Ariane KAMIO
DONOSTIA

Antzoki bat Shakespearerentzat

William Shakespeareren «Sonetoak» antzokira eramango dituzte datorren igandean «Zeru Horren Infernuak» ikuskizunarekin. Letrak, dantza eta musika, hirurak bat. Hitzordua, Victoria Eugenian.

William Shakespearek bi esparru bereganatzen dituela dio Joxan Goikoetxeak. Papera bata, eta antzokia bestea. Urtarrilaren amaieran haren “Sonetoak” euskarara ekarri zituen Juan Garziak Aztarna argitaletxearekin kaleratutako alean. 154 soneto euskaratu zituen, urteetako «lan obsesiboaren» ondoren. Eta paperean idatzita joan behar zuena bizitza propioa hartzen hasi zen. Liburuarekin batera bi diska ondu ziren. Horietako bat euskal kulturako 140 lagunen ahotsez egindako errezitazioekin. Bestea, Joxan Goikoetxeak musikatutako sonetoekin.

Paperean hasitako ibilbideak jarraipena izango du orain oholtza gainean, antzokian. Goikoetxeak berak gidatuta, hemezortzi sortzaileren parte hartzea izango du datorren igandean Donostiako Victoria Eugenian estreinatuko den ikuskizunak (19:00). “Zeru horren infernuak” dantza, musika eta Shakespeareren “Sonetoak” batuko ditu. «‘Sonetoak’ genero bat bihurtu dira mundu osoan eta modu desberdinetan entzun eta irakurri ahal izan dira», adierazi zuen Goikoetxeak atzo egindako aurkezpenean. Testu horiek izango dira, hain zuzen, ikuskizunaren hari nagusia. «Sonetoek badute trama bat eta trama horri bizitza eman nahi izan diegu. Dantza izango da, esaterako, pertsonaiak biziberrituko dituen baliabidea», azpimarratu zuen.

Hemezortzi sortzaileetatik bost arituko dira kantuan. Petti, Pier Paul Berzaitz, Olatz Prat, Amaia Azkue eta Estitxu Pinatxo. Diskoaren grabaketan parte hartu zuten denek, baina izan ziren gehiago. «Tamalez, Paco Ibañez, Mikel Urdangarin eta Eñaut Elorrieta ez dira igandean gurekin egongo», ohartarazi zuen Goikoetxeak. Shakespeareren azalean, berriz, Ximun Fuchs, Le Petit Têatre du Pain konpainiako antzezlea, jarriko da eta berak egingo ditu oholtzara eramango diren sonetoen errezitazio guztiak. Dantzak «pertsonaien harreman sutsuak ikusaraziko ditu», Montse Zabalza koreografoaren esanetan. «Liburuan aniztasuna bilatu genuen bezalaxe, aniztasun berbera antzemango da emanaldian ere. Musikak haustura ekarriko du eta dantza batasunaren eredu izango da 80-90 minutu iraungo duen ikuskizunean», gaineratu zuen Goikoetxeak.

Urteetako obsesioa

Urtarrilaren amaieran ikusi zuten argia Juan Garziak euskaratu zituen 154 sonetoek. Mikel Laboa Katedrari esker amaitu zuen bere lana, hogei urte lehenago abiatutakoa. «Amodiozko istorio bat izan da. Sukar gaitz bat, obsesio bilakatu dena», zehaztu zuen idazleak. Itzuli eta berrikusi egin zituen testuak behin eta berriro, idatzitakoa kakaztuko zuen beldur izateraino. «Gainetik kendu nahi nituen eta autoedizioan ere pentsatu nuen, katedraren berri izan nuen arte», nabarmendu zuen. Shakespearerekin izaten den lehenengo kontaktua, harremana, konplikatua dela onartu zuen Garziak berari ere kosta zitzaiola aitortu zuen. Horregatik erabaki zuen irakurle hasiberrientzat batez ere iruzkin lagungarriak gehitzea itzulitako testuei. Behin harremana hasita, ezin apurtuzko lotura sortzen dela ohartarazi zuen. Oholtza gainera eramango dena ere bide berbera abiatzekotan da. Hurrengo hitzordua maiatzaren 8an izango da, Hernaniko Biterin.