EDITORIALA
EDITORIALA

Sarako Biltzarra, zerbaiten erakusle

Udazken hondarrean euskal literaturaren, euskal kulturaren agerpen nagusia izaten da Durangon. Baina ez bakarra. Horren lekukoa da udaberri hasierako Sarako Idazleen Biltzarra, 32 urtez egin duen ibilbide oparoak herri honetako kulturaren bilgune garrantzitsua bilakatu duena. Ehundik gora idazle, esperientziadunak zein hasiberriak, Euskal Herrian bizi direnak edo Euskal Herriaz idazten dutenak, elkartu ziren atzo Sarako kiroldegian. Horiekin batera, Euskal Herri osoko hainbat argitaletxe eta kultur elkarte. Eta, noski, irakurleak edo bisitari soilak trumilka ibili ziren, urtetik urtera beren kopurua emendatuz, Sarakoa euskal literaturaren, euskal kulturaren urteroko baitezpadako hitzordua bilakatua dela erakutsirik. Ez da Durangoko Azoka, ekimen xumeagoa baizik; halere, ezin erran tipia dela, ez garrantzian, bederen.

Sarako Idazleen Biltzarrak badu tradizioa, hortaz, eta euskal literatur tradizioaren ikur nagusietarik den herri horretan ospatzeak xarma berezia ematen dio. Duela lau mende Sarako Eskola literatur mugimendua sortu zelarik, euskal idazleak guti ziren; alta, haien lana ez zen nolanahikoa izan, eta haren jarraipenak egun arte iraun du. Emaitzak agerian ziren atzo Saran. Noiznahi. Garrantzitsua izanagatik, Sarakoa ez da Ipar Euskal Herriko literatur bilgune bakarra, lehena baizik. Izan ere, heldu den igandean, Senperen, Hatsaren Poesia izeneko ekitaldia eginen dute; maiatzean, Baionan, “Maiatz” aldizkariak antolatu Literatur Solasaldiak, eta horiek badira zerbaiten erakusle.

Ipar Euskal Herria ez da batzuetan erakutsi nahi izan duten argazki turistiko hutsa, ez da bere hizkuntza eta kultura hiltzera utzi duen herria. Aitzitik, etengabe hizkuntza eta kultura horien kontrako erasoak pairaturik, bere ondarea eta herri gisa garatzeko horiek babesten dizkion instituziorik gabe, bere izana atxikitzen duen herria da, baina aitzinera beha. Ez da dudarik, euskal kultura, Euskal Herria, bizirik dago Pirinioez haratago, eta Sarako atzoko hitzordua horren erakusle da. Bertze bat.