Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Harriz harri, harrobi

Aste Santua. Halakorik izatea ere ganorazko egutegi batean! Ez, ez dut gustuko aste hau, urteak dituen beste guztien artekoren bat nahiago, edozein, Gabonetakoak ere kenduta, Jainkoarren! Prozesioak edonon, nonahi. Kale nagusietan, elizara bidean, txanodunak tipi-tapa, orain eskuin orain eskuin berriro, turuta hotsen erritmoan; eta pareko espaloietan turistak ere prozesioan, fededun zein fedegabe baina turista, euren gorputzaren gehiena kalerantz okertuta, txanodunei bizkarra ematen, eta mugikorra esku luzatuaren goian jarrita, klik! Hara! Beste selfie bat. Dezimetro batzuk harago beste turista bat ere selfie bat egiten dago, baina bere sakelakoa haga hedagarri luze baten puntan jarrita, hain luze non hedatzean ondoko zuhaitz adarreko habia bota duen. Egia esan, ez dakit zergatik euskaldun batzuk tematzen diren mugikorrari sakelakoa esaten, azken finean telefono horren bizitzan segundo bat bera ere ez dago sakelan sartuta! Tira, telefonoa esatea ere! Zeinek hitz egiten du gaur-gaurkoz aparatu horretatik? Amen. Hor doaz, txanodunak, tipi-tapa, nork bere santuaren zamari eusten esku batekin, eta kapa barruko bestearen hatz puntekin teklak sakatzen…

Ez dut gustuko santua dena, susmagarri egiten zait eta. Fede falta, seguruenik. Edo arima inoiz ez izanaren ondorio, Jainkoak baleki! Edo troikaz jantzitako hirutasun santua hortxe dagoelako. Edo gerra santuak direlako, Jainkoarren! Horixe nire kalbarioa egunotan! Aberri Eguna ospatzeak ere ez nau betetzen, prozesioz. Ikusiak ditut hurrekoek eta urrunekoek okasiorako kaleratu agiriak. Buru bakoitzak bere lepoa. Normala, lepoetan dago ezbaia, burua osagarria dela. Zein erraza den egunari leloa jartzea! Herriz herri, Aberri! Harriz harri, Harrobi! Orriz orri, Bidaia-orri! Enfin, banoa baten bat gurutziltzatzera, iltzeak iraungitzear ditut eta! Amen.