Haurraren lurraldea
Ama, lamiek nola janzten dituzte txankletak igerilekura etortzen direnean?», galdetu du neskatoak aldagelan. Lotzen ari naizen zapatilen lokarrietatik begirada altxatu eta bost bat urteko haurrari begira geratu naiz albotik, miresmenez. Haurra izatea den toki zoragarri horren miran ematen ote dugu bizitzaren gainontzeko zatia?
Haurtzaroa deitzen dugun lur horretan magia nonahi loratzen da, espero gabeko bazterretan. Belar txarrak beharrean, pentsamendu magikoa, lamiak igerilekuan irudikatzen dituena. Irudimenak maneiatzen du arnasa, jolasak taupada, eta harritzeko gaitasuna ez da inoiz nekatzen. Tristura eta haserrea ere pizten dira, baina pozik egoteko motiboek azkar itzaltzen dituzte.
Aspaldian pentsatzen aritu naiz ez ote garen haurtzaroari pusketa bat kentzen ari. Igual izango da zazpi urteko neskatoak Shakirarena egiten ikusten ditudalako. Teoria batzuen arabera, biologikoki aurreratzen ari da helduaroa. Gero eta goizago heltzen ari omen dira gorputzak; haurtzarotik helduaroko pausoa lehenago ematen omen du gorputzak. Lagun maite batek grazia bereziz kontatzen du nola uda batean izugarri hazi zitzaizkion bularrak. Irailean ikastolara bueltatu zenean konturatu omen zen «derrepente» kristoren titiak atera zitzaizkiola. Jendeak begietara begiratu beharrean paparrera begiratzen ziolako konturatu zen. Besteen begietan igarri zuen bere gorputza aldatu egin zela. Orain ere gertatzen da; gorputz helduegiak dituzten haurrak begiratzen ditugunean ez dakit noraino ikusten dugun benetan direna: haurrak.
Mundu osoko 20 herrialde oso desberdinetan egin duten galdeketa baten arabera, gurasoen %84k uste dute seme-alabak gero eta bizkorrago hazten direla eta haurtzaroak gero eta gutxiago irauten duela.
Pantailei begira ematen duten denborak, horietatik jasotzen dituzten ereduek eta lagunekin kalean, jolas librean, gero eta tarte gutxiago emateak bere partea omen daukate. Beren parekoekin jolas orduak behar dituzte haurrek, bizitzari tontorrak eta zuloak deskubritzeko, lagunekin haserretu eta adiskidetzeko. Bizitzarako entrenamendu beharrezkoa da.
Hala ere, ez genuke ahaztu behar haurtzaroa garaiari eta lekuari lotzen zaiola. Ez da hainbeste denbora Euskal Herrian neska-mutikoak lanean hasten zirena 14-15 urterako. Eta munduan toki askotan gaur bertan haurrak ezin haur izan. Gustatuko litzaidake haurtzaroaren lurralde askea mimoz eta kontzientziaz babesten duen jendarte batean bizitzea.

«Quien decide qué algoritmos tenemos, está también gobernando sobre nosotros»

Palestina, la existencia recuperada

Dietistas-nutricionistas en la sanidad pública

Gordofobia: la última epidemia de la violencia patriarcal

