Joxean AGIRRE
DONOSTIA
Elkarrizketa
IBON SARASOLA
LEXIKOLOGOA ETA EUSKALTZAINA

«Erabilera ponderatuak agindu behar du, ez zuzentasunak»

Aurki egingo ditu 70 urte eta unibertsitateko lankideek goratzarre liburua oparitu diote. Gisako ekitaldietan ohikoa dominak eskegi eta txaloak eskertzea izaten da. Sarasola ezberdina da, ordea. Azken hogei urteotako lexikologian oinarrizko izan diren irizpideak hankaz gora jarri zituen «Gora ‘domeinu’! Gora ‘emendakin’! Eta gora ‘likidezia’!» bukatu zuen hitzaldi laburrarekin.

Koldo Mitxelenaren ondoren euskal lexikografian eraginik handiena izan duen hizkuntzalaria da zalantzarik gabe. Haren lanak euskara zuzentzaileen esku-liburu izan dira eta izango dira aurrerantzean ere, bukatzen ari den “Egungo Euskararen Hiztegia”, esate baterako. Ikuspuntu aldaketa nabarmen bat ezarri nahi izan du, ordea. «Zuzentasunaren irizpideak ez du balio inongo hizkuntzatan, erabilerak baizik», dio irmotasun handiz. Karlos Santamaria eraikineko liburutegian aurkitu dugu lanean mahai arrunt batean, isiltasunean, edozein ikasleren pare.

Berehala komentatuko dugu martxoaren 13ko goratzarrean irakurri zenuen mezua. Baina ekitaldiak berak, EHUko Euskara Institutuak antolatu zuen goratzarreak alegia, ez al zuen euskaltzain «galtzaileen» bilkura baten itxura?

Horrelako goratzarreak ohikoak dira unibertsitatean. Norbaitek bere onenak eman dituela ikusten dutenean lankideek goratzarre artikuluak liburu batean biltzen dizkiote. Beñat Oihartzabali egin zitzaion eta Patxi Goenagari ere bai. Euskaltzaindiko galtzaileak bildu ginela? Bada, bai, seguru asko. Are gehiago esango nuke: galtzaileen kofradia bildu izanak halako bultzada bat eman ziola esango nuke.

Zure mezua izan da, dena den, hautsak harrotu dituena. Euskara zuzentzaile askoren esku-liburu izan den zeure «Euskara batuaren ajeak» lanaren balioa bera zalantzan jarri zenuen. «Zuzentasuna ez da bidea, erabilera baizik. Erabilerak agintzen du eta men egin behar diogu» eta gisakoak bota zenituen.

Esaldi horiek testuinguru zabalago batean jarri behar dira. Bi euskalki ikusten nituen nik “Ajeak” idatzi nuenean, bata Iparraldekoa, frantsesak kutsatua, eta Hegoaldekoa bestea, gazteleraren mende. Biek elkar ulertzeko moduko lexiko bat aurkitzen saiatu nintzen eta horretan ari da Euskaltzaindia ere “Hiztegi Batua”-rekin. Orain, ordea, “Egungo Euskararen Hiztegia” egiten ari naiz eta “Egungo Testuen Corpusa” osatzen ari gara, 205 milioi hitz (bakoitza esaldi baten barruan) biltzen dituen materiala, literatura eta prentsa, “Goenkale” osoa barne, jasoz. Hitz horiek bata bestearen atzetik irakurtzen hasi eta ohartzen naiz zenbat espainolkada eta gaizki eratutako zenbat hitz dauden. Egoera horren aurrean bi bide bakarrik daude: edo heroiarena egiten hasten gara eta uholde horri aurre egiten xahutzen ditugu indarrak edo neurri handi batean bederen amore ematen ikasi behar dugu, hori baita bizirik ateratzeko dugun aukera bakarra. “Domeinu” hitza ez da zuzena izango, baina mundu guztiak erabiltzen du. Zuzentasunaren irizpideak ez du balio inongo hizkuntzatan. Gure inguruko hizkuntzak gaizki eratutako hitzez beteta daude. Lexiko zientifikoa bera fikziozko greziera batean oinarritzen da. “Electrón” burugabekeria bat da. “Electricidad” edo “aviación”, berdin. Mundua horrela baldin badabil, zer egingo diogu? “Likidezia” gaizki dagoela? Ezin ditugu horretan indarrak galdu. Hizkuntzek aldatzeko joerarik ez balute, Europa erdiak latinez hitz egiten jarraituko zukeen.

Ikuspuntu aldaketa bat proposatzen duzu, beraz?

Bai, hala da. Erabilerari men egin behar diogula diodanean, ondo idazten dutenen erabilerari esan nahi dut, erabilera ponderatuaz ari naiz, orain dela bi aste idazten hasi den euskaldun berriak eta idazle on batek ez baitute pisu bera.

Erabileraren portzentajeak Hegoaldean handiagoak direla kontuan izanik, ez al dago mugaz bi aldeen arteko leizea zabaltzen joateko arriskurik?

Nik ere hala uste nuen, baina kontrako joerak ere ikusten ditut. Ikastolek egiten duten lanari esker lexikoan halako batasun bat ari da sortzen. Iparraldeko haur batek «gaur nire zorionak dira» esango du edo ETBko berriemaileak nik gorroto nuen “emendakin” hitza erabiliko du “zuzenketa” hitzaren ordez. Batasun hori Hegoaldeko lexikoaren gainean ari gara egiten, hori badakit, baina ezin gaitezke horren kontra borrokan hasi. Gauza bat dago argi: gero eta harreman estuagoak daude Iparraldearen eta Hegoaldearen artean eta lexiko komun bat sortzen ari da.

