amagoia mujika
IRITZIA

Elkarren ondoan

Elkarren ondoan bizitzekoak garela esango nuke. Ez akaso beti elkarrekin, baina bai elkarren ondoan. Parkeko bankuak partekatzen ditugu; tabernetako taburete aulki altu horietan zintzilikatzen ditugu hankak, luzeagoak edo motzagoak; anbulategiko aulki gastatuetan itxaroten dugu gure txanda; semaforo berberei begira geratzen gara pentsakor. Gure amonak gizalegea esaten zion. Nik nahiago bestela esan, hitz hori esatean amonaren adinekoa bezala sentitzen naizelako. Baina azkenaldian dezente akordatu naiz harekin.

Han jaitsi dira atrakzio horietako batean. Lehenengo, emakume bat seme txikiarekin. Etengabe frenatzen; mantso eta irribarre urduriz –ni antzeko abiadan jaitsiko nintzela pentsatu dut–. Eta, atzetik, berehala, gizonezko bat seme txikiarekin, sekulako haserrearekin eta letxe txarrez. Errieta egin dio aurreko emakumeari, etengabe frenatzen etorri dela eta traba egin diola. Emakumeak, barkatzeko, ez zela bere asmoa. Asteko edozein egunetan edozein semafororen bueltan gertatzen diren iskanbilen antza tristea hartu diot egoerari. Jaieguna da, eguzkitsua, ez dago inorako presarik...

Ilara sortzen ari da supermerkatuan, kutxa bakarra dago irekita. Aurrean, adineko gizon berritsu bat, ez omen dauka inorako presarik, ez omen dauka etxean inor bazkaltzeko zain, bakarrik bizi omen da... eta, horrela, bazkaltzeko menua detailez deskribatzeraino. Beste kutxa bat zabaldu dute eta «ordena errespetatuz» handik pasatzeko agindua eman dute. Eta, bat-batean, aitona-berritsu-sinpatikoa aitona-petral-ozpina bihurtu da. Hark aurrea hartu diola eta gaur egun gazteek edukaziorik ez dutela eta galbidean goazela eta... erretolika bukatu aurretik iritsi zaio txanda.

Igande goiza, txistularien esnadeia. Ez da ordularirik behar ordua kalkulatzeko. Abentura handia izaten da pijametan eta oinutsik korrika balkoira ateratzea txistulariak pasatzen ikusteko. Eta, igandero, igualtsuak elkartzen gara erritual bitxi horretan. Balkoi batzuetan, gurean bezala, hanka txikiak eta handixeagoak, denak oinutsik. Beste batzuetan mendi buelta egiteko prest-prest dauden mendiko botak. Larruzko etxeko zapatila dotoreak eta puntilladun txabusina beste batean. Bat-batean, balkoi batetik ur baldekada bat bota dute. Txistulariak blai goitik behera. Zenbatetan ez ote genuen esango, aje egunetan, hurrena ur baldekada bat botako geniela. Baina ez digu graziarik egin.

Oporrak atsedena hartzeko dira. Baina balio dute, era berean, eguneroko presatik atera eta arreta gauza txikietan jartzeko, garrantzia handiko gauza txikietan. Bai, amona, arrazoi zenuen, oraindik ez dugu ikasi elkarren ondoan bizitzen. Eta elkarren ondoan bizitzera kondenatuta gaude.