Maria Cristina: Oligarkiaren liberalismoa

Maria Cristina de Borbon-Dos Sicilias, bere osaba Fernando erregearekin ezkondu zen. Aurreko hirurak seme-alabarik gabe hil ziren-eta, Fernando VII.aren laugarren emaztea izan zen. Horixe izan zen Maria Cristinaren lehenengo negozioa, eta irabazi asmodun bere karrera paregabearen hasiera.
ERREGINAORDEA (1833-1840)
Fernando VII.a gaixorik zegoela hasi zen ja Maria Cristina agintzen. 1830eko urrian ume bat jaio zen: Isabelatxo. Erregeak legea aldatu zuen, emakumezkoa ere erregina izan ahal izateko. Fernando VII.a hildakoan, 1833ko irailean, Maria Cristina inolako lotsarik gabe hasi zen, azpijoko politikoen edo negozio partikularren bidez, irabazi errazen bila.
Liberalek ez zuten errege ikusi nahi Fernandoren anaia Carlos Maria Isidro Borboia, absolutista deklaratua, eta haien sostengua lortu zuen Maria Cristinak bere alaba proklamatzeko Espainiako erregina. Isabelatxok hiru urte baino ez zituenez gero, Maria Cristina bera izango zen bitartean erreginaorde. Orduan, Don Carlos koinatuaren aldekoak altxatu egin ziren, eta hala hasi zen erreginaordearen erreinaldi osoa iraun zuen Lehenengo Gerra Karlista…
Bizitza pribatuaren alorrean, Maria Cristinaren bizimodu pribatua ezin zen oso pribatua izan, baina bazterrak berriketan ipintzeko motiboak eman zituen berehala. Alargun lutua hiru hilabetez ere mantendu gabe ezkondu zen sekretuan Fernando Muñoz Sanchez bere bizkartzainarekin (Guardia de Corps). Ezkontza morganatiko hori ez zen hamaika urtez legalizatuko, Maria Cristina oso erlijiosoa zen arren, ofizialki ezkonduz gero, titulu eta pribilegioak galduko zituelako. Hala ere, denbora horretan, bikoteak zortzi ume ekarri zituen mundura, Maria Cristinak erregearekin izandako bi alabez gainera (Isabel eta Luisa Fernanda), erreginaorde zela jaio ziren Maria de los Desamparados Muñoz y Borbon (1834), Maria de los Milagros (1835), Agustin Maria (1837), Fernando Maria (1838), Maria Cristina (1840), eta gero beste hiru: Antonio de Padua (1842), Juan (1844) eta Jose Maria (1846).
Maria Cristina erreginaordeak, alargun izanda ezin zuenez jendaurrean haurdun aurkeztu, disimulatu egiten zuen, sabela ezkutatzeko, janzkera zabal dotoreak erabiliz. Jendeak esaten omen zuen:
«La Regente es una dama casada en secreto y embarazada en público».
Fernando Muñozi, “Fernando VIII.a” deitzen zioten. Umeak, jaio eta laster, Parisera bidaltzen omen zituzten, han konfiantzazko neskameen eskuetan hazteko.
Karlistek batez ere kopla ugari egiten zituzten Maria Cristinaren umegintza aitzakiatzat harturik:
«Clamaban los liberales
que la reina no paría,
y ha parido más muñoces
que liberales había…».
Maria Cristinak liberalen sostengua zuen. Liberalak, karlistentzat, “kristinoak” edo “giristinoak” (hortik, etimologisten arabera, gaztelaniaz kanpotarrei deitzeko erabiltzen den “guiri” hori, kanpotik heltzen baitziren Maria Cristinaren aldeko funtzionarioak eta soldaduak). Baina euskaldunen artean ere izan zituen aldekoak, bertsogileak ere bai, “Don Gaspar de Jaureguik bere anai euskaldunai zortzikoetan” bertso sailean ikusten denez:
POLTSIKO SEKRETUA
Maria Cristina erregina-gobernadorea liberalen ikurra izan zen, nahiz eta ez izan bera zentzu politikoan “liberala”, baizik gobernu gogorraren aldekoa. Baina, politika negozioekin nahasteko joera itzelarekin, oso “liberala” zen zentzu ekonomikoan. Nahi zuena egiteko boterea zuenez gero, libertatea ere nahi zuen pribilegio hori nahieran erabiltzeko.
Liberalekiko akordio politikoek enpresari handiekiko hartu-emana erraztu zioten Maria Cristinari. Eta, burgesiaren eta monarkiaren arteko loturaren markoan, penintsulako eta kolonietako negozio handi guztietan sartuko zen.
Agustin Muñoz, bizkartzain ohia, senar ezkutua, Maria Cristina erreginaren aberastasunen kudeatzaile bihurtu zen. Maria Cristinak, alargun moduan, errege defuntuaren herentzia jaso zuen (27 milioi erreal berarentzat, eta 56 milioi alaba bakoitzarentzat) eta, gainera, Gobernuari eskatu zion sortzeko geroago «poltsiko sekretu bat», berak kudeatuko zuena. Badirudi 37 milioi erreal sartu zirela poltsa sekretu hartara 1833-1840 bitartean. Erregina eta bere senar morganatikoa, harribitxiak eta halako kapritxoak erosteaz gainera, diru irabazi handien mundura sartu ziren, obra publikoa eta irabazpide pribatuak gehiegi desberdindu gabe. Muñoz-Borbon bikote errealaren sozioetan lehenengoetakoa Rothschild familia izan zen, Europako monarkiak hain ondo tratatzen zituen sare finantzarioa. James Rothschild Paristik eta Nathan Rothschild Londrestik kristinoen alde jarri ziren, karlisten kalterako.
Maria Cristinaren erreinaldian, gertaera historiko gogoangarri batzuk izan ziren: 1834an, monarkia absolutista “konstituzional” bihurtu zen; 1836an, Juan Alvarez de Mendizabalen desamortizazioa hasi zen, lur-jabe handi berrien mesederako; 1839ko abuztuan, Bergarako Konbenioarekin amaitu zen Gerra Karlista. Guztiaren gainetik, erreginaordearen azpijoko eta urre-zaletasuna nabarmendu zen. 1840an, Baldomero Esparterok erregina-gobernadorearen fama txarra profitatu zuen, hura baztertzeko. Fernando Muñozekiko ezkontza ezkutua ere airatu zuen, eta Maria Cristina ofenditurik joan Frantziara.
Hamaika urtez ostutako dirua atzean utzi gabe joan zen Maria Cristina, borboiek beti egin dutenez. Baldomero Esparterok poltsiko sekretuko 37 milioi erreal haiek erreklamatzen zizkion, baina ostutako dirutzak Maria Cristinak ez zituen egundo itzuliko.

