Amagoia Mujika

Matriuska

Sanoa ez ezik, beharrezkoa ere iruditzen zait gure matriuska horri geruzak kentzea aldian-aldian. Garena albora utzi eta benetan izan nahi dugun horretara gerturatzeko ahalegina egitea

Ez naiz originala izango. Bai, paketetik atera berri dugun 2015. urteari begira jarriko naiz. Eta ideia ere ez da propioa, lapurtutakoa baizik. Maialen Lujanbiori lapurtua. Tira, barkatuko ote dit, sortuko zaizkio beste hamaika ideia bikain, eta asmatuko du ideia onak modu perfektuan kontatzen. Beti egiten duen bezala.

Aurrekoan, bertso saio batean, bere bertso ibilbidea errepasatzeko azken hogei urteotako bideoei begira jarri zuten. Maialen Lujanbio desberdinak ikusi genituen bertan; desberdinak jarreran, janzkeran eta hizkeran. Berak esan zuen orain Matriuskatik atera den beste Maialen bat dela, bere baitan zegoena. Bueltaka darabilkit ideia. Matriuskarena denok egin beharko genukeen prozesu bat deskribatzeko modu bikaina iruditzen zait.

Urte zaharra joan eta berria etorri. Urteak gainean pilatzen ditugun geruzak izan daitezke; esperientziak pilatzen ditugu, jakintzak, disgustuak eta pozak, tarteka. Badirudi benetan balio duena horixe dela; geruzak pilatzea, bata bestearen gainean. Eskarmentua, jakintza, asko ikusi izanaren patxada... Baina beldur naiz ez ote garen galtzen geruza baten eta bestearen azpian. Eskarmentua jantzi eta jantzi, ez ote ditugun beste gauza batzuk eranzten; harritzeko gaitasuna, liluratzekoa, akatsak egiteko lasaitasuna...

Mahaian eserita, amonaren eskuei begira nagoela, konturatu naiz ja errenditu dela, ez duela bere baitan duen besterik aterako. Ez duela matriuskaren geruzarik erantziko. Segur aski honezkero kenduak ditu bat baino gehiago, eta ez dauka beharrik gehiagorako. Aitona hil zenean, esaterako, nabarmena izan zen. Aspaldiko urteetan aisialdirik gozatu gabeko emakume langilea eta besteen zaintzari erabat emana zena erantzi eta beste bat atera zuen bere baitatik; lagunekin hitzorduak egin, partxisean haserretzeraino jokatu eta oinez paseo luze bakartiak ematen zituena. Eta nik, gaztetxoa artean, ikaragarri miretsi nuen amonak emandako bira. Lezio handia izan zen.

Sanoa ez ezik, beharrezkoa iruditzen zait gure matriuska horri geruzak kentzea aldian-aldian. Garena albora utzi eta benetan izan nahi dugun horretara gerturatzeko ahalegina egitea. Erantzi ditzagun paralizatzen gaituzten usteak, eusten diguten beldurrak, gezurrezko poseak eta punta zorrotzeko estereotipoak. Ez ote dugu batzuetan arnasa hartzeko larria sentitzen matriuska horren barruan? Arazoa da maiz ahaztu egiten zaigula aukera hori badugula, alegia, geruza bat kendu eta gure baitan dugun beste hori ateratzeko aukera. Bai, gure herriak ere eskarmentu gehiegi pilatu du aldean, bizkarra okertzeraino. Geruza bat erantzi eta bere baitan duen herria ateratzeko urtea izan daiteke, arnasa berriagoz dabilena.