amagoia mujika
IRITZIA

Maite ditut denak

Hurrengo egunean bertan erabaki genuen ez ginela beldurrez biziko, ez genuela etxetik atarira alde egingo oinutsik, gure sudurra ederra zela eta parrandak noiz hasi eta noiz bukatu guk erabakiko genuela.

Gaur, Martxoaren 8. Pankartak, argazkiak, datuak. Zer pentsa emango digute, edo ez. Askorentzat betiko leloaren betiko leloa izango da. Egunean minutu pare batean jasan beharreko zaparradatxoa. Eta bihar biharkoak.

Arazoa ez da gaurkoa edo biharkoa. Aspaldikoa da. Xirimiri modura blaitu gaitu urteetan, mendeetan.

Atearen bestaldean norbait negarrez entzun genuen. Oinutsik zegoen atarian, isilka negarrez, eskaileratan eserita. «Sartu, sartu». Esne epel pixka bat eta aulki bat. «Ez da gizon txarra. Berehala pasatuko zaio». Ez zela ezer pasatzen esan ziguten, handiagoak ginenean ulertuko genuela.

Harrituta geratu nintzen aurpegia bendaz tapatuta ikusi nionean, 18 urteak bete berriak. «Aspaldi ari nintzen dirua aurrezten sudurra operatzeko». «Zergatik?», galdetu nion inuzente. «Itsusia nuelako». Ez nuela ulertzen esan nion, eta berak handiagoa nintzenean ulertuko nuela.

Errietan ari ziren. Ostiralean festara atera eta igandean bueltatu zelako haserretu omen zen hainbeste. «Baina oso ondo pasatu duela esan du». Baietz, baina neska batek ezin duela horrela ibili, eta ulertuko nuela handiagoa nintzenean.

Haurra nintzela konturatzen hasi nintzen ez zela samurra emakumea izatea; ibilkerak, janzkerak, hizkerak eta ikuskerak zaindu beharra zegoela. Geroxeago konturatu nintzen horiei kontra egitea arriskutsua ere izan zitekeela. Nerabe ginela sartu ginen jendez lepo zegoen taberna hartara. Esku batean garagardoa zeukan gizonezkoak beste eskuarekin lagunaren bularra hartu zuen, berea bailitzan. Lagunak sekulako zaplaztekoa eman zion, eta korrika atera ginen, haserre, baina, batez ere, beldurtuta.

Eta uste dut hurrengo egunean bertan erabaki genuela ez ginela beldurrez biziko, ez genuela etxetik atarira alde egingo oinutsik, gure sudurra ederra zela eta parrandak noiz hasi eta noiz bukatu guk erabakiko genuela.

Uxue Alberdik dioen bezala: «Konplize ditut eta maite ditut denak».