Soldatak gutxienez %1,5 igotzeko momentua dela aldarrikatu du ELAk
Aurtengo negoziazio kolektiboan ELA sindikatuak aldarrikatuko dituen gaien artean, gutxieneko soldata igoera aurreko urteko KPI + %2,5koa izatea dago, argi ikusten baitu soldatak jaitsarazteko egin diren politikek «atzeraldia eta enpleguaren suntsipena ekarri dutela».

Egungo egoera ekonomikoari eta ekonomiaren aurreikuspenei buruz etengabe egiten ari diren aipamenak ikusirik, ELA sindikatuko ordezkariek argi dute «soldaten ordua» dela eta horien igoera «beharrezkoa» dela, gainera. Horretarako, gutxienez %1,5eko igoera aldarrikatuko du 2015eko negoziazio kolektiboan, beste eskaera batzuen artean.
Horrekin batera, sindikatuak krisi urte hauetan langileek galdu duten erosteko ahalmena berreskuratzeko ahalegina egingo duela adierazi zuen Adolfo Muñoz, Txiki, ELAko idazkari nagusiak atzo Bilbon egindako prentsaurreko batean.
Soldatei dagokienez, horien gutxieneko igoera aurreko urteko kontsumo prezioen indizea (KPI) + %2,5 izan beharko litzatekeela defenditu zuen.
Negoziazio kolektiboa «blokeatuta» dagoen momentu honetan, Muñozek uste du egoera hau ez dela «akordio politiko» batekin gaindituko, «lan munduaren antolakuntzarekin» baizik. «Sindikatu mugimenduaren jatorrira bueltatu beharra dugu», azpimarratu zuen.
Zentzu horretan, Lakuako Gobernuaren «hipokrisia» salatu zuen ELAko idazkari nagusiak. Sektore pribatuan negoziazio kolektiboak duen blokeo egoeraren aurrean kezka azaltzen duen bitartean, «sektore publikoan guztiz suntsitzen ari da negoziazio kolektiboa».
Lanorduen murrizketa
Sindikatuak lanorduen murrizketa ere aldarrikatzen du, «ezinbestekoa baita enplegua sortzeko». Gainera, lan-erreformaren aplikazioa mugatuko duten klausulak sartzearen eta arau orokor gisa hitzarmenen mugagabeko ultraaktibitatea hitzartzearen alde agertu zen. Kalitatezko enplegua, azpikontratetan diharduten langileen baldintzak eta enplegu-bermeak parekatzea eta lanaldi partzialeko kontratuak mugatzeko klausulak ere aldarrikatzen ditu ELAk.
Bestalde, enplegu publikoa sortzea, astean 35 orduko lanaldia egitea eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea aldarrikatzen du ELAk.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
