SARA

Iraganari behakoa emanda etorkizunari zabaldu dizkio ateak Idazleen Biltzarrak

Euskal Herrian herri politik baldin bada, horietako bat da Sara. Eta eguraldi ederrarekin, oraino, ederrago ageri da bistara. Atzo, herriko kiroldegian izan zen 32. Idazleen Biltzarrak distira handiagoa ezarri zion edertasun horri.

Jean Michel Garat, biltzarraren arduraduna, pozik zen: «Edizio arrakastatsua izan da. Goizetik eguerdira bitarte jende anitz ukan dugu, baita arratsaldeko lehen orduetatik goiti ere; urtetik urtera gorantz doa kopurua, ez publikoarena soilik, baita idazleena ere. Aurten 125 izan ditugu orotara. Etorkizun oparo bati ateak zabaltzen dizkio horrek». Lehen Mundu Gerra zeukan ardatz aurtengo edizioak, eta gaiari lotutako liburuak aurkeztu zituzten Patri Urkizuk eta Eneko Bidegainek goizean.

Jean Baptiste Etcharrenek, aldiz, “Un drôle de temps, Souvenirs de jeunesse”, Lehen zein Bigarren Mundu Gerra oinarri dituen gaztaroko oroitzapenak idatzi ditu 86 urteko garaztarrak. Argazkiekin, dokumentuekin eta mapekin osatu zuten “Zer gelditzen da Gerla Handiaz?” erakusketa, egun osoan ikusgai izan zena.

Argitaletxe anitz ziren bertan, Ipar Euskal Herrikoak gehienak, Maiatz esate baterako: «Gure lanen bizkarrezurra den aldizkariaren 60. alea aurkezten dugu, Joseba Aurkenerenaren ‘Kaskarin baten kontakizunak’, Pierre Mestroten polizia nobela bat, Eric Dicharryren ‘After Banksy’, underground itxura duen argazki eta testu lan bat... horiek dira gure fruitu berriak», azaldu zigun Luzien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko arduradunak.

Elkar argitaletxeko Peio Etxeberri-Aintxart, aldiz, honela mintzatu zen: «Guk lau liburu berri ekarri ditugu, bi frantsesez eta bi euskaraz, eta bereziki harro gara Anuntxi Arana luiaondoarraren ‘Hilak’ gure artean liburuaz, frogatzen baita posible dela euskaraz gai berezi bati buruz aritzea, puntako azterketak egitea, eta Iparraldean gainera».