GARA
DONOSTIA

Duela 25 urte Irunberrin jazotakoa argitzeko eskatu dute Oñati eta Andoainen

Heldu den ekainean 25 urte beteko dira Irunberriko arroilan Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra hilik agertu zirela, Guardia Zibilaren ordu askotako jazarpenaren ostean. Honen ildotik, eta martxoaren 24a Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna dela-eta, atzo bi herri horietako Udalek mozio bat onartu zuten, non Guardia Zibilari eta Gobernu espainolaren ordezkariari gertatutakoa «erabat argitzeko beharrezkoa den informazioa» eskatzeko konpromisoa hartzen duten, jazotakoaren gaineko bertsio ofizialean «argi-ilun ugari daudela kontuan izanik».

Mozioan aipatzen denez, «gertaera hura gure herriko historia hurbilaren parte bat da eta ezin dugu ahaztu. Hala, beharrezkoa iruditzen zaigu memoria egin eta gure ondorengoei han gertatutakoa jakinaraztea». Gainera, nabarmentzen dutenez, «gure herrian normalizazio politikoaren eztabaida eta gatazkaren gainditze demokratikoa irekita daudenean, beharrezkoa da orduko egia osoa jakitea. Bizikidetzarako ezinbesteko urrats bezala ikusten dugu».