Garazi Aranguren Alberdi
ARKITEKTURA

Infinito Delicias

Madrilgo Delicias auzoan, eraikin industrial bat berritu eta bilgune bizigarri bihurtu dute. Proiektuaren arduradun diren Husos, Elii eta Ultrazul estudioek komunitatea, ekologia eta jasangarritasuna ere lehenetsi dituzte. Mugarik gabeko espazio bat, «Dena bere jarioan» lelopean.

Irudietan, Infinito Delicias eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea ikus daitezke.
Irudietan, Infinito Delicias eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea ikus daitezke. (Irudiak: Impresiones Cotidianas - Juan Asolo)

Daniel eta Nina Carasso Fundazioak Husos, Elii eta Ultrazul estudioekin elkarlanean sustatutako Infinito Delicias proiektuak Madrilgo Delicias auzoko industriagune zahar bati bigarren bizitza eman dio. Bere leloak dioen bezala, Infinito Delicias-ek guztia, askatasunez, “bere jarioan” dabilen tokia izan nahi du. Horretarako, hirugarren espazioaren ideian oinarritzen da: ez etxea ez lantokia, baizik eta harreman espontaneoak eta ezusteko topaketak sustatzen dituen ingurune irekia. Kasu honetan, arkitekturak ez du edukiontzi huts baten rola betetzen; aitzitik, erabilera berriak, elkarlana eta etengabeko eraldaketa ahalbidetzen dituen tresna bihurtzen da.

Helburu horrekin berreskuratu da Delicias auzoko industria eraikin zaharra, bost solairuko bulego-dorre batek eta elkarren gainean eraikitako bi nabek osatua. Hasierako asmoa eraikina eraitsi eta etxebizitzak eraikitzea bazen ere, proiektuak kontrako bidea hartu zuen: jatorrizko egituraren %95 inguru mantendu, eta haren gainean gauzatu zen esku hartze berria. Horrela, ondare industriala ez ezik, eraikina lehen aldiz altxatzeko erabilitako energia ere kontserbatzen da, eraikuntza jasangarriaren oinarrizko printzipioetako bat betez.

Impresiones Cotidianas (Juan Asolo)

Barrualdeko programa eta haren antolaketa osoa topaketaren ideiaren inguruan eraiki dira, naturarekiko harremana ardatz bihurtuta. Lorategiak, laborantza mahaiak, konpost guneak, landaredi iragazkiak eta hegaztientzako elementuak txertatu dira eraikinean; etorkizunean, gainera, saguzarrentzako babeslekuak eta intsektu hotelak gehitzea aurreikusten da, auzoko herritarren parte hartzearekin. Aldi berean, patioak, terrazak eta barruko gelak lotzen dituen ibilbide jarraitu batek zirkulazioa bera topaleku bihurtzen du. Estrategia horien guztien helburua da pertsonen nahiz gainerako izaki bizidunen arteko topaketa, elkarbizitza eta lankidetza sustatzea.

Birgaitze osoa arkitektura bioklimatikoaren eta ekonomia zirkularraren irizpideen arabera garatu da. Horregatik, lehentasuna eman zaie biomaterialei (zura, kortxoa eta kare morteroak, besteak beste) zein ingurumen inpaktu txikiko material birziklatuei. Horien artean, protagonista nagusia gaztainondo zur trinkoa da. Material horrek eraikinaren inguratzaile berriaren zati handi bat osatzen du eta, karbono aztarna murrizteaz gain, naturarekiko lotura indartzen duen izaera biofilikoa ematen dio espazioari.

Kanpoaldean, fatxada berriak berehala erakartzen du begirada. Kanporantz luzatzen diren zurezko egiturek Madrilgo auzo askotako toldo eta balkoiak ekartzen dituzte gogora, eraikinari irudi garaikidea emanez, tokiko paisaiarekiko lotura galdu gabe. Egitura guztiak torlojuz muntatu dira, itsasgarririk erabili gabe. Horrela, etorkizunean desmuntatu, konpondu edo berrerabili ahal izango dira, ekonomia zirkularraren printzipioei leial.

Impresiones Cotidianas (Juan Asolo)

Jasangarritasunaren aldeko apustua ere nabaria da energia estrategian. Argi naturala eta ia eraikin osoan posible den aireztapen gurutzatua ahalik eta gehien aprobetxatzen dira, energia kontsumoa gutxitu eta barruko erosotasuna handitzeko. Horri geotermia, aerotermia eta eguzki plaka fotovoltaikoak gehitzen zaizkio, klimatizazio sistema aktiboaren oinarri gisa.

Infinito Delicias-ek erakusten du birgaitzea ez dela iragana kontserbatzea soilik. Lehendik dagoena berrinterpretatuz, eraikin batek memoria industriala, jasangarritasuna eta komunitatearen bizitza uztar ditzake, eta, hala, hiriaren etorkizunerako arkitektura eredu berriak proposatu.