INTRIGA POLITIKOAK ETA NEGOZIOAK
Maria Cristina 1840ko urrian joan zen Mercurio baporean, Valentziatik Marseillara. Handik gutxira, Erroman egon zen, Gregorio XVI.a aita santuak bere ezkontza morganatikoa bedeinkatu arte. Gero, Frantzian bizi izan zen, ahaide Borboien hegalpean. Maria Cristina Europako emakumerik aberatsena omen zen jada.
Erbestealdian ere, negozio etekintsuak eta konspirazioak korapilatuz mugitu zen: alde batetik, inbertsio ekonomiko handiak egiten zituen, Rothschild eta enparauekin; bestetik, intriga politikoetan parte hartzen zuen Leopoldo O’Donnell edo Ramon Maria Narvaez moduko militarrekin. 1843ko udan arrakasta izan zuen: Esparterok erregeordetza abandonatu behar izan zuen O’Donnell, Narvaez eta Juan Prim jeneralen estatu kolpeagatik. 400.000 erreal aurreratu omen zizkien militar inplikatuei Maria Cristinak, eta 100.000, trama zibilari (Jose Salamancari, besteak beste); eta inbertsioa ez zen alferrikakoa izango. 1843ko azaroan, militarrek «adinez nagusi» proklamatu zuten Isabel II.a, hamahiru urte baino ez zituen arren.
Isabel II.a erregina izendatu, Konstituzioa sinatu eta ama ere itzuli zen Madrilera. Maria Cristinaren ezkontza ezkutua, aita santuak ja bedeinkatua, Gorteetan legalizatu zen eta, berrezkontza zelebratu ondoren, ohorez eta tituluz bete zuten Fernando Muñoz ere, «Duque de Riansares», «Grande de España» eta abar.
ESKLABO TRAFIKOA
1844an, Leopoldo O’Donnellek kapitain jeneral kargua hartu zuen Habanan (eta Juan Primek Puerto Ricoko San Juanen). Ez zen ardura politiko marjinala Espainia kolonialean. Esklabo trafiko ilegala babestu behar zen (“pieza” bakoitzeko 51 peso kobratuko zituen kapitain jeneral horrek), eta balizko intsurrekzio beltzaren aurkako errepresio kanpainak egin behar ziren. “Eskaileraren Konspirazioa” deitu zitzaion ustezko intsurrekzio bati, baina beltz susmagarriak torutratzeko erabiltzen zen tresna zen, eskailera.
Muñoz-Borbon familiak, O’Donnellez aparte, kolaboratzaile leialak zituen Kuban. Esate baterako, Antonio Parejo (Guardia de Corps izandakoa, Muñozen kide ohia, eta Habanako aberats alaba batekin ezkondua). Gauzak ondo joan zitzaizkion azukregintzan eta esklabotzan oinarritutako enpresari: 1844an hasierako kapitala 2,5 milioi errealekoa izanda, 1849an 22,1 miloi erreal zituzten (14 milioi ziren Muñoz-Borbon familiarenak). Diru irabazi batzuen jatorri zehatza argitzen da 1845eko kontabilitate apunte batean: «Compra de negros, 98.148,31 francos» (373.895,99 erreal, alegia).
Esklabo trafikoa mendearen hasieratik ilegala izanik Itsaso Atlantikoan, irabazi handiak eta konplizitate boteretsuak behar ziren horretan jarraitzeko. Maria Cristinak hartu-eman onak izan zituen Pedro Zulueta ontzi jabearekin (Zulueta & Company) Londresen, eta haren iloba Julian Zulueta propietario-politikariarekin Habanan. Borboiek ondo ohoratzen zuten sakarokrazia: Julian Zulueta, esate baterako, «Marqués de Álava» izendatu zuten, bai eta «Senador vitalicio por designación real» eta «Comendador de la orden de Isabel la Católica» ere.
Noble aberastu eta aberats nobletu haien eskuetan zegoen Espainiako dirua eta politika. Koroak, eta Gobernuak, esklabo trafikoa babesten zuen, nahiz eta ilegala izan. Lehenago abolitu zituzten euskaldunen foruak eta abiatu zuten industrializazioa esklabotza debekatu baino…
Espainiak ez zuen esklabotza ofizialki abolitu 1886ko urriaren 7ra arte. Egun hartan geratu ziren legalki libre azkenengo 25.000 «patrozinatuak».
INTRIGA POLITIKO ETA NEGOZIO GEHIAGO
Esklabo trafikoan ez ezik, Muñoz-Borbon familia irabazpide legal eta ilegal guztietan ere sartu zen: Manzanares eta Ebro ibaien kanalizazioa, Valentziako portuaren azpiegiturak, Madril-Aranjuez eta Gijon-Langreo trenbideak, ikatza Filipinetara eramatea, Asturiana Mining Company. Gatzaren monopolioa ere izan zuten urtetan...
Negozio edo intriga arraroagoetan ere parte hartu zuten Borboi horiek. Esate baterako, seme bat (Agustin Muñoz y Borbon) Ekuadorreko errege proklamatzen ahalegindu ziren 1846an, hango presidente ohi Juan Jose Flores erbesteratuaren kolaborazioarekin. Agustin «Príncipe de Ecuador» izendatu zuten, zer-eta «Reino Unido de Ecuador, Perú y Bolivia» deitu behar zuen erresumako errege izan zedin.
1854an, Maria Cristinak berriro alde egin behar izan zuen Espainiatik, Baldomero Esparterok, monarkia salbatzeko, Isabel II.a babesteko, amaren negozio ustelak salatu baitzituen. Maria Cristinak, urte batzuetan Frantzian eta, 1856tik aurrera Espainian ere, bere operazio politiko-finantzarioekin jarraitu zuen.
Isabel II.a armiarma sare horretan harrapatuta erori zen azkenean, 1868an. Oraingoan, ama eta alaba, biak joan ziren erbestera. Isabel erreginak, Donostian zegoela, Napoleon III.aren babesa izan zuen zain Biarritzen. Asturiasko printzeak, Alfontsok, 11 urte baino ez zituen, eta amarekin joan zen Frantziara, eta amamarekin, Maria Cristina eta Fernando Muñoz ere Gijonetik joan baitziren Frantziara, Napoleon III.a horrek igorritako fragatan.
Maria Cristina eta Fernando Le Havren geratu ziren bizitzen, Sena ibaiaren bokalean, Mon Désir izeneko etxean.

