MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Aberri Eguna

Garaiak asko aldatu dira eta lehen urtean behin egiten genituen oporrak. Batzuk, baina oso gutxi, joaten ziren Aste Santuan ere batera edo bestera baina, oro har, etxeko bueltan geratzea izaten zen ohikoa. Garaiak asko aldatu dira eta orain egun gehiago edo gutxiagorako, autokarabanan, furgonetan, kanpinean edo apartamentuan, etxean baino lan gehixeago eginez, baina jende asko da Euskal Herrian batetik bestera edo Espainiara edo Kataluniara edo urrutiagoko helmugatara egiten duena, panorama apur bat aldatzeko besterik ez bada ere. Biharko eguna jai izanik, gaurko egunez hemen izatea batzuentzat pentsaezina da azken urteotan, aisialdiari ahalik eta zuku gehien ateratzeko asmoz, eta zer esanik ez Pazko astea ere libre dutenek.

Garaiak asko aldatu dira; izan ere, gaur bezalako egunez izan baitzen sentsibilitate ezberdinak bat egin eta manifestari kalera irtendako urteren bat ere. 1978. urtean Donostian egindakoaren irudi zenbait datozkit burura, PSOEko kide zenbait bertan zirela. Edo urte hartan bertan Bilbon egindako manifestazioan Nicolas Redondo UGTko burua, Ramon Rubial PSOEko presidentea eta Roberto Lertxundi eta Santi Brouard batu zituena, adibidez. Ez da pankartak zioena ahaztu behar: «Autodeterminación en la Constitución. Aberri Eguna 1978. Estatuto de Autonomía Nacional».

Oro har, dena den, Aberri Eguna, herri honetako alderdi abertzaleentzat eta Euskal Herria, nazio hau, inoiz estatu izatea amesten dutenentzat izan da egun handia. «Gaur Aberri Eguna da: Gora Euskadi Askatuta!» egun honetako oihua da, beraz, aldarrikapen horrekin bat egiten ez dutenak hotz uzten dituena.

Gainerakoen artean, Aberri Egun bateratua urtez urte behin eta berriz errepikatu izan den nahia da, ametsa batzuentzat. Arrazoi bat edo beste, aitzakia bat edo beste, alderdiak ez dira gai izan azken urte hauetan deialdi bateratu bat egiteko. Baina izan dira herri ekimenak bateratze hori eskatuz deialdiak egin dituztenak. Batzuen aldekoagoak zirelakoan haien deiak ez du aparteko gaitasunik izan sentsibilitate abertzale ezberdinak argi eta garbi biltzeko. Oraintxe amaitu den Korrika eta Gure Esku Dago ekimena dira azken urteotako ekintza anitzenak, jende gehien bildu dutenak eta, bide batez ez da alferrik etorriko esatea, herri honen parte batean behintzat ilusio eta indar handiena ematen dutenak. Hunkitu dute, herri sentiarazi dute, indar baikor eta handi baten erakustaldi bilakatu dira... gizarteak nahi du aurrera egin eguneroko aurrez aurreko tenkatu eta bortitzetik.

Kontua da, garaiak aldatu direlako, ez gaudelako Euskal Herrian, data oporretan tokatzen delako, azkarregi bizi garelako, konpromisoak hartzeko moduak ezberdinak direlako... aurten ez dudala aparteko ilusiorik sentitu ez deialdietan ez aukeratutako aldarrietan ere gaurko egunerako. Gizarteak aldatu egiten dira eta eraldatu, baina niri honek hausnarketarako minutu batzuk kendu dizkit. Gaur Aberri Eguna da. Gora!