MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Partxeak

Behin eta berriz entzuten ari gara krisi ekonomikoaren okerrena pasa dela eta enplegu datuak, onak izan gabe, beste joera bat erakusten hasiak direla. Azkena langabeziaren datuak ezagutu genituenean, antzeko adierazpenak egin zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Zer esanik ez Espainiako Gobernuak. Hego Euskal Herrian kokatuz, batek ez daki zer pentsatu, adibidez Goikoetxea kontseilariak esaten duelako Nafarroan hazkundearen datua zuzendu egingo dutela, lehenago esan zutena baino handiagoa izango dela, baina zuhurtasunagatik beste datu bat eman zutela. Gaizki pentsatzen hasita (eta ikusita UPNren egoera txarra), ez ote zuten nahita ezkutatuko hazkunde-datu prebisioa, hauteskundeak gerturatzean hobea ateratzeko eta «Nafarroa ongi doa» esateko. Auskalo!

Nolanahi ere, enplegua sortzea erronka handia da eta gazteak enplegura urratsa egin ahal izatea are eta zailagoa antzematen da. Toña sailburuak Lehen Aukera programaren birmoldaketaren berri eman du berriki eta enpresariei bidea erraztuko dien hainbat neurri eta diru kopuru handia jarri ditu mahai gainean, era honetan, gazteak harrapatzen dituen gurpil zoroa apurtu dadin. Gazteek ezin dute lanik egin esperientzia eskatzen zaielako eta ez dute esperientziarik lanik egin ez dutelako. Oso ondo babestuak begiztatzen dira enpresak, kasurik gehienetan balio handia erakutsiko duten gazteei lana emateko. Arrisku gutxiko operazioa dirudi, Eusko Jaurlaritzak emango dien babesa zein den kontuan hartuta. Ez dirudi asko galtzeko arriskutan daudenik.

Espainiako Estatuko datuetan begia jarrita, populazio aktiboaren inkestaren arabera, lana lortzen ari diren gazteek kontratatu berriek duela bost urte baino %12 gutxiago irabazten dute. Beste datu kezkagarri bat ere badago; izan ere, gutxien kobratzen dutenak dira soldata beherakada handiena nozitu dutenak. XX. gizaldiko 80ko hamarkadaraino garamatzaten soldatez ari gara.

Ez dezala inork esan egoera denontzat dela txarra, eta gainerako erretolikak. Ekonomia berpizteko jendeak, langileek, konfiantza izan behar dute; beraz, dirua, gastatzeko dirua. Kontsumoa hazten ez den bitartean hazkundea ere ez baita gauzatuko. Eta gainera, lana gaizki ordaintzen bada, ez da seguru egiten, ez da ongi egiten, ez da lana egiten ikasten, eta joera bat bultzatzen du, prestazioetara jotzeko joera, orain baino lehen Europan ezagutu dena. Euskal Herrian beti esan izan da lan kostuak altuak izan direla. Ekuazioa nahiko erraza da eta eginez gero, emaitza lortuz gero, sarritan argi utzi du hori ez dela egia eta hemen egiten den lanaren kalitatea hobea dela, produktuen kalitatea lehiakorragoa, hobea. Kontrako jarrerak, joerak eta tentazioak porrotari porrota gehitzeko eta datuak mozorrotzeko partxeak jartzea baino ez dira. Duintasuna eskatu behar dugu gizartea osatzen dugun eta eraikitzen dugun guztiontzat. Lana eskubide bat da eta ordain justua behar du. Esklabotzak pasata behar luke.