MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Aldaketa egarria

Aldaketa egarria” omen dago Nafarroan. Horrela esan du Pedro Sanchezek, Espainiako sozialisten buruak Nafarroara etorrita. Haluzinazioaren marra gainditzeko zorian uzten dute halako ateraldiek, jakin ez bageneki hauteskunde kanpaina batean kokatu behar ditugula eta ez dutela zerikusirik hauteskunde biharamunarekin, eta biharamuneko ajeak edo sortzen duen amnesiarekin. Zenbat aldiz izan du azken urteotan Nafarroak aldaketa egarria, zenbat aldiz izan da aldaketa hori gauzatzeko giltza Nafarroako alderdi sozialista eta zenbat aldiz zapuztu ditu, aldaketa nahi zuten milaka gizon-emakume eta baita alderdikide asko, batzuek alderdia uzteraino?

Demagun beste garai batzuk zirela, demagun PSOEn beste agintari batzuk zeudela. Egia da legealdi honetan Pedro Sanchez aukeratua izan baino lehen, Rubalcabak Nafarroara egindako azken bidaiak oso esanguratsuak izan direla beti; beti eta salbuespenik gabe Yolanda Barcina babestera etorri baita, bere alderdian kontrako zantzuak ageri baziren ere, edo agian ageri zirelako. Nafarroa, Euskal Herria, estatu-gaia da, estatuarentzat arazo da eta horren aurrean Espainiako agintariek lehenago edo geroago beti jarrera bera erakutsi dute.

Gauzak honela, ez dakit ze berme den orain Sanchez jaunak aldaketarako ematen duena, ez bada bere alderdiaren “trasteak” nola edo hala salbatzearena. Eta goitik behera jausi arren lortzen badu zerbaiten giltza izatea, salbatuta izango ditu, ez baitut uste hori baino gehiago lor dezakeenik. Hori lortuta, arrakastaz hitz egin daiteke alderdi sozialistaren kasuan, ordezkaritza galdu arren eragiteko gaitasuna izan dezakeelako. Hala ere, fede kontu batetik gertu uzten gaitu Sanchezek, dioenean Nafarroak behar dituen aldaketak PSNren eskutik etorriko direla. Maria Chivite PSNko presidentegaiak xehetasun gehiago ere eman ditu: hurrengo Gobernuaren buru ezin omen dute izan ez UPNk ez eta EH Bilduk. UPNk murrizketekin jarraituko duelako bere esanetan (murrizketekin bakarrik balitz! erantzungo nioke). Eta EH Bildu bere eraikuntza nazionalarekin saiatuko omen delako. Ez dakit zeri deitzen dion eraikuntza nazionala Chivite andreak! PSN muturretatik urrun omen dago. Muturretatik eta, orain arte ikusitakoaren arabera, beste gauza askorengandik urrun. Oso urrun.

Eta honaino iritsita, egia esan, zein da berria? Orain arte ikusitako jokabideek ez dute zalantzarako tarte handirik uzten. Baina gauza txikietan ere antzematen dira jarrerak, eta horietan ere lehengo lepotik burua, itxura batean. Sanchez jauna eta Chivite andrea aldaketaren beharra aldarrikatzen ari zirela, Sanchez jaunak Euskal Herria bisitatu duen azken aldi honetan beste adibide hau ere jarri dute aldaketaren beharra azpimarratzeko: «Aldaketa egarria dago, landa guneetan kendutako osasun etxeak berreskuratzeko». Egia esan, jakinik zer jarrera izan duen PSNk landa guneetako medikuen gaiarekin, abstentzioaren bidez UPN eta PPren proposamenak bultzatuz, demagogiaz baino ezin daiteke hitz egin. Hitzetatik ekintzetarako bidea nekeza egiten zaie Ferrazekoei. Nolako aldaketaren giltza ote da PSN?