Garazi Albizua
IRITZIA

Liburu bat oporretara

Hasi da giro tentagarri hori, atsedenarekin tentatzen duen sirenen kantua. Lana, ikasketak, errutina apur bat malgutu eta zeure buruari denbora eskaintzeko amua da. Egia esan, berdin dit aitzakia, liburu bat erosteko momentu paregabea da. Maiz gogoratzen naiz Irati Jimenezi entzundako esaldi batekin: «Idatzi irakurri nahi duzun liburua». Esaldiak beti adoretu nau ezer idatzi behar dudanean, xedea ez galtzeko amuleto bilakatuta. Kontua da, azken boladan, kezka bat piztu zaidala: ez dut beste libururik irakurriko? Isolatuta geratuko naiz nire desioen mugan?

Grazia egin dit “La boca llena de trigo” eleberriko eszena batek, bi gizon kafetegi batean hitz egiten ari dira elkarri entzun barik: A pertsonak gauzak esaten ditu, baita B pertsonak ere; elkarrizketa ematen du hitz egiteko txandak errespetatzen dituztelako, baina bakoitzak bere liburua kontatzen du, irakurri nahi duen hori, beste bat ezagutzeko ezgai. Familiarekin asteburu pasa joan gara, eta, hain zuzen, liburuaren pasarte horretaz mintzatzen ari natzaie.

Icebergen arteko komunikazioaz. Baiezko keinua egiten didate, alabak gauza gehiago jakin nahi du, umea da eta edozer iruditzen zaio interesgarri, berak “Katta” liburu bi ekarri dituela esan dit.

Gustura egon gara laku batean. Bueltan, gizon batek kotxea gelditzeko eskatu digu, lehen ikusi dugu bainu azkar bat hartzen: txakur batekin heldu da lakura, elastiko estua kendu, eta tatuajeek zizelkatutako soin landua zipriztindu du ur hotzean. Orain bueltatzen ari da, basoan espedizio bat egiteko motxila darama. Leihatila jaitsi dugu, hasi da hitz txandaketa: «Bidea moztuta dago. Ezin da kotxearekin pasa!»; «Ikusi ditugu hesi batzuk aurrera egitea eragozten zutenak, baina bidezidor hau hartzeko ez da egon hesirik»; «Listo batzuk zarete, hesia zegoen»; «Ez. Bide hau hartzeko ez da hesirik egon, are, lakuaren aparkalekuan hainbat kotxe daude»; «Azaldu iezaiezue foralei zergatik kendu duzuen hesia».

Berea liburu argala dela esan diot bikotekideari, bost puntuko gida moduko bat, hortik ez zela aterako, ez duela beste pentsaerarik irakurriko, bere horretan jarraituko duela orri ziztrin bakan horri begira. Faborez, metaforatxoekin gelditzeko eskatu dit bikotekideak, leihatila igo bitarte, zapuztuta. Ez dugu foralik aurkitu, baina aurrerago, bidesarian, Guardia Zibilaren kontrol batekin topo egin dugu. Alabak, soinean eramaten dituzten armei begira, aho zabalik galdetu du: «Zergatik daramatzate pistolak?!».

Nik ezer erantzun aurretik, esan dio aitak: «Badira liburuak irakurrarazteko moduak».