Zure ikuspuntu aldaketa justifikatzeko beste bi arrazoi ere aipatu dituzu: lehen gutxi ginen eta errazago zen «krokodilo» idatzi behar zela onarraraztea. Orain asko gara eta ezinezkoa da. Eta, bestetik, gaurko akademiek ez dutela pontifikatzen esan duzu.

Bigarrenarekin hasiko naiz, lehena begi bistakoa delako. Euskaltzaindiak euskara batua egin zuen eta oso ondo egin zuen, Villasante eta Mitxelena tandemari esker. Asturiasko akademiak ez du lortu, Galiziakoa hiru eredurekin ari da, katalanek gerra aurretik egin zuten, Frisian ezin dute. Euskaltzaindiarena balentria bat izan zuen Europan. Eta puntu. Hemendik aurrera, ordea, beste akademiek bezala funtzionatu behar dugu. Ingelesek ez dute akademiarik. Alemanek ere ez. Alemania, Suitza eta Austriako aleman hizkuntzaz arduratzen den talde bat bada. Orain hogei urte aldaketa ortografiko bat proposatu zuen eta ez zen aurrera atera. Beren egitekoa da gauza bat ez dagoela txukun esatea, baina ezin dute gehiagorik egin. Ni bukatzen ari naizen hiztegian erabilerari begiratzen diot, hitz hau idazle hauek horrela erabiltzen dutela diot.

Zure diskurtsoa nondik nora doan ikusita, ez dago arriskurik euskararen norabidea markatuko duten bi erakunde edo bi eragile eratzeko, bizefalia bat sortzeko, bakoitza bere corpus eta baliabideekin?

Ez dut uste. Euskaltzaindia hiztegi normatiboa ari da egiten eta nire “Egungo Euskararen Hiztegia” deskriptiboa da. Egindakoa sarean dago eta bukatzen ari gara. Hitz bakoitzaren deskripzioaren barruan, noski, komentarioak egiten ditut. Pentsatzen dut, hori bai, hiztegi normatiboak atzetik hiztegi deskriptibo on bat behar dela.

Zuk Kataluniarekin harreman berezia izan duzu. Zer erakutsi dizu herrialde hark?

Hizkuntza naziotasunaren bizkar-hezurra dela erakutsi didate, hemen ez bezala, nahiz eta hemen ere gero eta garrantzia gehiago duen hizkuntzak. Gehiago dira, serioagoak dira, oso ondo egiten dute lan, 300 urteko unibertsitate bat dute. Prozesu politikoa interes izugarriarekin jarraitzen ari naiz eta hor sekulako aldaketa ikusi dut. Harrigarria da PSCko zenbat jende bihurtu den independentista.

 

Hogei urte Mitxelenaren esku-mutil

Aita errezildarra eta ama azpeitiarra ditu eta umetan etxean azpeitiarrez egiten zuten. Donostian ez zegoen euskal girorik eta ostiral arratsaldetan Elbira Zipitriarengana bidaltzen zituzten dozena bat ume, familia abertzaleetakoak, eta Txomin Agirreren “Garoa” irakurtzen zuten.

Ingeniaritza ikasten ari zela alfabetatu zen eta “Zeruko Argia” aldizkarian, esate baterako, Saizarbitoriak gidatzen zuen “Gazte naiz” sailean idatzi zuen, Lur argitaletxea jarri zuten martxan, “Jon eta Jone zigarroa erretzen” nobela labur bezain ederra idatzi zuen («nobela lodiago baten enbrioia izan zen», dio), baina berea beste bide bat zela erabaki zuen, izan ere, Ibonen etxean denek dute zenbakietarako joera. «Nik Ingeniaritza egin eta Filologian bukatu nuen, baina anaiak Ekonomia ikasi zuen eta Matematikako irakaslea da, arreba batek Fisika ikasi eta Matematikak erakutsi ditu bizitza osoan eta bigarren arrebak Matematikak ikasi eta horretan egin du lan».

Euskal literaturaren historia soziala idazten ari zela ohartu zen hura argitaratzea ezinezkoa zela eta entsegu batean laburbildu zuen. Koldo Mitxelenari gustatu egin zitzaion eta deitu zion bere proiektu erraldoian lan egiteko. Zapata kaxetan fitxak pilatuz ari zen “Orotarikoa” egiten. Ibonek informatikaren ateak zabaldu zizkion. Hogei bat urte eman zituzten elkarrekin, horietatik bat ondoko gelan lo eginez, Salamancan. Mitxelena hiltzean, 1987an, maisuak diseinatutako egitasmoaren zuzendaritza hartu zuen eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomora joatea erabaki zuen, lan egiteko bake gehiago izango zuelakoan. Handik 11 urtera, 1998an, Pello Salaburuk ekarri zuen EHUra, Donostian eratzen ari ziren Euskara Institutuan lan egitera (“Egungo Testuen Corpusa”, “Ereduzko Prosa Dinamikoa” eta hiztegiak egin ditu). Euskaltzaindian “Orotarikoa” bukatu eta “Euskaltzaindiaren Hiztegia”-ren lehen tomoa zuzendu zuen eta kargua utzi zuen Gramatika Batzordekoekiko elkartasunez. «Eta Euskaltzaindiko gaurko zuzendaritzaren kontra nengoelako ere bai», dio.

Kataluniarekin harreman berezia du. Katalana batekin ezkondu zen, eta, orain banaturik bizi badira ere (bakoitza seme banarekin bizi da), katalanez hitz egiten dute elkarren artean eta semeek amarekin. «Emazteak euskara ikasi zuen eta ordubete egiten genuen egunero euskaraz entrenatzeko, baina bestela katalanez egin izan dugu beti», dio. Kataluniako prozesuari buruz orduak eman ditzake hizketan. Hilero joaten da egun batzuk pasatzera.J.A.