GARA
GASTEIZ

«De Miguel auziko» epailearen ondorioen kontra egin du Egibarrek

«De Miguel auziko» epaileak aurreko legealdian martxan jarri zen ikerketa batzordeak ateratako ondorioen %80 kopiatu dituela adierazi zuen atzo GBBko presidenteak. Epaileak 26 pertsona inputatu ditu auzi horretan, horien artean EAJko hainbat goi-kargudun ohi.

“De Miguel auziko” epaile Roberto Ramosek bere autoan Legebiltzarrean martxan jarri zen ikerketa batzordeak ondorioztatu zuenaren %80 kopiatu duela salatu zuen atzo Gipuzkoa Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek, ondorio horiek izaera politikoa dutela ohartarazita.

Egibarren hitzetan, epaileak martxoan argitaratutako autoak hiru ondorio ditu. Lehenengo bietan «EAJ ez dela era irregularrean finantzatu eta legez kontrako aberasterik ez dela egon» argi geratzen dela adierazi du jelkideak.

Alta, hirugarren ondorioan epaileak Gasteizko Legebiltzarrak esandakoa «hitzez hitz» kopiatu duela esan zuen Egibarrek. «Hiru urte pasa ondoren, Kultura Sailarekin zerikusia duten zatiak autoan eta batzordearen ondorioetan berdinak izatea deigarria da», gaineratu zuen Radio Euskadin.

«Gertatutakoa argitu beharrean garrantzitsuena auzia irekita mantentzea dela dirudi. Izan ere, epaiketa hastean gaia jorratuko dugu berriro», salatu zuen EAJko bozeramaileak eta bere alderdiak legez kontra egindako operaziorik ez duela burutu ziurtatu zuen.

Ramosek 26 pertsona inputatu dituela, tartean Arabako EAJko hainbat goi-kargudun ohi, gogoratu beharra dago. Guztira hamaika delitu leporatzen dizkie, dirua zuritzea eta funts publikoak bidegabe erabiltzea, esaterako. Izan ere, ustez legez kanpoko komisioak kobratzen zituen sare bat ikertu du.

Alfredo de Miguel foru diputatuaz gain, Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Arabako EAJko kide ohiak; Gurutz Larrañaga eta Xabier Sanchez, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren Gobernuko kide ohiak; eta Julian Sanchez eta Alfonso Arriola, EAEko teknologia parkeen sareko buruzagi ohiak inputatu ditu Gasteizko 4. Instrukzio Epaitegiko arduradunak.

Bidegin, «koldarkeria»

Bestetik, Egibarrek Sorturi «koldarkeriaz jokatzea» leporatu dio «Bidegi auzia»ren harira, argudio nahasia erabiliz. Batzar Nagusietan beste alderdietako ordezkariak hizlari izan direla, eta ez Sortukoak, nabarmendu du. EAko Iban Asenjo izan da EH Bilduren bozeramaile afera honetan eta nonbait hori susmagarri egiten zaio Egibarri.

Bere iritziz, gaitzespen hori Bilduk eta PPk burututako «mendekuaren» emaitza da. «Koalizioak boterea galtzeko arriskua ikusten duelako, eta PP etsita dagoelako», adierazi zuen atzo GBBko presidenteak .