BORBOIEN ERRESTAURAZIOA (1875)
Matxinada kantonalistaren ondoren, eta, Bigarren Karlistaldian, euskal probintziak ezin konkistatuz zebiltzala, noble aberastu eta aberats nobletu haiek monarkia konstituzionala behar zuten berriro. Antonio Canovas del Castillok atondu zuen Alfontsoren itzulera eta Antonio Martinez Camposek eman zuen monarkia berrezartzeko kolpea.
«Bakarrik» etortzeko eskatu omen zion Canovasek “ahapeka” Alfontso gaztetxoari, amarik eta amamarik gabe. Gazte zintzo moduan aurkeztu zen Alfontso XII.a, monarkiaren betiko legitimitatearekin («lo único que inspira ya confianza en España», idatzi zuen, nork-eta, Alfontso XII.ak berak), Espainia eraldatu eta birsortzeko. Regeneracionismo deituko zen hura gero. Erregimen oligarkiko hura liberala zela esaten zuten.
Memoria historiko apur bat behar da Maria Cristinari buruz bere sasoian kantatzen zena kontestuan ulertzeko. Duela ehun urte, Ñico Saquitok famatu zuen abestia. Eta oraindik kantatzen da Kuban, eta hemen ere bai igual:
«María Cristina me quiere gobernar
y yo le sigo, le sigo la corriente,
porque no quiero que diga la gente
que María Cristina me quiere gobernar».
Herriko jendea abestuz kontsolatu behar. Gobernatu, benetan gobernatu, aberatsek eta militarrek gobernatzen duten artean.

Entre el luchador sensible y el matón violento

Alimentos «GLP-1 friendly»
«Beti miretsi izan dudan jende baten lana egiteko aukera izan dut»

Guardianes del territorio: el negocio del agua en Argentina

