MIREN AMURIZA
IRITZIA

Isiltasunaren oihartzuna

Isil-isilik dago kaia barrenean, ontzi zuri polit bat uraren gainean. Isil-isilik dago kaia barrenean, ontzi zuri polit bat… Isil-isilik dago kaia barrenean…».

Zarata, soinu edo ahotsen ausentziak ezaugarritzen du isiltasuna; zenbat eta gehiago kendu, orduan eta handiagoa egiten den zer misteriotsu hori. Zenbat eta gehiago hustu hitzez, beteago egon daitekeena esanahiz. Itxaso Martin idazle eta antropologoari irakurri nion, isiltasun absolutua (ez-komunikazioa) ezinezkoa dela hizketa lagun biren artean; hots, berbak erabili ala ez, informazio trukea eten bakoa izaten dela. Martinek zioen hitzak eta isiltasuna, biak ala biak, kulturalki kodifikatuta daudela eta testuinguruaren arabera erabili edo interpretatzen direla; ez bata ez bestea, ez direla neutroak, beraz.

Oteiza ere ausentziaren bila ibili zen bere esku sorginekin. Tradizionalki, espazio bat okupatzen duen bolumen moduan ulertu izan da eskultura. Oriotarrak ostera, printzipio horri buelta eman zion eta hutsuneak sortzeko erabili zituen bolumenak. Espazio desokupatu moduan aurkezten zituen bere artelanak, hutsunez betetako espazio moduan.

Gurean ondotxo dakigu zer den isilik egotea: «Aitita, zelan izan zen gerra denborako pasadizo hura?» «Noiz eztabaidatuko dugu honi buruz?» «Zer ostia gertatzen zaizu?». Aspaldion, ordea, guztiz bestelakoa da joera eta errelatuaren izenean berba eta berba ari dira alde bateko zein bestekoak, gainezka egin duen ontzitxoak nola, hitzak parrastadan isuriz: autokritika, beldurra, damua, aitortza, erreparazioa, eskubideak, barkamena, elkarbizitza, sufrimendua… Iraganetik datozen hitzekin ari dira isiltasuna betetzen eta arretaz entzuten ditugu batzuen eta besteen esanak, baina era berean, asko dira oraindik airean dauden sekretupeko eta tabuak. Itxaso Martinek zioen (neurologo ezagun baten aipuan oinarrituta) isiltasuna ez dela ez-esatea, ezpada isiltzea; esan nahi ez dena, esan behar ez dena edo esan ezin daitekeen hura isiltzea, alegia. Beraz, Oteizak egin zuen moduan, geuk ere kontzeptuari buelta eman beharko genioke agian. Hau da, espazioa okupatzen duten berbei barik, tartean geratzen ari diren ausentziei erreparatu, isiltasunak interpretatu: nor dagoen mutu, zer isiltzen duen, eta zergatik… Edo alderantziz: norberak zeri buruz berbarik egiten ez duen pentsatu, nahi ez duelako, edo ausartzen ez delako… Entzun isiltasunaren oihartzuna.

Isil-isilik dago...