Udarako dekalogo bat
Lagun bi batu dira, banku batean eseri eta batek papera eta boligrafoa atera ditu. Maite dituzte zerrendak. «Bakoitzak puntu bat, ados?», esan dio izenburua apuntatu bitartean: “Udarako dekalogo bat”.
«1. Ez hartu hegazkinik. Ez da beharrezkoa. Utzi leku urrunak urrunean, gora zero kilometroa!
2. Kendu plataforma kontu guztiak. Serie gabeko udaren aldeko apustua egin. Eta onik atera. Serieen erritmo zoro eta doinu tentagarritik desintoxikatzea posiblea dela frogatu.
3. Irakurri jatorrizko hizkuntzan. Egin ahalegina, gozatu; bilatu eta topatu normalean oharkabean pasatu zaizun literatura.
4. Kontzertu batera, gutxienez, joan. Ahal bada, gehiagotara.
5. Oporretan, toki berri batera joatekotan, gehienez, gauza bat ikusi egunean. Mantra bat balitz bezala buruan errepikatu: «Berdin dio toki/eskultura/kontu hori ikusi barik uztea, trankil, ez da derrigorrezkoa».
6. Mugikorraren datuen ordutegia zehaztu: 12.00etatik 19.00etara. Kanpoko tartean, esateko ezer garrantzitsua egonez gero, telefonoz deitu lagunari, eta, bide batez, publizitateak propio hartu duen komunikabidea askatu.
7. Astean behin, aurrez aurre lagunekin lotu. Ikusi aurpegiak, bestea ukitu, besarkada bat eman.
8. Aspertu. Gora iraultza!
9. Asteko bi egunetan ez erosi ezer ere. Aspertzen ikasi ostean, salerosketek eskaintzen duten entretenimendua ez da beharrezkoa izango.
10. Idatzi. Virginia Woolfek logela bat behar zuen idazteko; Ursula K. Le Guinek, arkatza eta orria; Louise Erdrichek sekretupean idazten zuen; eta, Hélène Cixousek, emakumea askatzeko. Asmatu zer den bakoitzak kontatzeko duena».
Errepasatu dute apuntatutakoa, egingarria iruditzen zaie. Pipa paketea ireki dute, jaten ari dira, tartean, trago batzuk hartzen dituztela. Norbera galduta dago bere pentsamenduen zurrunbiloan, edota hobeto esanda: behin, aspertuta eta produkzioaren kontra egin eta gero, bakoitza galdu da aurreko arbolaren enborrari begira. Orduan, ia-ia batera, orria hartu eta hamaikagarren puntu bat idatzi dute: «Aldatzea posible da».



