan besteenak botatzen tematu, zureak gordetzen ere ez. Kontatzen zaituzten eleak kantatu behar zenituzke.

Armairuak husten eta ordenatzen ari zara. Gomutak gorde dituzu tiraderan, berbak apaletan, oraindik bete gabeko ametsak pertxetan. Zergatik lasaitzen zaitu ordenak? Bakearen nobel saria nahi du tiranoak.